IDartek bi aukera eskaintzen dizkie Goi Mailako Arte Ikasketetako Graduren batean sartu nahi duten ikasleei: Barne Diseinua eta Diseinu Grafikoa. Goi mailako heziketa zikloetan, hiru dira aukerak: Animazioa, Argazkigintza eta Ilustrazioa. Bost espezialitate horiek aukera egokiak dira diseinuan eta artean interesa duten ikasleentzat, diseinuarekin, sorkuntzarekin eta kulturarekin lotutako sektore profesionaletan lan egin nahi dutenentzat.
IDarteko ikasketek ikasleak gaitzen dituzte industria sortzaileen eta diseinuaren sektorean aukera zabala lantzeko, eta hori erraztu egiten da espezialitate guztiak barne hartzen dituen praktika-programa zabal batean parte hartzen dutelako: barne-diseinua, diseinu grafikoa, ilustrazioa, animazioa eta argazkia.
Sarrera probetarako izen-ematea maiatzaren 15eko 13:00ak arte egin ahal izango da Ikasgunearen bitartez. Sarrera probak maiatzaren 23an izango dira IDarteren Gasteizko egoitzan. Behin-behineko emaitzak ekainaren 3an jakinaraziko dira eta behin betikoak ekainaren 5ean.
Maiatzaren 1etik ekainaren 7ra bitartean eskatu ahal izango da IDarten ikasteko plaza. Behin baldintzak egiaztatuta, matrikula ekainaren 11n hasiko da.
Prestakuntza akademikoaz harago, IDarte esparru profesional eta kulturalarekin duen lotura zuzenagatik nabarmentzen da. Horren adibide da Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian (ZINEBI) izandako parte-hartzea. Bertan, Animazio zikloko ikasleek Beautiful Docks sailaren gortina ofiziala sortzen lagundu zuten, stop motion eta pixilation teknikak landuz, sektoreko profesionalekin batera.
Era berean, zentroak diziplina arteko proiektuak ditu beste erakunde batzuekin, hala nola Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioarekiko lankidetza. Ekimen honetan, Argazkigintza eta Dantzako ikasleek elkarrekin garatzen dituzte erretratua, mugimendua eta sorkuntza eszenikoa uztartzen dituzten saio profesionalak, ikasleen proiekzio artistikorako material erabilgarria sortuz eta diziplinen arteko elkarrizketa sustatuz.
Horrez gain, zentroan sortutako talentua nazioartean aintzatetsi dute. IF Design Student Awards 2026 shortlist-ek bi proiektu saritu dituzte mundu osoko milaka proposamenen artean. S@RTU proiektua, The Space Where Art Unites Cultures, Barne Diseinuko Gradu Amaierako Lan gisa garatua, IF Design Student Awards 2026 entzutetsuen shortlist-ean hautatu dute, mundu osoko milaka proposamenen artean. Proiektu honek topagune eta sormen-gune bat planteatzen du, non arteak kulturen arteko elementu integratzaile gisa jokatzen duen, IDarteko ikasleek erronka garaikideei diseinutik heltzeko duten gaitasuna islatuz. Bestalde, LOCUI proiektua, Diseinu Grafikoaren espezialitatekoa, ikusizko tresnen bidez ideiak eta emozioak komunikatzea erraztera bideratuta dago.
Prestakuntza espezializatua, esperientzia praktikoa eta nazioarteko proiekzioa uztartuta, IDarte erreferentziako zentro gisa finkatu da Euskadin, diseinuaren eta ikusizko arteen arloan.

