MUSIKA
Testua: Durangoko Azoka

DURANGOKO AZOKA
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
DURANGOKO AZOKA (DA!)
2.300 produktu eskainiko ditu Azokako denda birtualak
2020-12-03
Durangoko Azokako taupada ez da etengo 55. edizioan. Azokako webgunean sortuko den online dendak 2300 produktu baino gehiago izango ditu salgai, 852 nobedaderekin, eta Durangon bertan 100 kultur ekitaldi baino gehiago antolatuko dira. Azoka, beraz, modu presentzialean eta online bidez gozatzeko aukera egongo da, abenduaren 4tik 8ra arte.

Edizio berezi honetako egitaraua eta nobedade nagusiak aurteztu ditu gaur kulturaren plazak, Landako gunean egindako prentsaurrekoan. Gerediagako presidente Nerea Mujikak adierazi duenez, "erakusmahaiz beteta ikustera ohituta gauden gune hau, aurtengoan online dendaren biltegi, eta sormen eta kultur ekitaldi desberdinen erakustoki bihurtuko da".

 

Durangoko Azokako online denda izango da edizio honetako nobedade nagusia. Kulturzaleek aurten sortutako 852 nobedade izango dituzte eskura www.durangokoazoka.eus webgunean: 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta 72 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza...). Guztira, 2300 produktu erosi ahal izango dira euskal kulturaren denda erraldoi honetan, 185 partehartzaileren eskutik (diskoetxeak, argitaletxeak, elkarteak, autoekoizleak...).

 

Online dendan erosketak egiteko aukera abenduaren 4tik 8ra arte egongo da, baina gaurtik 16:00etatik aurrera katalogoa kontsultatu eta produktuak aukeratu ahal izango dira "desioen saskian". Horrela, abenduaren 4an, aukeratutako "desioen saski" hori errealitate bihurtuko du erosleak, ordainketa egin eta erosketari amaiera emanez. Ordainketa egiten duten lehenengo mila erosleek aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa berezia jasoko dute doan, euren erosketarekin batera. Halaber, 45 eurotik gorako erosketa guztiek ez dute bidalketa-gasturik ordaindu beharko.

 

Durangon 100 kultur ekitaldi

Gerediagako kudeatzaile Arantza Atutxak gogoratu duenez, Azoka ez da bakarrik salerosketarako gune hutsa. "Kulturaz gozatzea, sortzaile berriak deskubritzea, hausnarketa mamitsuak entzuteko eta ikuskizun nahiz kontzertuak bizitzea ere bada".

 

Horren erakusle da Durangon bertan izango dugun egitarau zabala, 100 kultur ekitaldirekin, bi espaziotan: Landako Gunean eta Plateruenan. Azokan egon ohi diren gune guztietako jarduerak egongo dira: Ahotsenea, Kabi@, Szenatokia, Saguganbara, Plateruena, Irudienea eta Areto Nagusia. Beste urte batez, Azokan parte hartuko duten sortzaileak oso anitzak izango dira; ibilbide luzeko artistak, euren lehenengo disko edo liburua kaleratu duten sortzaileak... 

 

Plateruenan diskoen aurkezpenak egingo dira, abenduaren 5etik 8ra, 10:30etik 21:00ak arte. Guztira 37 musika-talde igoko dira taula gainera, estilo guztietakoak: bakarlariak, pop, rock, hip-hop, reggaeton, folk... Besteak beste, honako taldeak izango ditugu: Bulego, Marlik, Zetak, Mikel Urdangarin, Haxotz, Korrontzi, Rafa Rueda, Basabi, Gatibu, Hibai, Trikidantz, Kohatu, Pantxix Bidart, Peio eta Itsua, Roberto eta Miren Etxebarria, X Sakara, Maria Rivero...

 

Landako Gunean, aldiz, gainontzeko jarduerak antolatuko dira. Goizeko lehen orduan familientzako ipuin aurkezpenak eta ikuskizunak izango dira; ondoren, gai desberdinei eta aktualitateari lotutako mahainguruak.  Goiz eta arratsaldez, literatur solasaldiak eta liburuen aurkezpenak izango dira. Eguerdian, ikus-entzunezkoen txanda izango da, umeentzako pelikulak eta  film laburrak. Arte eszenikoek ere izango dute lekua, irakurketa dramatizatuen bidez. Idazleen artean, besteak beste, honako sortzaileen parte hartzea izango dugu: Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Yurre Ugarte, Kattalin Miner, Andoni Olariaga, Iñaki Egaña, Danele Sarriugarte...

 

Ekitaldi guztiak presentzialak izango dira, aforo mugatuarekin, eta aldez aurretik beharrezkoa izango da sarrerak erreserbatzea. Gaur gaurkoz indarrean dauden mugikortasun-ezarpenak kontuan hartuta, Durangoko egitarauaz Durangon eta mugakide diren herrietan bizi diren kulturzaleek gozatu ahal izango dute. Gonbidapenak eskuratu daitezke jada www.durangokoazoka.eus webgunean, doan.

