Egitasmoa 2027ari begira sortu da, orduan beteko baitira bederatzi hamarkada 1936ko estatu kolpe frankistaren ondorioz milaka haur euskaldunek erbesterako bidea hartu zutenetik. Hala ere, asmoa ez da iraganeko pasarte hura gogoratzea soilik. Memoria historikoa gaurko errealitatearekin lotzea du helburu: munduan berriz agertzen ari diren gerrak, gorroto diskurtsoak, joera autoritarioak eta lekualdatzera edo erbesteratzera behartutako haurren egoera abiapuntu hartuta, gizarte demokratikoago bat eraikitzeko memoriak izan dezakeen balioaz hausnartzea proposatzen du.
Ikuspegi hori ikasturte osoan zehar landu dute Iurreta, Zumarraga-Urretxu, Durana, Durango eta Bilboko bost ikastetxetan. DBH4ko eta Batxilergoko 82 gaztek parte hartu dute transmisio-prozesuan, memoria historikoa, antzerkia, irakurketa errezitatuak eta sormen kolektiboa uztartzen dituzten metodologia aktiboen bidez. Helburua izan da frankismoaren aurrean erresistentzia egin zutenen memoria belaunaldi berriei helaraztea, aldi berean euskarazko kulturara hurbilduz, sormena sustatuz eta elkarlana indartuz.
Lanketa horren emaitza da Ezer ez delako amaitzen ikuskizuna. Igor Martín de Vidalesen gidoi eta zuzendaritzapean, Jaime Valverderen zuzendaritza-laguntzarekin eta Joseba Sarrionaindiaren testuetan oinarrituta, antzerkia, musika eta dantza uztartzen ditu proposamenak. Collage egituraren bidez, lehenaldiko pasarteak eta gaur egungo gatazkak lotzen ditu gazteen begiradatik. Historiak errepikatzeko joera izan dezakeela gogorarazten du, eta galdera batzuk jartzen ditu erdigunean: zertarako oroitu, zer balio du memoria historikoak eta nola erantzun faxismoari, inperialismoari edo arrazakeriari.
Proiektuan parte hartu duten 82 gazteak izango dira bost emanaldietako protagonistak. Bira Barakaldon hasi eta Durango, Donostia eta Gasteiztik igaro ondoren, maiatzaren 22an amaituko da Gernikako Lizeo Antzokian. Azken emanaldi horrek gerrako umeei eta haien familiei egingo zaien omenaldia ere hartuko du, egitasmoaren dimentsio sinbolikoa nabarmenduz eta memoria aitortza kolektibo bihurtuz.
Ezer ez delako amaitzen egitasmoaren bidez, Loraldiak euskarazko kultur sorkuntza garaikidearen aldeko apustua sendotu du, arte eszenikoak belaunaldien arteko transmisiorako tresna ere badirela erakutsiz. Iraganari begiratzeko ariketa baino gehiago, etorkizunari egindako galdera da: memoriak zentzua izango badu, gaurko gazteekin elkarrizketan jarraitu beharko du.

