ARTE ESZENIKOAK
Testua: Getxo Kultura

GETXO KULTURA
Getxo Kultura
Getxoko Muxikebarrik egitarau oparoa hartuko du irailetik aurrera
2021-08-18
Abenduaren 31ra arte, 65 ekitaldi inguru izango dira, Arte Eszenikoen Jardunaldiak, Folk eta habanera jaialdiak eta Aste Korala zikloak barne

Irailean Muxikebarrik 2021eko azken lauhilekoari ekingo dio, aniztasuna eta kalitatea ardatz dituen proposamenarekin. Abendura arte, 65 musika, antzerki, dantza eta umore ekitaldi baino gehiago izango dira Getxoko zentroan, haur programazioa eta zinema zikloak ahaztu gabe. Horren barruan, ohiko kultur programazioaren ibilbide luzeko zikloak ere egongo dira, hala nola Arte Eszenikoen Jardunaldiak, Folk eta Habanera jaialdiak eta Aste Korala. Iraileko eta urriko ikuskizun gehienetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, eta datozen egunetan gainerako programazioetakoak gehitzen joango dira.

 

Musika eskaintza irailaren 9an hasiko da Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eskutik, Mikel Fernandez gaztearen zuzendaritzapean, W. A. Mozart, P. I. Tchaikovsky eta B. Smetanaren lanek osatutako programa eskainiko duena. 10etik 12ra, Habanera Jaialdiaren 35. edizioaren eskutik, Getxora itzuliko dira itsas doinuak, eta Rondalla al Sejo kantabriar taldea, Ultramar laukote katalana eta Itxartu eta Biotz Alai herriko taldeak jardungo dira.

 

Irailaren 22tik 26ra beste musika hitzordu handi bat izango da, Nazioarteko Folk Jaialdia, hain zuzen ere, hogeita hamazazpigarren edizioan hiru ardatz nagusi dituena: musika tradizionalaren familia transmisioa, emakumearen rola generoan eta Astor Piazzolla tango maisuaren jaiotzaren mendeurrena. Miren eta Roberto Etxebarria aita-alabek osatutako trikitilari bikoteak, Judith Mateo biolinistak, Amparanoia talde ospetsuak, Carlos Nuñez gaiteiro galiziarrak eta Fabian Carbone bandoneon-jotzaile argentinarrak gidatutako «Cyclical Tango» proiektuak garatuko dituzte agertokian aurtengo gai nagusiak. Gainera, Bitartean talde hernaniarrak «Kreole» disko berria aurkeztuko du eta, doako kontzertuen artean, Titiriteros de Binéfar eta Trakamatraka haur edo familiarako saioak izango dira.

 

Urrian, musika programazioa soinu klasikoekin hasiko da Arteus ganbera orkestraren eskutik (urriak 2). Biharamunean, Bixente Martinez gitarristak, Oskorriko kideak, bakarlari gisa estreinaldia egingo du eta talde mitikoaren errepertoriorik arrakastatsuenean oinarrituta dagoen «Txoria buruan eta ibili munduan» bere lan berria aurkeztuko du. Hilaren 11n, Xabi Aburruzaga eta La Bottine Souriante taldeko Yves Lambert soinujoleek Euskal Herriko eta Quebeceko soinu tradizionalak bateratuko dituzte.

 

Urriaren 30etik azaroaren 1era Aste Korala programaziora itzuliko da bere 40. edizioan, musika polifonikoaren aberastasuna publikoari hurbiltzeko. Oraingo honetan, Anúna ahots mistoen ensemble irlandarra, Sjaella seikote alemaniarra eta Leioa Kantika haur-abesbatza arituko dira.

 

Azaroan, musika gazteak hartuko du lekukoa Belako laukote ezagunaren eskutik (hilak 12). Bestalde, hilaren 20an, Ute Lemper alemaniar abeslari ospetsuak «Rendezvous with Marlene» aurkeztuko du, Marlene Dietrich handiaren ibilbide musikala biltzen duen ikuskizuna, Berlingo kabaretetik hasi eta azken urteetaraino.