 

Azoka Telebistako kide Oihane Agirrek azpimarratu duen bezala, kulturzaleek aukera izango dute Azokako webgunetik Durangon gertatzen ari dena jarraitzeko: "Bi streaming kanal egongo dira gure webgunean, bata Landako Guneari dagokiona eta bestea Plateruenari, eta bertan egunero goizeko 10:30etik 21:00ak arte Azoka ikusi, entzun eta gozatu ahal izango duzue".

 

Ekimenak Durangotik kanpo ere

Durangotik kanpo ere jarduerak antolatuko ditu Durangoko Azokak, "Zu non, han DA!" ekimenaren baitan. Euskal Herriko zortzi herritan (Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroa) kontzertuak egongo dira, 32 musika-talderen parte-hartzearekin. Sarrerak salgai daude Azokako webgunean.

 

Nerea Mujikak dei egin die herritarrei aurtengo Azoka beste modu batera bizitzeko: "Durangon, zure herriko aretoan edo etxean, goza ezazue aurtengo Azoka. Hartu tarte bat online denda kuxkuxeatzeko eta egin klik, eskuratu euskal kultura. Ez dadila Azokaren taupada eten, ezta euskal kulturarena ere".

 

Azokako jarduera bereziak

Urtero bezala, Azokako lehenengo egunean Ikasle Goiza antolatuko da, eta kulturaren plazak hainbat tailer online antolatu ditu Euskal Herriko ikastetxeentzat: bikoizketa tailerra, blender, nola sortu liburu bat, ilustrazioa, yogipuinak... Tailerretan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, webgunean bertan tailerrak eskuragarri daude jada. Maila ezberdinetako ikasleentzat dago eskaintza, 5 eta 16 urte bitartekoentzat, hain zuzen ere.

 

Tailerrez gain, Ikasle Goizak ere beste ekimen berezi bat izango du. Oihan Vegak eta Oizeder Mayo kazetariek sortzaile ezberdinekin elkarrizketa-saioa gidatuko dute eta tartea www.durangokoazoka.eus webgunean jarraitu ahalko da zuzenean. Bertan honakoek parte hartuko dute: Liher musika talde donostiarra, Kai Nakai abeslaria (iaz Azokako sormen beka irabazi zuen sortzailea), eta Erika Elizari eta Aitor Arana idazleak.

 

Goiz horretan bertan, Durangoko Sanagustin kulturgunean DA! PRO egitasmoaren bigarren edizioa ospatuko da. Bigarren urtez, musikari, programatzaile eta musika-industriako kideen arteko topagunea sortuko da Azokan. Aurten 15 musika-taldek aurkeztuko dituzte euren proiektu berriak.

 

Inaugurazio ekitaldia abenduaren 4ko arratsaldean izango da, 18:00etan. Azokako kide eta erakundeetako ordezkariez gain, "Azokako lehen taupaDA!" ekitaldi horretan hainbat sortzailek parte hartuko dute: Eñaut Elorrieta, Kirmen Uribe (New Yorketik) eta Bagara dantza talde durangarra.

 

Lehenengo egunari amaiera emateko, Kai Nakaik aurkezpen-kontzertua egingo du Plateruenan, 19:30etik aurrera. Iazko Durangoko Azokako sormen bekaren irabazleak reggatoi doinuez jositako "Baimenik gabe" disko berria aurkeztuko du. Aurtengo Sormen Bekaren irabazlea, ikus-entzunezkoekin lotuta, abenduaren 6an iragarriko da.

 

Azokako azken egunean, abenduaren 8an, "Taupadaz taupada" ikuskizun berezia izango dugu Landako gunean, 12:00etan. Bertako partehartzaileak Miren Amuriza, Amancay Gaztañaga, Antton Telleria eta Maite Arroitajauregi 'Mursego' izango dira, eta edizio honetako leloaren inguruko hausnarketa plazaratuko digute.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Iazko edizioan Sormen Beka irabazitako lana da. Azokako online denda ere bigarren egunez egon da martxan. (gehiago irakurri)
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Durangoko Azokaren 56. edizioa abenduaren 3tik 8ra egingo da. Kontzertuak eta bestelako emanaldiak streaming bidez ere ikusi ... (gehiago irakurri)
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Sortzaileak eta kultura arloko profesionalak elkarrekin harremanetan jarri du Durangoko Azokak, abenduaren 1etik 5era, Da! Pr... (gehiago irakurri)
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Produktuak erosteko aukera egongo da Euskal Herri osoko 141 liburudendatan, urtarrilaren 8ra arte. 55. edizioak bere aurreiku... (gehiago irakurri)
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Durangoko Azokaren 54. edizioak erakusmahaien diseinu berritua izango du, profesionalen eta erabiltzaileen beharrizanetara eg... (gehiago irakurri)
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Durangoko Azokaren 54. edizioa abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo da 'Osorik DA!' lelopean, haren osagai guztiei erreferen... (gehiago irakurri)
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Durangoko Azokak aurtengo edizioko iragarkia aurkeztu du gaur, azaroak 6. Iragarkia Txakur Gorria sormen kolektiboak egindako... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago