ARTE ESZENIKOAK
Testua: Jonan Hernández

DANTZERTI, EUSKADIKO ARTE DRAMATIKO ETA DANTZA GOI MAILAKO ESKOLA
Dantzerti
"Dantzertik gaitasun ikaragarria du egokitzeko"
2020-05-29
Euskadiko Dantza eta Arte Dramatikoko Goi Eskolak, Dantzertik, zabalik izan du maiatzaren 11tik 26ra bitartean hurrengo ikasturterako izen-emate epea. Interesdunek informazioa jaso dezaten, ordu beteko bi saio telematiko antolatu dituzte hilaren 16an eta 23an (biak larunbata) goizeko 11etan; parte hartzeko, posta elektronikoa igorri behar dute administraritza@dantzerti.eus helbidera. Erakundeko zuzendari Igor Razquinek elkarrizketa honetan aurreratu duenez, irailetik aurrera ikasle eta ikasle ohiek Erasmus programan parte hartzeko modua izango dute. Horrez gain, osasun larrialdiaren harira sortzen ari den mundu berrian arteak duen balioa goretsi du. "Artista edo sortzaileok berrasmatu egin beharko ditugu modu berriak egoera berri honekin moldatzeko", azaldu du.

Galdera. Dantzertik bost urte bete ditu. Zein da orain arteko lanaren balantzea?

Erantzuna. Oso balantze positiboa egiten dugu eta pozik gaude denon artean sortzen ari garen Dantzertirekin. Denbora gutxian gauza asko lortu ditugu eta lortzen jarraituko dugu, betiere gure ikasleei ahal dugun onena eman ahal izateko. Hezkuntza komunitate oso parte-hartzailea daukagu eta hori da gure indarrik handiena zerbait sendoa eraikitzeko.

G. Ikasle batzuk arte eszenikoetako eta dantzako profesional bihurtu dira. Baduzue harremanik beraiekin? Nola sentitzen zarete egindako lana probetxugarria izan dela ikusita?

E. Oso harro gaude gure ikasle zirenen profesionalizazioaren bilakaerarekin eta beraiekin harremanetan jarraitzen dugu, noski. Dantzertiren parte izan dira eta izaten jarraituko dute beti. Harremanetan jarraitzen dugu ailegatzen zaizkigun lan eskaintzak, ikastaroak, hitzaldiak, kolaborazioak eta masterrak eskainiz, eta edozein unetan aholkuak emanez.  Lau urtez Dantzertin hezitzen ibili eta gero, poz handia ematen du egindako lana fruituak ematen ari dela ikusteak eta inpultso horrekin, hobetzen eta gauza gehiago lortzen jarraitzeko gogoa pizten digu gizartearekiko dugun erronka honetan.

G. Zeintzuk dira hurrengo urterako berrikuntza nagusiak?

E. Dantzerti eskola jaio berria da eta hobetzeko gaitasun ikaragarria dauka urtetik urtera. Hurrengo ikasturtera begira, lorpen garrantzitsuenetako bat ECHE (Goi Hezkuntzarako Erasmus Gutuna-Erasmus Charter for Higher Education) gutuna eskuratzea izan da, hau da, Erasmus programan sartzea. Zer suposatzen du honek?  Gure ikasleek, irakasleek eta ikasle ohiek atzerrira joateko aukera izango dute bere formakuntza beste eskola, konpainia, elkarte, fundazio eta erakunde batzuetan aberasteko. Bestalde, ikasturtero egiten dugun bezala, antolamendua, egiturak, espazioak, barne proiektuak, erlazio instituzionalak eta sektore artistiko eta kulturalekin elkarlana areagotzen, berrikusten eta hobetzen jarraituko dugu.

G. Ildo horretan, ezin aipatu gabe utzi osasun-alertak eragindako egoera. Nola moldatuko da Dantzerti egoera berri horretara?
E. Dantzertik egoera berrietara moldatzeko gaitasun ikaragarria dauka, betiere hezkuntza-komunitate osoari esker. Koroa-birusak sortutako egoerak ikasketa presentzialak bertan behera uztera behartu gintuen eta lehenengo egunetik, ikasleek ikasgaiak telematikoki jarraitzeko aukera eduki dute, irakasleen esfortzu eta konpromisoari esker. Ikasgai guztiak online ematera moldatu dira gure ikasleek ahalik eta eduki eta konpetentzia gehien jaso dezaten helburu nagusitzat hartuta. Hurrengo ikasturteari begira, eta oraingo esperientzia edukita, hezkuntza komunitate osoa prestatuago dago etorri daitekeenerako.

G. Azkenik, zein izan daiteke kulturaren eta arte eszenikoen ekarpena sortzen ari den mundu berrian?

E. Kultura eta arte eszenikoen paperak berdina izaten jarraituko du. Aldatuko dena egiteko moduak izango dira. Horretarako artista edo sortzaileok berrasmatu egin beharko ditugu modu berriak egoera berri honekin moldatzeko. Kuriosoa da hezkuntza kontuan hartuta, jasan dugun konfinamendu egoera honetan bizirauteko erabili ditugun baliabide garrantzitsuenetakoak kirola eta artea (musika, dantza, irakurketa, zinema, antzerkia, sukaldaritza) izan direla. Hezkuntzari dagokionez, gizarteak garrantzi handirik ematen ez dien bi arlo.  Espero dut egoera honek arlo hauekiko ikuspuntua aldatzea gizartean, eta sortzen duten onura eta garrantzia hobeto balioztatzea,

 


Segur aski asko interesatuko zaizu...
DANTZERTI
Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolako lehen promozioko ikasleek ekainean jasoko dute titulua, la... (gehiago irakurri)
DANTZERTI + EOS
Dantza eta musika klasikoa uztartzen dituen ikuskizun ederra, familia osoari zuzendutakoa, partiturek gordetzen dituzten mist... (gehiago irakurri)
OLATZ DE ANDRÉS
'The big game' da Olatz de Andres euskal koreografoaren ekoizpen berria, xake bizidunetan oinarrituta landu zuen 'End Game' l... (gehiago irakurri)
DANTZERTI
Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak, Dantzertik, ikasle berrientzako izen-emate epea irekiko du apirilare... (gehiago irakurri)
Euskadiko musika zentroetako 19 urte arteko 80 ikaslez osatzen da EIO Orkestra. Kontzertu honetan Guridiren hamar melodiak jo... (gehiago irakurri)
DANTZERTI
Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolako (Dantzerti) ikasleek 'Pierrot' aurkezten dute, Euskadiko Orkestra Si... (gehiago irakurri)
Gerediaga Elkarteak datorren asterako, abenduaren 20 eta 22rako, bi ekintza berri antolatu ditu. Lehenengoa, Pechakucha forma... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago