Durangoko Ezkurdi aretoak ez du atsedenik hartuko uda honetan. Durangaldeko Artisten Elkarteak antolatutako bi erakusketari esker, arte plastikoek presentzia izango dute uztailean eta abuztuan ere. Bi proposamenak aretoko leihoetatik ikusi ahal izango dira, kaletik bertatik, oinezkoek zein bisitariek eguneko edozein unetan gozatzeko moduan.
Lehen erakusketa uztailaren 24tik abuztuaren 2ra egongo da ikusgai. Elkartearen kartel historikoen atzera begirakoak urteotan antolatutako jarduera eta ekimen askoren irudia berreskuratuko du, haren ibilbide artistiko eta kulturalaren zati bat gogora ekarriz.
Abuztuaren 7tik 30era, berriz, Durangaldeko Haitzak / Peñas del Duranguesado erakusketak hartuko du lekukoa. Bertan, La Cuadri del Hospi 2025 ekimenaren harira eskualdeko peñek sortutako horma-irudi solidarioa egongo da ikusgai. Durangaldeko mendi ezagunenetan inspiratutako lan kolektiboak elkartasuna eta sormen artistikoa uztartzen ditu.
Udako egitarau honekin, Durangaldeko Artisten Elkarteak Ezkurdi aretoa bizirik mantentzen du urteko sasoi honetan ere. Arte plastikoen zabalkundearen alde egiten duen lanari jarraipena emateaz gain, erakusketak kalera irekitzen ditu, herritarrek arteaz modu hurbil eta irisgarrian gozatzeko aukera izan dezaten.

