ARTEA
Testua: Kmon

GLENDA LEÓN: ZUHAITZ BAT BASOAN ERORTZEN
Azkuna Zentroa
Glenda León artistaren bakarkako lehen erakusketa handia hartuko du Azkuna Zentroak Bilbon
2026-05-11
'Zuhaitz bat basoan erortzen da' erakusketak entzutea, isiltasuna eta gaur egungo gizartearen tentsioak izango ditu ardatz, argazkigintza, instalazioa, bideoa eta soinua uztartuz

Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaok datorren ekainaren 18an inauguratuko du Zuhaitz bat basoan erortzen da, Glenda León artista kubatarraren Bilboko bakarkako lehen erakusketa. Irailaren 27ra arte Erakusketa Aretoan ikusgai egongo den erakusketak nazioarteko proiekzio handiena duten artista latinoamerikarretako baten sormen unibertsoan murgiltzeko aukera eskainiko du. Bere lanak poesia bisuala, hausnarketa politikoa eta esperimentazio sentsoriala uztartzen ditu.

Fernando Pérezek, Glenda Leónek eta Iván de la Nuezek komisariatutako erakusketak hainbat diziplina elkartzen ditu, hala nola argazkigintza, pintura, bideo-sorkuntza, instalazioa edo soinua. Horien bidez, artistak gaur egungo bizitzaren tentsioak, natura sistema interkonektatu gisa ulertzeko moduak edo espiritualtasunaren aukerak jorratzen ditu XXI. mendearen lehen laurdena bete den honetan. Metafora eta lotura ustekabeen bidez, Leónek elkarren aurkakoak diruditen ideiak elkartu eta elkarren osagarri bihurtzen ditu.

Erakusketaren izenburua “Zuhaitz bat basoan erortzen bada eta hori entzuteko inor ez badago…” dilema filosofiko ezagunetik dator, errealitatearen eta pertzepzioaren arteko harremanari buruzko hausnarketa klasikotik, alegia. Ideia horretatik abiatuta, artistak gelditzeko eta entzuteko gonbita egiten du, zarataz eta estimuluz gainezka dagoen garai batean. Glenda Leónentzat isiltasuna ez da hutsunea, baizik eta normalean ikusezina dena agerian uzteko tresna aktiboa.

Horrenbestez, Zuhaitz bat basoan erortzen da erakusketak entzutea esperientzia estetiko eta politiko bihurtzen du. Eroritako zuhaitza gaur egungo gizartearen metafora gisa agertzen da, eta ingurunearekiko, gorputzarekiko eta memoria kolektiboarekiko arreta berritu baterako deia egiten du. Erakusketak, gainera, errealitatea hautemateko dugun modua zalantzan jartzen du, ikusgai ez dagoenari erreparatzeko gonbidapena eginez.

 

Hainbat hizkuntza desberdin

Glenda Leónen lanaren ezaugarri nabarmenetako bat hizkuntza artistiko ezberdinen arteko loturak sortzeko duen gaitasuna da. Bere piezetan musika, literatura, dantza eta irudi garaikidea modu naturalean gurutzatzen dira. Aldi berean, umore sotila, ironia fina eta erreferentzia kultural ugari uztartzen ditu, diskurtso astunak saihestuz eta dimentsio poetikoa galdu gabe.

Bilbon egingo duen lehen bakarkako erakusketa izango den arren, ez da Azkuna Zentroan bere lana erakusten duen lehen aldia. 2019an Nunca real / Siempre verdadero erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, artearen eta hitzaren arteko harremanak aztertzen zituen proiektuan.

Habanan 1976an jaiotako Glenda León Habanan eta Madrilen bizi eta lan egiten du gaur egun. Artearen Historian lizentziaduna da Habanako Unibertsitatean eta Alemanian hedabide berrietan espezializatu zen ondoren. Bere ibilbidean Europa, Amerika eta Asiako museo eta arte-zentroetan banakako eta taldeko erakusketak egin ditu. Besteak beste, Kubaren ordezkari izan zen Veneziako 55. Bienalean, eta Dakarreko Bienalean, Habanako Bienalean edo Japoniako Aichiko Hirurtekoan parte hartu du.

Bere ibilbidean zehar hainbat sari eta aitortza jaso ditu, hala nola Pollock-Krasner Foundation Grant, Pilar Juncosa Bienalaren eta Sotheby’sen Arte Sorkuntza Saria edo karrera erdiko artistentzako CIFO saria. Bere lana nazioarteko bilduma garrantzitsuetan dago gaur egun, besteak beste, Parisko Centre Pompidoun, Houstongo Museum of Fine Arts-en edo Montrealgo Musée des Beaux Arts-en.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
AZKUNA ZENTROA
Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao-k amaiera eman dio ACuTe. Culture Testbeds for Performing Arts and New Technology proiektu ... (gehiago irakurri)
AZKUNA ZENTROA
Azkuna Zentroa-k ‘Anónima’ erakusketa aurkezten du, Txuspo Poyo (Altsasu, Nafarroa, 1963) artista multidiziplinarraren lanari... (gehiago irakurri)
Valerie Miles / Durangoko Azoka
AZKUNA ZENTROA
Gutun Zuria Bilbaok 2026ko edizioan bi ibilbide eredugarri sarituko ditu: Gerediaga Elkartearena, euskal kulturaren funtsezko... (gehiago irakurri)
© Lucas Santos
AZKUNA ZENTROA
Dani Hernandez sortzaile eta performerrak Córdoba Drone pieza eszenikoa aurkeztu zuen Azkuna Zentroan - Alhóndiga Bilbaon. Da... (gehiago irakurri)
AZKUNA ZENTROA
Ana Laura Aláez (Bilbao, 1964) artistaren 'Todos los conciertos, todas las noches, todo vacío' erakusketa hartuko du Bilboko ... (gehiago irakurri)
AZKUNA ZENTROA
Bureau Veritasen COVID-19aren aurkako Global Safe Site ziurtapen-prozesua osatu eta gainditu du. Ziurtagiri horrek COVID-19ar... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Edukien kudeatzailea Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago