Uztailaren 22an, LP arituko da, “Lost On You” kantu arrakastatsuaren egile eta interpretea, nazioarteko ibilbide sendoarekin. Gau berean, ETS igoko da oholtzara, gaur egungo euskal talde ezagunenetako bat, hondartza bera ere txiki gera dakiokeen jarraitzaile kopuruarekin.
Uztailaren 23an, Danielle Nicole blues modernoaren ordezkari indartsua eta baxu-jotzaile eta abeslari aparta ariko da; ondoren, Ibibio Sound Machine talde londrestarrak, Eno Williamsen gidaritzapean, Afrikako sustraiak eta elektropopa uztartuko ditu giro dantzagarri eta kosmopolita batean.
Uztailaren 24an, Kokoshca iruindarrek beren rock zuzen eta eranskorra ekarriko dute, eta gaua Emma-Jean Thackray multiinstrumentista eta konpositore britainiarrak itxiko du; azken honek 2025eko disko aipagarrienetako bat argitaratu du Britainia Handian, jazz, soul eta elektronikaren arteko mugak lausotuz.
Uztailaren 25ean, Nøgen taldeak —hamargarren urteurreneko ospakizun arrakastatsuaren ostean— eta HOFE proiektu urbano eta sortzaileak emango diote amaiera Keler Guneko programazioari.
Jazz Band Ball: doako eskaintza zabala uztailaren 22an
Uztailaren 22an bertan, Jazz Band Ball egitasmoak beste lau kontzertu doako eskainiko ditu Kursaaleko terrazetan. Frigo Gunean eta Fnac Gunean izango dira saioak.
Marco Mezquida pianista maiteak bere hirukotearekin aurkeztuko du Tāctil lana; Annie & The Caldwells taldeak, Estatu Batuetako hegoaldetik, sustraietako gospel bizia ekarriko du; Quinteto Astor Piazzolla-k konpositore argentinar handiaren ondarea zabalduko du; eta Lisa Ono abeslari brasildar-japoniarrak bossa nova eta Hego Amerikako musikaren doinuak ekarriko ditu.
Horrela, Keler Guneak eta Jazz Band Ballek 61. Jazzaldia ospakizun handi eta irekia bihurtuko dute: jazzaren izpiritutik abiatuta, bluesa, popa, rocka eta munduko musikak elkartuko dira itsasoaren ertzean, publiko guztientzako sarbide librearekin.

