Gutun Zuria Bilbao. Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiak 19. edizioa ospatuko du 2026ko otsailaren 24tik 28ra, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaon. Hitzaren inguruko diziplina anitzeko sorkuntzaren erreferente bihurtuta, jaialdiak literatura garaikideko hogei bat egile bilduko ditu, elkarrizketak, solasaldiak, masterclassak, tailerrak eta sorkuntza eta ekoizpen editorialaren inguruko topaketa profesionalak uztartzen dituen programazioarekin.
Aurtengo edizioan, BBK-k eta Azkuna Zentroak BBK Gutun Zuria Bilbao Ohorezko Saria emango diote Gerediaga Elkarteari, bere 60. urteurrenaren testuinguruan. 1965ean sortua, Bizkaian erregistratutako lehen kultur elkartea izan zen Gerediaga, eta hasieratik izan du helburu hurbileko ondare historiko eta kulturala zaindu, ikertu eta zabaltzea. Bere jardunak funtsezko zeregina izan du Durangaldeko bizitza kulturala egituratzeko, bereziki diktaduraren urteetan, eta gaur arte iritsi den proiektu bizi eta konprometitu gisa.
Gerediagaren ibilbidean bereziki nabarmentzen da Durangoko Azoka, Euskadiko kultur ekitaldi nagusietako bat. Hasieran euskarazko liburu eta disko ekoizpenari ikusgarritasuna emateko sortua, Azokak erresistentzia kulturalerako eta sorkuntzarako gune izaten jarraitu du, eta gaur egun euskal kulturaren urteroko topagune handiena da, belaunaldien arteko transmisioa eta ahots berrien agerpena bultzatuz.
Bestalde, BBK Gutun Zuria Bilbao 2026 saria Valerie Milesi (New York, 1963) emango zaio, nazioarteko literatur edizio garaikideko figura nabarmenetako bati. Literatura konparatuan doktorea, idazlea eta editorea, Granta en español aldizkariaren sortzailekidea eta zuzendaria da 2003tik. Bere ibilbidean zehar, sormen-lanaz gain, kultura-bitartekaritzan egindako lana nabarmendu da, hainbat egileren nazioarteko proiekzioa sustatuz eta literatura garaikidearen elkarrizketa globala indartuz.
Ohorezko sariak
Ohorezko sari hauek makila tradizionalaren bidez gauzatuko dira, errespetuaren eta aitortzaren sinbolo gisa. Horrez gain, saridunek gutun zuri bat jasoko dute, hurrengo ediziorako beren intereseko proiektu bat garatzeko aukera irudikatzen duena. Gerediaga Elkartea eta Valerie Miles aurreko urteetan saritutako izen garrantzitsuen zerrendara gehituko dira, eta horrela, Gutun Zuria Bilbaok literaturaren eta kulturaren aldeko ibilbide sendoak aitortzen jarraituko du.
Hitza ardatz, jaialdiak berriro ere zubiak eraikiko ditu idazten dutenen eta irakurtzen dutenen artean, literatura esperientzia intimoa izatetik bizipen kolektibo eta partekatu bihurtuz.

