Julius Rodriguez (piano-jotzailea)
Julius Rodriguez piano-jotzailea, bateria-jotzailea, beste zenbait instrumenturen jotzailea, konpositorea eta produktorea White Plains-en (New York) jaio zen 1998an, eta Los Angelesen bizi da gaur egun. Estatu Batuetako jazz-belaunaldi berriko figurarik zirraragarrienetako bat da. Manhattan School of Music Precollege eta, ondoren, Juilliard School izeneko eskoletan jaso zuen prestakuntza, eta bere talentu goiztiarrari esker, New Yorkeko klubetan jo eta talde profesionaletan parte hartu zuen. Talde horietan, berehala nabarmendu zen haren moldakortasuna.
Muga-izaerako artista da berez, jazz garaikidea, gospela, rhythm & bluesa, hip hopa eta musika elektronikoa lotzen ditu naturaltasun harrigarriarekin, eta identitate propioa proiektatzen du beti. Irekitasun estilistiko horri esker, izaera desberdineko musikariekin aritu ahal izan da. Haien artean, honako hauek aipa daitezke: Wynton Marsalis, A$AP Rocky, Kassa Overall, Meshell Ndegeocello, Roy Hargrove eta Carmen Lundy. 61. Jazzaldian, azken horrekin arituko da berriz (Victoria Eugenia Antzokian, uztailaren 22an, 18:00etan).
Julius Rodriguezen diskografiak etiketetatik ihes egiten duen ikuspegi ireki eta dinamiko bat islatzen du. Juliusentzat, jazza inprobisaziorik ausartena, hiri-pultsua, poparen sentsibilitatea eta gospelaren espiritualtasuna elkartzen diren espazioa da.
Agertokian, energia bizia eta kutsakorra, publikoarekiko konexioa errazten duen naturaltasuna eta amaierarik ez duela dirudien sormena agertzen ditu Estatu Batuetako piano-jotzaile gazteak. Zalantzarik gabe, jarraipena egin behar zaion musikaria da.

