ARTE ESZENIKOAK
Testua: Kmon

TEATRO ARRIAGA 2026-2027 DENBORALDIA
Teatro Arriaga Antzokia
Arriaga Antzokiak bere nortasun artistikoa sendotu du denboraldi berriarekin
2026-06-03
Johannes-Passion lanaren itzulera, euskarazko ekoizpen berriak, euskal kultur eragileekin egindako lankidetzak eta nazioarteko proiekzioa izango dira 2026-2027 denboraldiaren ardatz nagusiak

Johannes-Passion lanaren berreskuratzea ez da Arriaga Antzokiaren 2026-2027 denboraldiko erakargarri nagusietako bat bakarrik. Duela zortzi urte estreinatu zenetik, Calixto Bieitok zuzendutako muntaketa Bilbora itzuliko da azken hamarkadan antzokiak eraiki duen nortasun artistikoa hobekien irudikatzen duten ekoizpenetako bat bihurtuta.

Erabaki horrek, gainera, ezohiko ideia bat iradokitzen du Estatuko antzerki panoraman: ekoizpen propio handiak errepertorio artistiko propio baten parte bihurtzeko borondatea. Europako antzoki nagusietako askotan ohikoa den ikuspegi hori Arriaga Antzokia bizi duen sendotze unearekin lotuta dago, eta ondo laburbiltzen du erakundeak azken urteotan egin duen bilakaera.

Calixto Bieito zuzendari artistikoak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak aurkeztutako programazio berriak azken urteetan eraikitako kultur proiektuaren heldutasuna berresten du. Ekoizpen propioa, euskal kultur sarearekiko lankidetza, nazioarteko zirkuituekiko irekitasuna eta publiko berriak erakartzeko ahalegina dira proiektu horren oinarriak. Horri esker, Arriagak Europako eszena panoraman nortasun berezia sendotu du, Euskadiko kultur errealitatearekin lotura estua galdu gabe.

Denboraldia 2026ko abuztutik 2027ko ekainera bitartean garatuko da, eta antzerkia, musika, dantza, zirkua, lirika eta familia osoari zuzendutako ikuskizunak bilduko ditu. Programazioaren askotarikotasunaz harago, ordea, proposamenek estrategia kultural koherente bat erakusten dute: bikaintasun artistikoa, lurraldearekiko lotura eta nazioarteko bokazioa uztartzea.

 

‘Jonannes-Passion’ lanaren itzulera

Filosofia horren adibiderik esanguratsuenetako bat da Johannes-Passion lanaren itzulera. Arriaga Antzokiak eta Parisko Théâtre du Châtelet-ek 2018an koproduzitutako muntaketa apirilean itzuliko da Bilbora, Konrad Junghänelen zuzendaritza musikalarekin, Bilboko Opera Abesbatzarekin, Friburgoko Orkestra Barrokoarekin eta nazioarteko bakarlari talde nabarmen batekin.

Muntaketa hori berreskuratzea jasangarritasunaren eta kultur kudeaketaren inguruko gogoetaren emaitza ere bada. Ekoizpen asko denbora gutxian desagertzen diren testuinguru batean, Arriagak bere ibilbidearen eta nortasun artistikoaren parte diren obrak berreskuratzearen alde egin du. Zentzu horretan, Johannes-Passion lanaren itzulerak adierazten du antzokiak ez dituela ikuskizunak soilik ekoizten; ondare artistiko bat ere eraikitzen duela.

Ekoizpen propioak leku nabarmena izaten jarraituko du programazioan. Otsailean iritsiko da Lamiako 1979, Jon Saenz Rubiok konposatutako eta Hegoa Álvarezek idatzitako euskarazko opera garaikidea. Leioa Kantika Koralarekin elkarlanean sortutako lanak herri memoria, mitologia eta lurraldearekiko loturak aztertzen ditu, bakarlariak, instrumentu taldea eta musika elektronikoa uztartuz.

Hilabete batzuk lehenago, Arriagaren aterkia estreinatuko da. Bilboko Koral Elkartearekin batera sortutako musika ikuskizun honek Juan Crisóstomo de Arriagari lotutako partitura eta aterki baten aurkikuntza irudikatuan du abiapuntua, memorian, hirian eta bizitzaren etapetan barrena egiten den bidaia poetikoa proposatzeko. Ehun gazte baino gehiagok hartuko dute parte ekoizpenean, belaunaldien arteko transmisioa proiektuaren balio nagusietako bat bihurtuz.

 

Publiko berriak

Bi proposamen horiek agerian uzten dute Bieitok sustatutako ildo artistikoaren beste ezaugarri nagusietako bat: publiko berriak eraikitzeko borondatea. Denboraldiak haurrei, familiei eta gazteei zuzendutako ikuskizunak bilduko ditu, baina baita operazaleentzat, ganbera musikaren jarraitzaileentzat, dantza garaikidearen zaleentzat edo sorkuntza antzerkiaren ikusleentzat ere. Publikoen aniztasuna helburu estrategiko bihurtu da programazioaren kalitatea bezainbeste.

Lurraldeko kultur eragileekin egindako lankidetza ere antzokiaren nortasunaren parte da. Bilboko Koral Elkartearekin, Leioa Kantika Koralarekin edo Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin garatutako proiektuez gain, Arriagak euskal sortzaileen hainbat ekoizpen eta estreinalditan parte hartuko du, hala nola Una historia de Bilbao, Bizipoza, I’m bath, Arturo Ui eta bere gorakada jasanezina edo Grounded (Lurrean / En la tierra) lanetan. Horrez gain, Loraldia Festibalak berriro izango du Arriaga egoitza nagusietako bat.

Lurraldeari lotutako ikuspegi horrekin batera, programazioak nazioarteko dimentsio sendoari eutsiko dio. Oholtza gainetik igaroko dira gaur egungo antzerkiaren izen handietako batzuk, hala nola Pepón Nieto, Malena Alterio, María Adánez, Leonardo Sbaraglia, Irene Escolar, Blanca Portillo, Adriana Ozores edo Loreto Mauleón. Dantzaren alorrean, Tao Dance Theater, La Veronal, Nationaltheater Mannheim Tanz eta Sara Baras izango dira protagonista; zirku garaikidearen esparruan, berriz, Compagnia Finzi Pascaren Titizé eta People Watching kolektiboaren Play Dead nabarmenduko dira.

Musikak ere leku garrantzitsua izango du. Carminho, Salvador Sobral, Pasión Vega, María José Llergo, Morgan edo Argentina bezalako artistek osatuko dute programazioa, Lied Arriagan zikloarekin, ABAO Txiki Arriagan programarekin eta Matinées Arriagan izeneko ekimen berriarekin batera. Azken horrek goizeko kontzertu formatu lasaiago eta hurbilago baten bidez publiko berriak erakartzea du helburu.

Musikal handiek ere presentzia nabarmena izango dute. The Book of Mormon eta SIX azken urteetako nazioarteko ekoizpen arrakastatsuenetako bi dira, eta Bilbora iritsiko dira denboraldian zehar, antzokiaren eskaintza artistikoaren aniztasuna are gehiago zabalduz.

Proiektuaren nazioarteko dimentsioak beste mugarri garrantzitsu bat izango du 2027ko maiatzean, Bilbok European Theatre Convention (ETC) erakundearen Nazioarteko Antzerki Konferentzia hartuko duenean. Europako antzoki publikoen sare nagusiaren topaketa Bilbon egiteak aitortza dakar azken urteetan egindako lanarentzat, eta Arriagak Europako foro eszenikoetan lortu duen presentzia gero eta handiagoa berresten du.

2026-2027 denboraldiak, beraz, bere nortasuna definitzeko beharra gainditu eta nortasun hori garatzen jarraitzen duen antzoki baten irudia marrazten du. Ekoizteko, koproduzitzeko, berreskuratzeko, esperimentatzeko eta nazioarteko sorkuntzarekin elkarrizketan aritzeko gai den espazioa da, betiere bere ingurunea ahaztu gabe.

 

Nazioarteko ikuskizunak

Aldi berean, programazioak Bilbo nazioarteko ikuskizun handiak hartzeko ez ezik, horiek sortzeko, bultzatzeko eta esportatzeko gai den hiri gisa ere erakusten du. Johannes-Passion bezalako ekoizpen bat etxeko ondare artistikoaren parte bihurtu den une berean, ahots berriak, publiko berriak eta lengoaia eszeniko berriak iristen dira antzokira. Horren guztiaren artean, Arriaga Antzokiak etorkizunari begiratzen dio, bere memoriaren haria eten gabe.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
TEATRO ARRIAGA ANTZOKIA
Arriaga Antzokiak zuzeneko emanaldiak hartuko ditu berriz, Covid-19k eragindako osasun larrialdiaren eragina arintzeko helbur... (gehiago irakurri)
KUTXA FUNDAZIOA
Kutxa Fundazioak sustatutako Jakingura Jaialdiaren lehen edizioa ekainaren 19an iritsiko da amaierara Donostiako Tabakaleran.... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Tilda Swinton aktoreak House of Gestures performancea eskainiko du ekainaren 5ean eta 6an Guggenheim Bilbao museoan. Olivier ... (gehiago irakurri)
©Lucas Santos
YLLANA TEATRO
Madrilgo konpainiak publikoaren txaloak bereganatu zituen Olalde Aretoan, perkusioa, umore bisuala eta birziklatutako objektu... (gehiago irakurri)
CONSERVATORIO DE DANZA JOSÉ URUÑUELA
José Uruñuela Dantza Kontserbatorioa-k 2026-2027 ikasturterako matrikulazio prozesua ireki du, oinarrizko eta maila profesion... (gehiago irakurri)
GETXO KULTURA
Getxok lehen aldiz parte hartuko du ‘Circo a Escena’ estatu mailako zirkuituan, Red Escenak (titulartasun publikoko antzoki, ... (gehiago irakurri)
ARRIGORRIAGA
Arrigorriagak berriro ere barrearen eta irudimenaren topagune bihurtuko ditu bere kaleak maiatzaren 8tik 10era, Clown eta Pai... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Edukien kudeatzailea Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago