MUSIKA
Testua: Kmon

DURANGOKO AZOKA
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
DURANGOKO AZOKA (DA!)
220 stand eta denda birtuala izango du 2021eko Durangoko Azokak
2021-11-30
Durangoko Azokaren 56. edizioa abenduaren 3tik 8ra egingo da. Kontzertuak eta bestelako emanaldiak streaming bidez ere ikusi ahal izango dira. Leire Urbeltz artista nafarrak egin du aurtengo kartela.

"Aurten Azokarik bada? Askok egin digute galdera. Bai noski, baDA!". Hala iragarri du Gerediagako presidente Nerea Mujikak gaur Durangoko Landako gunean egindako prentsaurrekoan. Durangoko Azokako 56. edizioa abenduaren 3tik 8ra antolatuko da "baDA!" lelopean, eta aurrez aurreko salmenta eta online denda uztartuko ditu. Landakogunean 220 erakusmahai baino gehiago egongo dira aurrez aurre abenduaren 4tik 8ra, eta online denda martxan egongo da abenduaren 3tik 7ra durangokoazoka.eus webgunean. Azoka presentziala eta digitala izango da aurten, beraz.

Mujikak azpimarratu duenez, edizio honetan "itzuliko dira erakusmahaiak, itzuliko dira korridoreak, itzuliko dira Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia, eta itzuliko dira sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak, zein autoekoizleak; eta itzuliko dira, nola ez, kulturzaleak. Beraz, bada Azoka. Eta zelako Azoka!". Landakoguneak biltegi izateari utziko dio eta bizia hartuko du 56. edizio honetan berriro ere, aurrez aurreko 220 erakusmahairekin, 152 partehartzaileren eskutik. Azokako antolatzaileek adierazi dutenez, Landakoguneak izango duen aforoa eta Azoka bisitatzeko osasun-neurriak zeintzuk izango diren aurrerago zehaztuko dira.

Mujikak eskerrak eman nahi izan dizkie izena eman duten argitaletxe, diskoetxe, eragile eta autoekoizleei: "Badakigu askorentzat une zailak direla eta datozen hilabeteak erantzunik gabeko galderez beteta daudela. Eta hala ere Azokan egoteko ahalegina egitea erabaki dute. Eskerrik asko Durangoko Azokan sinesteagatik".

Aurrez aurreko salmentaz gain, bigarren urtez Azokak online denda izango du bere webgunean. Bertan erosi ahal izango dira Landakon salgai egongo diren nobedade guztiak: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, komikiak, ipuinak... "Iazko esperientziari jarraipena emanez, norberaren etxetik Azokaz gozatzeko aukera ere izango da, eta Azokako produktuak online dendan eskuragarri egongo dira".

Egitarauari dagokionez, Azokak aurrez aurreko jarduerak ere izango ditu abenduaren 4tik 8ra, gune eta diziplina ezberdinetan. Horrez gain, Azokako Areto Nagusiko ekitaldiak eta Ahotseneako zuzenekoak ere jarraitu ahal izango dira durangokoazoka.eus webgunean. Urriaren 8an irekiko da epea kultur sortzaileentzat Azokako egitarauan parte hartzeko proposamenak bidaltzeko, gune ezberdinetarako.

Prentsaurrekoan aurtengo edizioko nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, 56. Azokako kartela ere aurkeztu da. Egilea Leire Urbeltz (Iruñea, 1985) sortzailea da, eta aitortu duenez, "ohore handia" izan da berarentzat kulturaren plazako irudia egitea: "Ilusio handia egiten dit, baina ardura handia sentitzen dut ere, Azokak duen garrantziagatik".

Leire Urbeltzek diseinatu du aurtengo kartela

Sortzaile iruindarrak "Desipuindegia" izeneko lana sortu du Azokako 56. edizioarentzat. Kartel koloretsu honetan, Urbeltzek Azokako lehenengo edizioak izan ditu gogoan, baina gaur egunera ekarrita, “erronkaz beterik datorren pandemiaren osteko azoka berrasmatuz”. Irudi moderno eta gaurkotuarekin, kartelean kulturaren plaza osatzen duten elementu ezberdinak topa daitezke (biniloak, liburuak…), “Kili Kuir” izeneko pertsonaiekin batera eta Anbotoko magalean. Egileak 60. hamarkadako iruditegiaren berrikuspena egin nahi izan du, Durangoko Azokako lehenengo edizioena, alegia, "revivalismo" ariketa eginez.

 

Urbeltzek Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederren lizentziatura eta Ikerketa eta Sormena Artean Masterra ikasi zituen, eta ondoren Bartzelonan eta Madrilen eman zien jarraipena ikasketei. Bere lanak Seul, Juarez, Pekin eta Estatu Batuetan egon dira ikusgai, eta Huarteko Arte Garaikideko Zentroan lanean ibili da zazpi urtez. Egun, sormen lana uztartzen du bitartekaritza eta hezkuntza lanekin Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

 

 

 

220 stand eta denda birtuala izango du 2021eko Durangoko Azokak
220 stand eta denda birtuala izango du 2021eko Durangoko Azokak
220 stand eta denda birtuala izango du 2021eko Durangoko Azokak

Segur aski asko interesatuko zaizu...
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Iazko edizioan Sormen Beka irabazitako lana da. Azokako online denda ere bigarren egunez egon da martxan. (gehiago irakurri)
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Sortzaileak eta kultura arloko profesionalak elkarrekin harremanetan jarri du Durangoko Azokak, abenduaren 1etik 5era, Da! Pr... (gehiago irakurri)
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Produktuak erosteko aukera egongo da Euskal Herri osoko 141 liburudendatan, urtarrilaren 8ra arte. 55. edizioak bere aurreiku... (gehiago irakurri)
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Durangoko Azokako taupada ez da etengo 55. edizioan. Azokako webgunean sortuko den online dendak 2300 produktu baino gehiago ... (gehiago irakurri)
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Durangoko Azokaren 54. edizioak erakusmahaien diseinu berritua izango du, profesionalen eta erabiltzaileen beharrizanetara eg... (gehiago irakurri)
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Durangoko Azokaren 54. edizioa abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo da 'Osorik DA!' lelopean, haren osagai guztiei erreferen... (gehiago irakurri)
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Durangoko Azokak aurtengo edizioko iragarkia aurkeztu du gaur, azaroak 6. Iragarkia Txakur Gorria sormen kolektiboak egindako... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago