Ohikoa denez, lau gune nagusi izango ditu jaialdiak: Lehendakari Agirre plazako Itsasargi Nagusia izango da agertoki nagusia; Herriko Plaza, hurbileko emanaldiak hartzeko eszenatokia; Kalekaia, Panier orubean, arte urbanoari eskainia; eta Herrixka, Foru plazan, jarduera parte-hartzaileetarako eta gastrogune gisa.
Musikari dagokionez, Atlantikaldia, beste behin, nazioarteko eta tokiko artisten arteko topagune zabala izango da, ‘itsas-elkarrizketak’ deritzan ekimenaren bidez oholtza partekatzeko aukera ere izango dutela. Hala, Pambelé talde afro-kolonbiarra Euskal Herrian bizi den Laura Penagos kolonbiarrarekin batera ikusteko aukera izango da; Kataluniako Muchachito Bombo Infierno Pirata musikari errenteriarrarekin; Marokoko Aïta Mon Amour BihoTX txalapartariekin eta Portugalgo Kumpania Algazarra Mirua talde tolosarrarekin.
Musika eskaintza, gainera, artista zerrenda luze batekin osatu dute, besteak beste, Jumelage, Eider, Ramon Mirabet, Anixe, Kiliki, Luke Armstrong, Aiert, Errenteriako Musika Banda, AimarZ edo Castazabal taldeekin.
Bestalde, Herri Arte Eskolak bosgarren urtez egingo du bere ekarpena. Ikasle eta irakasleek Okzitaniako artistekin batera landutako elkarlanaren emaitza aurkeztuko dute: Joanis Mathieu, Yann Espouy eta Patxi Perezekin Errenterian egindako egonalditik sortu zen pieza taularatuko dute.
Aurtengo hitzordu berezien artean, nabarmena da Palestinako Sol Band taldearen kontzertua nabarmendu du Maite Gartzia Kultura zinegotziak: “ Iaz, Gazako egoeragatik bertan behera utzi behar izan zen hitzordua aurten gauzatuko da eta Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga eta Arkaitz Miner euskal sortzaileak igoko dira haiekin batera oholtzara”.
Dantza, literatura, haur eta familientzako jarduerak, tailerrak eta gastronomia ere izango dira jaialdiaren protagonista. “Atlantikaldia herriko kale eta plazak eraldatzen dituen jaialdia da eta bertan sorkuntza eta elkarbizitza sustatzen dituzten diziplina guztiek dute tokia”, erantsi du zinegotziak.
Izen-emateak eta jarduera bereziak
Atlantikaldiak eskaintzen dituen jarduera guztiak doakoak dira, baina zenbait ekimenetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko dela gogorarazi du Gartziak: bisita gidatu, Sukaldian, Emakumeen Etxeko DJing tailer eta paddle surf saioetan, hain zuzen ere.
Bisita gidatu bereziak egingo dira irailaren 18, 19, 20 eta 21ean, euskaraz eta gaztelaniaz. Parte-hartzaileek aukera izango dute Alde Zaharra, emakume iraultzaileen historia, industria garaiko Errenteria edo itsas sustraiak ezagutzeko. Aurten, gainera, Palestinako errefuxiatuen egoerari buruzko ibilbide tematiko bat ere eskainiko da.
Familientzako bi pista-joko ere izango dira: “5 ateen bila” izenekoa, irailaren 20an, 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua; eta “Errenteriako altxorrak azaleratzen”, irailaren 21ean, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Bi kasuetan, haurrek heldu batekin joan
beharko dute. Horrez gain, Oiartzun ibaian paddle surf egiteko aukera izango da irailaren 20an, arratsaldean, eta Emakumeen Etxean DJing tailer berezi bat antolatu da 15 urtetik gorako emakumeentzat.
Sukaldian, kulturarteko gastronomiaren bihotza
Atlantikaldiaren bereizgarrietako bat da Sukaldian ekimena, gastronomiaren bidez jaialdiak kulturarteko topaketari egiten dion ekarpenik nabarmenena. Herriko elkarte gastronomikoetan herritarrek eta atzerritik etorritako komunitateek elkarrekin prestatuko dituzte hainbat herrialdetako errezetak: Maroko, Aljeria, Ganbia, Mexiko, Ukraina, Mongolia, Venezuela, Galizia eta ijito komunitatea izango dira aurten sukaldaritza prozesu horren protagonistak. Goizeko 10:00etan hasiko dira prestaketa-lanak Errenteriako elkarte gastronomikoetan.
Ondoren, 13:30ean, egindako pintxoak dastatzeko aukera izango da Herrixka gunean, euro baten truke. Bildutako dirua Zaporeak proiektuari bideratuko zaio, solidaritatea eta kultura uztartuz. Horrela, Atlantikaldiak herriko elkarteen lana eta nazioarteko komunitateen presentzia bateratzen ditu, gastronomia elkarrizketa eta bizikidetzarako espazio bihurtuz.