 

 

Hilabetea amaitzeko, Fair Saturday ekitaldi solidarioa ospatuko da, eta, bertan, «The Soundtrack» diskoaren aurkezpen-kontzertua izango da protagonista. DalecandELA elkarteak sustatu du ekimena, Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren aurkako ikerketaren alde dirua biltzeko eta gaixotasun hori duten pertsonei laguntzeko. Horretarako, Getxoko talde ezagunenetako batzuk arituko dira Muxikebarrin: McEnroe, Smile, The Fakeband, Los Brazos...

 

Azkenik, abenduan, musika emanaldi ugari izango dira honako artista eta talde hauen eskutik: Benito Lertxundi (hilak 3, Euskararen Nazioarteko Egunean), Mr. Groovy & The Blue Heads (hilak 4) blues banda, Dena DeRose pianista estatubatuarraren hirukotea (hilak 5), Josu De Solaun eta Jesus Reinak osatutako piano eta biolin bikotea (hilak 10), Los Brazos bertako rock taldea (hilak 11), Wim Mertens pianista belgikar handia (hilak 12) eta Paula Mattheus (hilak 17) getxotar kantautorea. Gainera, abesbatzen musikak protagonismo berezia hartuko du urtearen amaieran, abenduaren 19an Muxikebarrin Donostiako Orfeoia arituko baita, Taupa taldearekin batera, Carl Orffen «Carmina Burana» obra interpretatzeko. Amaitzeko, Biotz Alai abesbatzak Gabonetako kontzertua eskainiko du hilaren 23an.

 

Arte eszenikoak

Arte eszenikoen programazioa da Muxikebarriren proposamenaren beste ardatz nagusietako bat. InPut Danzaren «Imperfectas» (irailak 17) dantza ikuskizuna eta telebista saioetan arrakasta handia lortu duen Dani Mateoren (irailak 18) umorezko bakarrizketa izango dira 2021eko azken lauhilekoan.

 

Urrian, Arte Eszenikoen Jardunaldiak 39. ediziora iritsiko dira. 8tik 24ra bitartean, hamaika muntaia gerturatuko dizkio publikoari, modalitate eszeniko desberdinetakoak (antzerkia, dantza, zirkua, diziplina anitzeko generoak). Aurtengo proposamenen artean, «Maitasunaren itxiera», «La extraña pareja» edo «Mentiras cotidianas» nabarmendu behar dira, besteak beste,  eta baita «Al desnudo», «Encuentros» eta «Sin Par» dantza ikuskizunak ere.

 

Azaroan (14an) «Sin permiso (Canciones para el silencio)» flamenko dantza lan saritua iritsiko da, Ana Moralesen dantza konpainiaren eskutik; baita Ados Teatroaren azken muntaia ere, «Kopaz kopa» komedia (21ean); eta «Yo, la peor del mundo» antzerki musikala (26an), Vaivén Produccionesen eskutik.

 

Abenduan, Concha Velascok agorafobia duen eta bere apartamentuan bizi den idazle ospetsua antzeztuko du «La habitación de María» obran hilaren 18an. 28an, berriz, Markeliñek Daniel Dafoeren «Crusoe» klasikoa eraldatuko du eta, antzerki-eskaintza borobiltzeko, Pepe Viyuela buru duen aktore taldeak Molièreren «Tartufo» komedia ospetsuaren berrikuspena eskainiko du.

 

Haur programazioa

Umeentzako eskaintzari dagokionez, Muxikebarrik honako ikuskizun hauek hartuko ditu: Kantu Kolore taldearen «Ametsen urtebetetzea» (irailak 19) azken lan musikala, aipatutako Getxo Folken haurrentzako emanaldiak (irailak 25), Arte Eszenikoen Jardunaldien programaren barruan dauden «Perez Sagutxoa» eta «Alpha» antzezlanak (urriak 17 eta 24) eta «El flautista de Hamelin» lana (azaroak 28). Gainera, Gabonetako oporrak direla eta, haurrek «Go!azen 8.0» ikuskizunaz (abenduak 26) eta «El origen del hielo» musikalaz (abenduak 27) gozatzeko aukera izango dute. Azken horretan, «Frozen» Disneyren saga arrakastatsuari omenaldia egingo dio OnBeat konpainiak.

