Jazzaren historian oso pertsona gutxik bizi izan dute Samara Joyrena bezalako igoera bizkorra, eta are gutxiago hain gazte izanda. 26 urte besterik ez dituela, bikaina da orain arte egin duen ibilbidea.
Bost Grammy sariren irabazle, Best New Artist saria barne, lehen mailako presentzia bihurtu da Joy, eta pop izar handiei dagokien ikusgarritasuna lortu du. Maila gailen horrek telebista-kate nagusietara eta belaunaldi berriekin konektatzera eraman du, TikTok bezalako plataformen bitartez. Bere emanaldien historiala ikusi besterik ez dago: Newport, Monterey eta Montreal bezalako jaialdi mitikoak, eta Apollo, Carnegie Hall, Village Vanguard eta Jazz at Lincoln Center bezalako agertoki ikonikoak.
Bronxeko Castle Hill auzoan jaioa, musikaz inguratuta hazi zen. Bere aitona-amonek, Elder Goldwirek eta Ruth McLendonek, Filadelfiako The Savettes gospel taldea lideratu zuten, eta bere aita, Antonio McLendon musikari eta konpositorea, Andraé Crouchekin birak egin eta bere errepertorio propioa grabatu zuen. Txikitan R&B klasikoarekin maitemindu zen eta elizako gospel koruan trebatu zuen ahotsa. Geroago, nerabezaroan, Jazza deskubritu zuen Fordham High School for the Arts-en. Bertan, Bokalista Onenaren saria irabazi zuen Jazz at Lincoln Center's Essentially Ellington lehiaketa ospetsuan. 2019an, Sarah Vaughan International Jazz Vocal Competition saria irabazi zuen, eszena profesionalera behin betiko eraman zuen inflexio-puntua.
Bere aurreneko diskoak, Samara Joyk (2021), kritika konkistatu zuen errepertorio klasikoari zuzendutako begirada iradokitzaileagatik eta aparteko ulermen musikalagatik. 2022an Linger Awhile kaleratu zuen, askotariko obrak berrinterpretatzeko duen talentua berretsi zuen lana. Urte horretan bertan, Grammy saria irabazi zuen Best New Artist kategorian. 2023aren amaieran A Joyful Holiday kaleratu zuen, gabon-kantekin osatutako EPa. Disko honek bira arrakastatsuak ekarri zizkion, baita beste bi Grammy ere 2025ean: Best Jazz Vocal Album eta Best Jazz Performance.
Samara Joyk bere horizonte artistikoa zabaltzen jarraitu du Portraitekin (2024), lider eta artista gisa izan duen hazkundea islatzen duen lana. Bere konposizioen artean, ?Reincarnation of a Lovebird? hunkigarria nabarmentzen da, maitasunaren eta anbizioaren arteko elkarrizketa, Charles Mingusen inspiratua; eta ?You Stepped Out of a Dream? eta ?Autumn Nocturne? bezalako estandarren irakurketa berriak.
Disko bakoitzarekin, kolaborazio bakoitzarekin, emanaldi bakoitzarekin, Samara Joyk irmotu egiten du bere maila Jazzaren izarrartean eta estandarren interprete gisa, Sarah Vaughan, Betty Carter, Abbey Lincoln edo Carmen McRae bezalako figuren ondarea gogora ekarrita.

