Loraldiak gazte sormena sustatzeko egitasmo berri bat jarri du martxan: aste osoko kultur sormen-egonaldia, sortzaile gazteek beren ideiak garatzeko behar duten hauspoa, denbora eta laguntza profesionala izan dezaten. Egonaldia ekainaren 23tik 26ra egingo da Lekeition, eta helburu nagusia sormen-prozesua abiatzea izango da; ez da beharrezkoa proiektua amaitzea, baizik eta bidea irekitzea.
Deialdia 30 urtetik beherako gazteei zuzenduta dago, banaka zein taldeka aurkez daitezkeen proiektuekin. Arloei dagokienez, kulturaren diziplina guztiak hartzen ditu barne: dramaturgia eta gidoigintza, antzerkia, dantza, musika, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, performancea eta bestelako adierazpide garaikideak. Baldintza nagusietako bat da proiektua euskaraz garatzea.
Egonaldian parte hartzen dutenek gehienez lau eguneko egonaldia izango dute, lanerako espazioak eta baliabide teknikoak eskura. Horrez gain, proiektuaren izaeraren arabera, euskal kulturako erreferente profesional batek tutoretza eskainiko die, aholkularitza artistiko eta teknikoarekin. Antolatzaileek ostatu-hartzea eta mantenu erdiko dietak (gosaria eta bazkaria) ere bermatzen dituzte.
Egonaldia amaitutakoan, Loraldiak konpromisoa hartzen du sortzaileen eta tutoreen arteko harremana mantentzeko, proiektuaren jarraipena errazteko kontaktu-puntu bat eskainiz. Horrez gain, egonaldiko egunetan Lekeition eta Markinan arratsaldez antolatuko diren kultur ekintzetara doako sarrera izango dute parte-hartzaileek.
Izen-ematea zabalik
Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 1era arte egongo da zabalik. Ondoren, martxoan zehar ebaluazioa egingo da, eta hautatutako egitasmoen berri martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran emango da. Parte hartu nahi dutenek euskaraz garatzeko proiektu-ideia izan behar dute, nahi duten tutorea aurreratu, eta izen-emateko inprimakia bete.
Ekimen honekin, Loraldiak beste urrats bat eman du euskarazko sormen garaikidea eta belaunaldi berrien ahotsa indartzeko bidean, sortzaile gazteei espazio babestu eta aberasgarria eskainiz euren ideiak hazteko.

