Guggenheim Bilbao Museoak Pipilotti Rist. Ever is Over All erakusketa hartuko du urriaren 1etik 2027ko urtarrilaren 17ra. Pipilotti Rist artista suitzarraren (Grabs, 1962) lanik ezagunenetako bati eskainitako erakusketa da, eta Mikel Onandiak komisariatu du. Aldi berean, Museoko Film & Video aretoaren programazioari amaiera emango dio, bideoarte garaikidearen historiako erreferentziazko piezetako baten bidez.
1997an Veneziako Bienalaren 47. edizioan aurkeztutako Ever is Over All lanak nazioarteko ospea ekarri zion artistari. Bideoa museoetan adierazpide artistiko autonomo gisa sendotzen ari zen garaian sortua, Risten ibilbidea zeharkatzen duten kezka estetiko, politiko eta sentsorialetako asko biltzen ditu.
Instalazioa bi bideo-proiekzio sinkronizatuk osatzen dute. Horietako batean, neska gazte bat Zuricheko kale batetik lasai paseatzen ikus daiteke, soineko urdin argia jantzita eta eskuan lore gorri handi bat daramala. Espaloitik aurrera egin ahala, aparkatutako autoen kristalak apurtzen ditu lorearekin. Bigarren proiekzioak, berriz, kolore biziz eta kamera-mugimendu dinamikoen bidez filmatutako loreen lehen planoak erakusten ditu.
Protagonistaren lasaitasunaren eta egiten duen ekintza bortitzaren arteko kontrastea obraren gakoetako bat da. Musikak, erritmo geldoak eta kolore saturatuek giro ia hipnotikoa sortzen dute, ikusleak pantailan gertatzen dena beste modu batean hauteman dezan. Une adierazgarrienetako batean, gaztea polizia-agente batekin gurutzatzen da, eta honek, zigortu beharrean, adeitasunez agurtzen du.
Horrela, edertasunarekin eta hauskortasunarekin lotu ohi den lorea ekintza tresna bihurtzen da. Ever is Over All lanak gorputz femeninoaren, boterearen, jabego pribatuaren eta espazio publikoaren inguruko galderak planteatzen ditu, baita ibilgailu pribatuak hiri-ingurunean eta ingurumenean duen eraginari buruzkoak ere.
Bideoaren eta esperientzia murgiltzailearen artean
Pipilotti Rist 1980ko hamarkadan hasi zen bideoarekin lanean, eta berehala lortu zuen ikusgarritasuna I’m Not the Girl Who Misses Much (1986) bezalako lanekin. Hurrengo urteetan bere lengoaia propioa sendotu zuen Pickelporno (1992) eta Sip My Ocean (1996) piezen bidez, kolore bizien erabileran eta esperientzia sentsorialean oinarritutako ikus-entzunezko proposamena garatuz.
Ever is Over All lanak 1997ko Veneziako Bienalean jaso zuen aintzatespenak bere nazioarteko ibilbidean mugarri bat ezarri zuen. Harrezkero, Ristek bideoaren aukerak espazio publikoetara eta eskala handiko instalazio murgiltzaileetara zabaldu ditu. Open My Glade (2000) Times Squareko pantaila erraldoian proiektatu zuten, eta 2005ean Suitzaren ordezkari izan zen Veneziako Bienalean. New Yorkeko MoMAn ere erakusketa garrantzitsuak aurkeztu ditu, eta azken urteetan nazioarteko presentzia handia izan du New Yorken, Dohan eta Hong Kongen.
Ibilbide horrek Pipilotti Rist bideoarte garaikidearen figura nagusietako bat bihurtu du. Bere lanak irudiaren eta musikaren arteko harremanak esploratzen jarraitu du, ikuslea pantailaren aurrean kokatu beharrean ingurune artistikoaren barruan murgiltzeko moduak bilatuz.
Erakusketaren inaugurazioarekin batera, urriaren 1ean, Mikel Onandia komisarioak hitzaldi bat eskainiko du Ever is Over All obraren testuinguruan eta gako nagusietan sakontzeko.