 

Getxo Ekinez

Irailetik abendura, Getxoko Kultur Etxeak bultzatutako Programazio Artistikoaren deialdiaren barruan aukeratutako hainbat ikuskizun ere izango dira Muxikebarrin. Deialdi hori Getxo Ekinez programaren barruan dago, hainbat arlotan (besteak beste, kulturan) krisi sanitarioaren ondorioak arintzea helburu duena. Hori dela eta, honako ekitaldi hauek izango dira: Utopian konpainia getxotarraren «Yo… en un banco verde» antzezlana (urriaren 12an) eta «Juntas somos Broadway» musikala (azaroaren 5ean eta 6an). Azken hori Eskuz Esku abesbatzaren proiektua da eta, emakume-koralaren batera, Lilura eta Biotz Alai abesbatzek ere parte hartuko dute. Ardi Fest 2021 arte digitaleko jaialdia ere ospatuko da programa horren barruan, eta horretan ikus- eta –ikus-entzunezko hamar artista jardungo dira.

 

Getxo Ekinez programaren barruan tokiko talde eta artisten emanaldiak ere badaude, besteak beste, Los Brazos eta Paula Mattheus taldeen kontzertuak, baita aurretik aipatutako Ute Lemper eta Dena DeRose taldeen emanaldiak ere, osasun krisiaren ondorioz bertan behera utzi eta berriro ere programatu direnak. Halaber, ekimen horren barruan Iker Elorrietaren «El radioaficionado» (abenduak 30) film independentea estreinatuko da.

 

Beste jarduera batzuk

Egitaraua askotariko ekitaldiekin borobilduko da, hala nola «Ramiro Pinilla» eta «Txiki Baskardo» literatura lehiaketetako sari-banaketarekin (irailaren 16an), GetxoExpress 2021 (urriaren 24an) express-zine lehiaketarekin eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren kanporaketarekin (azaroaren 7an), azaroaren lehenengo astean abiatuko diren Zinemabarri eta Zinematxiki zikloak ahaztu gabe.

Getxoko Muxikebarrik egitarau oparoa hartuko du irailetik aurrera
Getxoko Muxikebarrik egitarau oparoa hartuko du irailetik aurrera
Getxoko Muxikebarrik egitarau oparoa hartuko du irailetik aurrera
Getxoko Muxikebarrik egitarau oparoa hartuko du irailetik aurrera
Getxoko Muxikebarrik egitarau oparoa hartuko du irailetik aurrera

Segur aski asko interesatuko zaizu...
GETXO KULTURA
Urriaren 8tik 24ra 12 muntaia izango dira Muxikebarrin eta Romo Kultur Etxean (gehiago irakurri)
GETXO KULTURA
getxotarrek bultzatu edota eginiko proiektuen erakustea sustatu eta ahalbidetzea du helburu ekimenak. Abenduaren 1etik urtar... (gehiago irakurri)
GETXO KULTURA
Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurriek Getxon edo ondoko beste udalerrietan bizi ez diren pertsonei eragotzi eragingo ... (gehiago irakurri)
GETXO JAZZ
Getxoko Kultur Exeak bertan behera utzi du aurtengo udako programazio guztia, Jazz eta Folk jaialdia, eta Komiki Azoka bezala... (gehiago irakurri)
GETXO KULTURA
Getxo Jazzak 18 emanaldi hartuko ditu ekainaren 28tik uztailaren 2ra. Doako saioak Algortako Geltokia plazan izango dira eta... (gehiago irakurri)
GETXO KULTURA
Emakumezko musikariak izango dira nagusi jaialdiaren 38. edizioan. Ane Pikaza artegile eta antzezleak egin du kartela. (gehiago irakurri)
GETXO KULTURA
Osasun-krisiaren ondoren, Getxo Jazzek normaltasuna berreskuratuko du 45. edizioan, nazioarteko artistak itzuliko baitira. Ek... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago