ARTEA
Testua: Kmon

ACUTE (AZKUNA ZENTROA)
Azkuna Zentroa
Azkuna Zentroak ACuTe proiektuaren emaitzak aurkeztu ditu, arte eszenikoen eta teknologiaren arteko lau urteko berrikuntzaren ondoren
2026-03-13
Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao-k amaiera eman dio ACuTe. Culture Testbeds for Performing Arts and New Technology proiektu europarrari, arte eszenikoen eta berrikuntza teknologikoaren arteko harremana aztertzen lau urtez aritu ondoren. Egitasmoaren emaitza nagusietako bat ACuTe Casebook – Digital Theatre argitalpena da, proiektuan parte hartu duten erakundeen esperientziak eta ondorioak biltzen dituen jardunbide egokien eskuliburua.

Europa Sortzailearen programaren barruan garatutako ekimenak hamar herrialdetako 14 erakunde bildu ditu 2022tik 2026ra, arte eszenikoek aro digitalean izan dezaketen bilakaera berrirudikatzeko. Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao izan da Estatuko zentro bakarra partzuergoan, eta bertan parte hartu dute nazioarteko erreferentziazko erakundeek ere, hala nola Ars Electronica edo European Theatre Convention, Europako antzoki publikoen sare nagusiak.

Proiektuak esperimentazio artistikoa eta berrikuntza teknologikoa uztartu ditu, eszenaren barruan errealitate birtuala, bideojokoen narratibak, animazioa, proiekzio digitalak edo geokodifikazioa bezalako baliabideak integratzeko. Helburua teknologia horiek zuzeneko arteen narratiban, sormen-prozesuan eta ekoizpenean funtsezko elementu bihurtzea izan da. Halaber, egitasmoak prozesuaren garrantzia azpimarratu du, ezagutzaren trukea eta esperimentazioa ezinbesteko tresnatzat hartuta dramaturgia, diseinu eszenikoa eta publikoaren parte-hartzea berritzeko.

Azkuna Zentroa, egoitza eta bazkide estrategikoa

Proiektuaren lau urteetan, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao bederatzi ekoizpen esperimental berrietatik lauren egoitza izan da. Det Norske Teatret Oslo, National Theatre Marin Sorescu de Craiova eta Schauspielhaus Graz bezalako antzokietako profesionalek Bilbon garatu dute beren sormen-prozesuen zati bat, teknologia berriak ikertu eta eszenan txertatzeko.

Zentroak, gainera, Peripheries Of Performing Arts & New Technologies Europako sinposioa antolatu zuen 2025eko maiatzean, sektore profesionalari zuzenduta. Topaketa horretan arte eszenikoen etorkizuna aztertu zen, bereziki digitalizazioaren, interaktibitatearen eta adimen artifizialaren erronka eta aukeren inguruan.

Bestalde, Europako Batzordearen laguntzarekin, zentroak Ziomara Hormaetxe koreografo eta interprete euskalaren arte eszenikoetako pieza esperimental baten ekoizpena sustatu du, ACuTe proiektuaren testuinguruan.

Antzerki digitalari buruzko eskuliburua

Egitasmoaren azken emaitza ACuTe Casebook – Digital Theatre argitalpena da, partzuergoa osatu duten 14 erakundeen esperientziak eta ondorioak biltzen dituena. Liburuak Europako hainbat testuingurutan garatutako praktika berritzaileak jasotzen ditu: esaterako, adimen artifiziala eszenako pertsonaia gisa erabiltzea, distopia digitaletan oinarritutako proiektuak, edo jasangarritasun energetikoarekin lotutako esperimentuak.

Argitalpenean, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao-k egoitza artistikoen espazio gisa izan duen esperientzia azaldu du. Zentroaren arabera, “estreinatu ondoko” egonaldiak sustatzea funtsezkoa da, gogoetarako, kritikarako eta lankidetzarako aukera ematen baitute, eta horrek lan artistikoen hobekuntza eta bilakaera errazten du. Prozesu horretan sortutako ezagutzek, gainera, kultura panoramari ekarpen zabalagoa egiten diote eta etorkizuneko sortzaile eta publikoentzat inspirazio bihurtzen dira.

Argitalpena European Theatre Convention-k editatu du eta Europako arte eszenikoetako sareko 80 kide baino gehiagoren artean banatu da. Liburua doan deskarga daiteke erakundearen webgunean.

Aurkezpena ACuTe Symposium topaketaren barruan egin da, proiektuaren azken jardunaldi gisa. Ekitaldia Oulun (Finlandia) ospatu da, 2026ko Europako kultura-hiriburuan, eta Oulu University of Applied Sciences (OAMK) erakundeak antolatu du, proiektuaren koordinatzaileak.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
AZKUNA ZENTROA
Azkuna Zentroa-k ‘Anónima’ erakusketa aurkezten du, Txuspo Poyo (Altsasu, Nafarroa, 1963) artista multidiziplinarraren lanari... (gehiago irakurri)
Valerie Miles / Durangoko Azoka
AZKUNA ZENTROA
Gutun Zuria Bilbaok 2026ko edizioan bi ibilbide eredugarri sarituko ditu: Gerediaga Elkartearena, euskal kulturaren funtsezko... (gehiago irakurri)
© Lucas Santos
AZKUNA ZENTROA
Dani Hernandez sortzaile eta performerrak Córdoba Drone pieza eszenikoa aurkeztu zuen Azkuna Zentroan - Alhóndiga Bilbaon. Da... (gehiago irakurri)
AZKUNA ZENTROA
Ana Laura Aláez (Bilbao, 1964) artistaren 'Todos los conciertos, todas las noches, todo vacío' erakusketa hartuko du Bilboko ... (gehiago irakurri)
AZKUNA ZENTROA
Bureau Veritasen COVID-19aren aurkako Global Safe Site ziurtapen-prozesua osatu eta gainditu du. Ziurtagiri horrek COVID-19ar... (gehiago irakurri)
AZKUNA ZENTROA
Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok Steve Paxton: Drafting Interior Techniques erakusketa aurkezten du, Culturgest Lisboarekin... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Edukien kudeatzailea Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago