Artium Museoak Silueta y otras historias erakusketa aurkeztu du. Irene Kopelmanen (Córdoba, Argentina, 1974) bakarkako erakusketak artistaren ibilbideko hainbat ikerketa eta lan biltzen ditu, naturaren irudikapenaren eta, bereziki, artearen, paisaiaren eta ezagutza zientifikoaren arteko harremanen inguruan garatutakoak. A2 aretoan dago ikusgai eta 2027ko martxoaren 29ra arte bisitatu ahal izango da.
Erakusketaren ardatza Kopelmanek Arabako Peña Carriaseko kareharrizko formazioetan egindako ikerketa-proiektu berria da. Horretarako, hainbat bidaia egin ditu lurraldera, Arturo Apraiz geologo eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslearekin batera. Prozesu horretan, behaketa artistikoa eta lurraldearen azterketa zientifikoa uztartu ditu artistak.
Kopelmanen paisaiarako hurbilketa ikertzen dituen tokiekiko harreman fisikoan oinarritzen da. Epe luzeko proiektuak garatzen ditu, eta ikerketa- eta erregistro-modu ugari erabiltzen ditu, marrazkitik eta argazkigintzatik hasi eta pinturara eta eskulturara. Paisaia erreproduzitu beharrean, naturatzat hartzen dugun hori nola eraiki eta irudikatzen dugun aztertzen du bere lanak.
2002an Argentinatik Herbehereetara joan zenetik, Rijksakademien ikasketak egiteko, Kopelmanek naturaren inguruan modernitateak eraiki dituen irudikapenak aztertu ditu, Europako tradizio piktorikoetan errotutako paisaiaren nozioa barne. Harrezkero, hainbat geografiatara bidaiatu eta talde zientifikoekin lan egin du, formazio geologikoak eta ekosistemak ikertzeko. Erakusketak aurreko lanak ere biltzen ditu, besteak beste Alpeetako glaziarren inguruko ikerketetatik sortutakoak, eta artistak lurralde bakoitzera egokitzen dituen lan-metodoak erakusten ditu.
Silueta y otras historias erakusketak, gainera, 2003tik aurrera Amsterdamen egoitza duen Roma Publications argitaletxe independentearekin elkarlanean garatutako argitalpen-lan zabala jasotzen du lehen aldiz erakusketa batean. Artisten liburuak, argitalpenak eta poster-sailak Kopelmanen jardunaren parte dira; izan ere, haren ikerketak dokumentatzeaz gain, zabaldu eta beste testuinguru batzuetara eramateko aukera ematen dute.
Beatriz Herráezek komisariatu du erakusketa, TEA Tenerife Espacio de las Artesekin lankidetzan ekoitzi da —datorren urtean Tenerifera eramango dute— eta Mondriaan Funden babesa izan du. Erakusketa dela eta, Artium Museoak #Hitzak argitalpen-sailaren 31. alea argitaratu du. Irene Kopelmanen eta Beatriz Herráezen arteko elkarrizketa jasotzen du, baita Sofía Hernández Chong Cuy arte-komisario eta kritikariaren testu bat ere.
Erakusketaren inaugurazioaren harira, urriaren 3an, larunbata, 12:00etan, bisita egingo da A2 aretoan, Irene Kopelman artista bertan dela. Sarrera librea eta doakoa da, eta ez da aurrez izena eman beharrik.
A Matter of Words
Erakusketaren inaugurazioarekin batera, Artium Museoak A Matter of Words argitalpen-praktikei buruzko topaketa ere antolatu du urriaren 4rako, igandea. Jardunaldiak liburu-azoka eta solasaldiak bilduko ditu, eta argitalpenaren eta liburu-denda independenteen inguruan lan egiten duten hainbat profesionalen esperientziak ezagutzeko aukera emango du.
11:00etan, In Good Company: Every Here and There saioan komunitateen sorrera, banaketa-estrategiak eta liburu-denden zeregin soziala izango dituzte hizpide. 16:00etan, berriz, New Directions saioak argitalpen-moduen iraunkortasuna eta etorkizuna aztertuko ditu, besteak beste erakusketa-katalogoak, artisten liburuak eta hezkuntza-argitalpenak. Topaketako jarduera guztietarako sarrera librea eta doakoa da, eta ez da aurrez izena eman beharrik.

