Atlantikaldia jaialdiak laugarren edizioa beteko du 2017an, kulturaren eta musikaren bidez Errenteria Itsas Topaleku bilakatzeko helburuarekin. Ildo horretan, Amparanoia eta Alpha Blondy bezalako izarrak hartuko dituen arren, ez da ohiko musika jaialdia izatera mugatuko, baizik eta hainbat leku eta jatorritako pertsonen eta sortzaileen kultur topagunea (tartean, noski, errenteriarrak beraiek). Lau egunetan zehar, Errenteria kolorez eta doinuz beteko da, garai bateko itsas portuetan bezala etorrera bakoitzarekin herria goitik behera eraldatuz, azaldu zuen herriko alkate Julen Mendozak jaialdiaren aurkezpen-ekitaldian.
Antolatzaileek Kultur Topagune eta Musika Jaialdi gisa definitzen duten ekimenak diziplina ugari hartuko du bere baitan, besteak beste musika, gastronomia, kirola, azokak eta kaleko artea. Horren harira, zikloan parte hartuko duten sortzaileen arteko fusioa sustatuko dute, Itsas Elkarrizketak deritzan ekimenaren bidez. Duela bi urte abiatu zen, kanpoko eta hemengo musikarien artean kolaborazioak eta egonaldiak sustatuz, jaialdiko zuzendari Laura Landaren hitzetan.
Udaren azken hondarrak kolorez eta musikaz beteko dituen kultur lehorreratzea.