ARTE ESZENIKOAK
Testua: Kmon

LORALDIA
Loraldia
LORALDIA
Loraldia Festibalak gure kulturaren itsasargia piztuko du bederatzigarrenez
2023-02-22
Loraldiak Festibalaren 9. edizioa aurkezten du. Mailua gara! lemapean, martxoaren 9a eta 26a bitartean euskal kultur proposamenek Bilboko hamaika gune bustiko dituzte. Izan ere, 17 eguneko programazio artistikoa ondu du Loraldiak, arlo eta diziplina ezberdinetako 21 proposamen biltzen dituena.


Mailua gara! da Loraldia Festibalaren 9. edizioaren lema. Gabriel Arestiren poesia bati egiten
dio erreferentzia. Harri eta herri lanean jasota, “Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen
diet poesia mailu bat dela” esaten du. Loraldian metafora hori erabili nahi izan dugu gure asmo
adierazpena bilakatzeko: gu ere mailuak gara eta kolpez kolpe gure unibertsoa zizelkatu nahi
dugu, sormena eta kultur adierazpenen bitartez.


Loraldiaren 9. edizioak 17 egunetan 21 ekintza eskainiko ditu, diziplina anitzekoak: musika,
teatroa, dantza, literatura, bertsolaritza, zinea...
Loraldiaren oinarriari jarraikiz, euskal kulturako izen erreferenteak presente izango ditugu:
Gabriel Aresti, Benito Lertxundi, Maurizia... besteak beste. Hauek izango dira aurtengo
programazioak eskaintzen dituen ikuskizun garrantzitsuetako batzuk.


Hauekin batera, gaur egungo sortzaile nabarmenak: Kukai Dantza Konpainia, Igor Elorza, Rafa Rueda, Castillo Suarez, Ines Osinaga, Iratxe Fresneda, Danele Sarriugarte...; eta sortzaile
berriak eta gazteak baita ere: Formol, Silitia...
9. edizioan iaz hasitako ildoa jarraituko dugu eta Loraldia Terminala eguna ospatuko dugu,
gazte-sormenari eremua eta plaza eskaintzen diona.


Eta ohikoa den bezala Loraldia Festibalean, Loraldiak ekitaldi honetarako espreski sortutako
hainbat ekoizpen propio aurkeztuko ditu.
150 artista inguru igoko dira Loraldiak proposatutako 14 oholtza edo gune ezberdinetara.
Martxoan Bilbo bilkatuko da euskaraz sortutako kulturaren hiriburua.

Loraldiaren produkzioak


Urtero Loraldirako beren beregi sortutako produkzioak ekoizten ditugu. Aurten mota
ezberdinetako lau proposamen sortu ditugu.
Galerna. Azken bidaia dugu Loraldiak 2023an sortutako produkzioa.
Galerna. Azken bidaia itsasoari buruzko begirada emozionala da: ezezagunari beldurra,
sakontasunaren misterioa, naturako indarren aurre ezintasuna, ozeano neurriezinaren poetika,
senideak galtzeko arriskua, mundu berriak deskubritzeko ilusioa, itsas jendearen alaitasuna
edota bertan bizi diren kreaturak irudikatzeko gozamena. Beti ere euskal erroetatik abiatuta
(mitologia, doinuak, testuak, ohiturak, kondariak, dantzak) mundu osoari begirada zabal bat
egiteko asmoz.


Familia osorako ikuskizuna. Haur eta gazteek interpretatuta baina publiko osoari zuzenduta.
Oinarria Leioa Kantika Korala da, beraz musika koralak izango du pisu handiena baina koruari
laguntzeko zuzenean talde instrumental batek, baritono bakarlari batek eta aktore batek parte
hartuko dute.


Leioa Kantika Koralak 20 urtetan mundu mailan haur abesbatzen euskal enbaxadore
garrantzitsuenetako bat izatea lortu du. Basilio Astulez zuzendariaren eskutik, non nahi
bidaiatzen, lehiaketetan irabazten eta euskal musikagileen obrak sortzen, estreinatzen eta
grabatzen ari du.


Bilbon dabil Gabriel Aresti Karmelo Landaren eta Gabriel Aresti Kultur Elkartearen asmo
handiko ekoizpena da. Arestiren sormena Bilboko erdigunera ekarri nahi dute. Gure memoria
izateaz gain, gaurko Bilbo eta Euskal Herria berrinterpretatzeko tresnak dira. Loraldiak bat
egiten du asmo berritzaile hauekin eta egun oso bat eskainiko du.

 

Hiru hitzordu antolatu ditugu egunean zehar. Goizean Ibaizabalen zehar nabigatuko dugu
itsasontziz. Itsasbide gidatua izango da eta Arestiren erreferentziak bilatuko ditugu hiriko
paisaian.


Eguerdiz Kafe Antzokian bazkari-ikuskizun bat eskainiko dugu. Jateaz gain, hainbat idazlek,
antzerkigilek, kantarik, bertsolarik... parte hartuko dute eta Arestiren sormena gaurko
garaietarea moldatuko dugu.


Bukatzeko, iluntzean, Otxarkoagara igoko gara. Bertan arte bisualen bidez sormen berritzaile
bat ikusteko aukera izango dugu. “Jainkoa jaio zen Otxarkoagan” ipuina izango dugu abiapuntu.
Martxoaren 17a Saint Patrick's Day dugu, jai egun handia Irlandan. Hara begira jarri gara eta
landa berde horietan mendez mende sortu den musika tradizioan dzanga egingo dugu. Eire
festa. Irlandako haizeak (cóisir gaeilge) izena jarri diogu musika festa handiari.


Euskal Herriak Eire estimatzen duen adierazpena.


Marmara talde lekeitiarrak zabalduko du atea eta irlandarren doinuen errepublikan murgilduko
gara. Gaelikoz ondutako hainbat kanta a capella kantatuko du. Jarraian, dantza-eztanda egingo
dugu The Poguesen kanta probokatzaileekin. Arrasatetik datorkigun The Potes bandak
McGowanen melodiak moldatzeko erronka hartu du. Haiekin batera McOnak taldekideak diren
Joseba Iturraspe eta Irati Irizar izango dira eszenan.


Eta Loraldia Festibalaren azken egunean, ohikoa denez, geroari begira jarriko gara.
Hausnarketa poetiko hau kate begi berri bat da orain arte Loraldiaren edizio guztietan lotu
ditugun amaiera ekitaldietan. Bertan literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dira eta
etorkizunari begira paratzen gara. Geroa eta oraina gurutzatzen diren lekua izango da berriro
ere Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioa.


Aurten martxoaren 26an izango dugu hitzordu hau. Danele Sarriugarteri eskatu diogu aurten
geroari buruzko testu literario bat sortzea. Emaitzak, Popperra, afterra, utopia du izenburu eta
goiz horretan entzungo dugu lehenengoz, idazlearen ahotik. Testu literarioarekin batera bi
bertsolari (Maddi Ane Txoperena eta Maider Arregi) eta musikari bat (Miren Narbaiza) arituko
dira eszenan. Ohi bezala, Amaia Agirre izango da gai-jartzailea.

Musika


8. edizioan eskainitako Hautsi da Anphora ikuskariaren itzala luzea da eta aurten uzta berri bat
eman du.
Iaz Loraldia eta Korrika Kulturalaren eskutik 1980an Ruper Ordorikak Hautsi da Anphora bere
lehen lana berriro oholtzan eskaintzea lortu zen, Bernardo Atxagaren testuekin onduta.
Arrakasta handiz abiatu zen bira hunkigarri horrek Pott bandako sortzaileak batu zituen eszena
gainean.

 

Aurten iazko biraren zuzeneko grabazioa argitaratuko ditu Pamiela argitaletxeak. Kantak eta
Atxagaren testuak grabazio berean.
Eta lan honen aurkezpenarekin emango diogu hasiera Festibalari, martxoaren 9an Biran.
Martxoaren 11an, esan bezala, musika ere oso presente izango dugu Bilbon dabil Gabriel Aresti
programazioan.


Martxoaren 14an Itsasmuseum-ek Igor Elortzari eta Rafa Ruedari harrera egingo die,
Anonyme popular eskaintzeko. Anonyme Popular edonor izan daiteke, eta, aldi berean, norbait
da. Igor da. Inor. Bere izenean eta besteren abizenean arituz, nitasun garaikide ertzdun bat
dakar hitzetara Igor Elortza bertsolariak, gutartasun lanbrotsu baten erdian. Bere buruaz beste,
besteon munduaz mintzatuz, ispilu deseroso eta maitekor baten aurrez kokatzen gaitu guztiok.
Hitzak jostari josiz jarri ditu bertsoak; noiz sakon, noiz arin. Norbanakoaz eta jendeaz ari da,
maitasunaz eta desiraz, azaletik barrura eta kanpora garenaz, gizonez eta feminismoaz,
euskaldunon iragan hurbilaz eta orainaldi urrunaz, eguneroko nahi eta ezinez. Garaiaz eta
giroaz. Buruz beste bihotzez. Bertsoen hitzaren eta ahotsaren jarrera bereizgarri berekoak dira
Rafa Ruedarekin landu dituen doinuak eta soinuak ere. Rapa, trapa, popa, funkya, mundurako
erritmoak…


Hurrengo egunean, martxoaren 15ean oholtza berdinera igiko dira Joseba Irazoki eta Julen eta
Beñat Axiari aita-semeak. Beñat Axiari, Joseba Irazoki eta Julen Axiari iparrean zein hegoan
diharduten musikari porrokatuak ditugu, sortzaile apartak, eta elkarren artean Bas(h)oan II
izeneko lan harrigarri bezain bizigarria ondu dute, Ipar Amerikako Robbie Basho (1940-1986)
musikariaren lana eta pentsamendua eurenganatuz.


Proposamen artistiko berritzailea eta urratzaile honetan elkarlotzen dira hiru musika egileak.
Tradizioa eta garaikidea gurutzatzen den lekura abiatuko gara. Unibertsala den sormen
harrigarri bat gure zain dago.
Martxoaren 17an Saint Patrick's Day ospatuko dugu Eire Festa. Irlandako haizeak (cóisir
gaeilge) musika jaian.


Hurrengo egunean, martxoaren 18an, Benito Lertxundi izango dugu Loraldian, Askatasunari
ikuskizuna eskaintzeko. Askatasuna du Benito Lertxundik kantak ehuntzeko haria. Kantatzeari
bizitza oso bat eman du eta Askatasuna du bidaide. Saio ilunetan bidegilea izan zen, gaur,
mende erdia baino gehiagoren buruan, sortzeko eta kantatzeko egarria ez du berdindu. Kimu
bat zuhaitzean bezalaxe Orioko bardoak etengabe berpizten du hazia.


Gogo askaitza, autodidakta eta moda, araudi eta ortodoxiatik at kokatu izan den kantaria.
Hamazazpi disko (horietako asko bikoitzak) plazaratu ostean, kanta berriak sortzen jarraitzen du
etengabe. Kontzertu honetan euskal unibertsoan bihurtu diren ereserkiek eta labetik atera
berriek partekatuko dute eszenatokia.

 

Zuzenean azken aldi honetan batu duen lagun taldearekin onduko ditu kantuok, desikastearen
beharraz edota herri menderatuaren oldar askatzaileaz ari zaizkigun kantak.
Martxoaren 21ean Elur zuriren hiru heriotzak eskainiko digu Khontairak Alondegia-Azkuna
Zentroan. Musika, teatroa eta dantza uztartzen ditu ikuskari honek. Testua Ander Berrojalbizek
eta Joseba Sarrionandiak idatzi dute.


Khontairak historian ikertzea du gustuko. Mendez mende igaro den historian murgiltzen dira eta
garaikide bihurtzen du. Oraingoan Grim anaien eskuizkribu zahar bat eta Bela Bartokek
ekialdeko Europan jasotako Erdi Aroko doinu mestizoetan aurkitu du sormen iturria.
Lorazain Eguna ospatuko dugu egun honetan.


Martxoaren 23an Mauriziak ez du inor hil ikuskari berezia izango dugu leku berdinean,
Alondegia-AZn. Oholtzan Maurizia protagonista, beste hamaika emakumeren bitartez: Ines
Osinaga, Lorea Argarate, Itziar Garaluce, Eneritz Dueso, Garazi Egiguren eta Julene Gregorio.
Maurizia Aldeiturriagaren kopletatik abiatuz, euskal folklore digital eta formatu berrietan
oinarritutako zuzeneko ikuskaria da. Kopla zaharrak ezagutzeko, orduko istorioak gugana
ekartzeko, doinu tradizionalei gaur egungo eszenan espazio bat eskeintzeko eta plazandreei
gorazarre egiteko teknologia zahar eta berriekin sortutako proiektua.


Ikuskizun hau kolektibo batek sortzen du eta emanaldi guztiak ezberdinak dira. Loraldian
horrelako arte diziplina uztartuko dira: musika organikoa eta elektronikoa, arte bisualak, argiak
eta dantza. Oraingo emanaldian Julene Gregorio artistarekin batera taldeak Loraldirako bereziki
sortuko du proposamena.


 

Dantza
Martxoaren 10ean Euskalduna Jauregian Kukai Dantza Konpainiak Eta orain zer? formato
handiko koreografia eskainiko digu.
Soka dantzaren inguruko ikerketa eta proposamen artistikoa, dantzari, musikari eta publikoa
espazio berean kokatuko duena.


Martxoaren 16an Arriaga Antzokian Suirrealismoa aurkeztuko dugu. Logela Multimediak eta
Circle of Trust konpainiek sormen-indarrak batu dituzte eta biziki ikusgarria den ikuskizun
berritzaile bat plazaratu dute. Dantza, interakzioa, bideo sorkuntza eta musika uztartzen dituen
sorkuntza.


Logela Multimediaren arte bisualek eta Zaragozatik datorkigun Circle of Trusten break dance
harraigarriak bat egingo dute eszenan. Irudimenak eztanda egingo du erabat garaikidea eta
gaztea den sormen-lan honen baitan.

 

Teatroa
Galerna. Azken bidaia kantata eszenikoaren aurkezpena egingo dugu martxoaren 19ko
iluntzean Arriaga Antzokian. Urtarrilean egin genuen aurre estreinaldia Kultur Leioan eta
oraingoan erronka handia da Arriagako publikoaren aurrean eskaintzea.
Loraldiaren 2023ko produkzio proposamena da.

Literatura
Bilbon dabil Gabriel Aresti egun bereziaz gain, beste hiru hitzordu literario izango ditugu.
Martxoaren 13an Iparagirre kaleko Elkar dendan Kangaroo poema-liburu berria aurkeztuko du
Martin Etxebarriak. Zarauztarraren poemak musikaz lagundurik agertuko zaizkigu dendako
eszenatokian. Berarekin batera Oier Aranzabal arituko da gitarrarekin. Oier Aranzabal Lou
Topet bandaren sortzailea da eta soinu banda jarriko dio irakurraldi honi.
Martxoaren 20an Bidebarrieta Kulturgunera hurbilduko dira Castillo Suárez eta Juantxo
Zeberio, Suárezen Alaska poema liburu berria aurkezteko. Musika Juantxo Zeberiok eskainiko
du.


Alaska izeneko bide bazterreko hotel abandonatu batean kokatutako narrazio batekin
gurutzatuko dira hainbat poema eta doinu. Maiz idatzi da desamodioaz eta abandonuaz, baina
gutxiago tokiekin lotzen gaituen hari ikusezinez, tokien dolua nola egin ez dakigula.
Martxoaren 22an Filosofia saiakeran eta fikzioan izenburupean Iñigo Martinezek eta Olatz
Mitxelenak gogoeta egiteko gonbita luzatuko digute. Biak filosofia-irakasleak eta biak
idazleak, bata saiakeran eta bestea fikzioan. Xabier Mendiguren editoreak gidatuko du
solasaldia eta biek filosofiaz eta euren liburu atera berriez hitz egingo dute: Olatz Mitxelenak
“Arrain hezur bat eztarrian” ipuin bilduma kaleratu berri du, “Pantailen garaipena” saiakera Iñigo
Martinezek.


Eta martxoaren 26an, esan bezala, Loraldia Festibalaren 9. edizioa agurtuko dugu geroari
begira. Literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen Popperra, afterra, utopia emanaldi
bakarra eta berezia izango dugu.

Ikus-entzunezkoak


Martxoaren 11an, esan bezala, Otxarkoaga - Bilbo. Biola bat ala mailu bat ikus-entzunezkoa
proiektatuko dugu etxe baten orman. Otxarkoagatik abiatuta bi gazte Bilbon zehar ibiliko dira.

 

Lehengo eta oraingo hiria izango dute mintzagai. Bilbori buruzko gogoeta bat, Arestiren
begirada kontuan izanik.
Jainkoa jaio zen Otxarkoagan ipuina idatzi zuen idazle bilbotarrak eta horregatik igoko gara auzo
honetara, Arestiren iruditerian garrantzi handia duelako.


Alphax estudioa eta Mikel Clementek Loraldirako sortutako lana da, Karmelo Landaren
gidioiarekin.
Eta martxoaren 24an Iratxe Fresnedak Tetuan bere hirugarren dokumentala aurkeztuko du
Bizkaia Aretoan. Irrintziaren Oihartzunak eta Lurralde Hotzak filmekin hasitako erregistro eta
oroimenaren inguruko filmen trilogia osatu du.


Tetuán pertsona migratzaileei buruzko filma da, non zinema, familia istorioak eta memoria,
igaro leku baten batzen diren. Annemarie, Carmelo, Irina eta Mohamed ditugu protagonistak.
Istorioak elkarlotzen dira eta irudi ederren bidez euren bizitzekin enpatia sortzeko aukera
ematen du dokumental esperimental honek.

Loraldia Terminala


Esan bezala, Loraldia Terminala, gazte sormenerako harrobia da. Iaz hasi genuen bide hau eta
Loraldiaren 8. ediziotik aurrera hilean behin euskarazko gazte sortzaileek plaza dute La
Terminal espazioan, Zorrotzaurreko irlan.


Loraldia Festibalaren 9. ediziorako bost proposamen prestatu ditugu, arratsaldetik eta
gauera arte. Arratsaldean zehar, teatroa, musika, tradizionala eta garaikidea, dantza patinetan
eta bertsolaritza uztartuko dira. Proposamen berritzaile hauek kultur-industria honen lau
espaziotan eszenaratuko dira. Balore berriak deskubritzeko aukera paregabea. Terminal
honetatik gaurko sormen berria aireratzeko prest.


Bertsoekin hasiko gara, eRRe. Aldarri bat bertso emanaldiarekin. Haizea Arana, Leire Vargas,
Aner Euzkitze eta Oihana Arana arituko dira. Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute
emanaldia, antzerkiaz gain, helduentzako ipuin-kontaketak eta poesiak ere badute lekua.
Genero-ikuspegia ardatz hartuta, aztertuko dira LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen
duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten
forma, beste dualismo batzuekin batera.


Ondoren Noiz ez da inoiz galdu? patinetako dantza koreografia eskainiko digute Jon Estefane
Turrezek, Enara Gonzálezek Goikoetxeak eta Naroa Ruiz Mongek. Dantza garaikidea patinetan
ez da ikusi ohi dugun sormen-lana. Enara Gonzalezek kanta bat sortu eta zuzenean joko du. Jon
Estefane eta Naroa Ruiz Monge patinetan arituko dira Natalia Mongeren zuzendaritzapean.

 

Elena Hairak, Maia Iribarnek eta Amaia Hiriartek Habia ikuskizuna eskainiko digute. Nafarroa
Behereako Bastidan kokatzen diren hiru musikari hauek herri kantak eta musika klasikoa
uztartzen dituzte. Berez taldea 2019an sortu zen “Animalia” izeneko ikuskariaren sorkuntza
inguran. Kristof Hiriart dute zuzendari artistiko eta berak hiru soka-jole eta kantarientzat piezak
hautatu zituen. Lehen diskoa plazaratu dute eta denok harritu dituzte herri kantak musika
klasikoaren estetikarekin harilkatzen.


Tradiziotik abiatuta sorkuntza berriak plazaratzen dituzte. Amaren besoetan lokartzen ginelarik
bezala, sentitzen gara Habiaren musika entzutean. Hiru musikariek momentu goxo bat
proposatzen digute, indartsua eta maliziaz josia.
Teatro proposamena izango dugu baita ere Album lanean Formol taldearen eskutik (Edurne
Azkarate, Mikel Ibarguren e Intza Alkain). Gazteei buruzko hausnarketa proposatzen du
Formolek.


Asko hitz egin izan da gazteoi buruz. Millennialok oinordetzan hartutako erantzukizunak kudeatu
ezinean gabiltzanaren diagnosia jaso du Formol taldeak. Ondorengo hitzekin definituak izan
dira: infantilak, prekarioak, frustrazioari intoleranteak, grinarik gabeak, bizitzan galduak,
gainformatuak. Ados, sintomatologia guzti hori gure gainean zamatuko dugu. Gure
belaunaldiaren etiketen jabe bihurtuko gara. Nor gara gu?
Ikerketa hau ez da autopsia bat, ez da erretratu bat, ez da selfie bat. Formol Laborategiaren
lehen Albuma da. Ongi etorri gure kaiolara.


Eta Loraldia Terminalari bukaera emateko musika-kontzertua eskainiko digu Silitia bikoteak.
Ibai Silicato lekeitiarra eta Xabier Barrutia bilbotarra dira taldekideak, Gaztea Maketa
Lehiaketaren irabazleak izan ziren 2022an.


Etengabeko hedapen artistikoan daude, esperimentazioa izan dute bidelagun eta sortzen duten
musika etiketatik at kokatzen da. Euren hitzetan punky-funky-elektro-euskal-rock musika
egiten dute. Melodia argiak, bateria robotikoak eta 80ko harmakadako baxuak gogorarazten
dituen musika, hain zuzen ere.


Eragin eklektikoetatik abiatuta, euren abestietan batzuetan hit diskotekeroak, beste batzuetan
post-punk baladak eta beste batzuetan pop fina entzun daiteke. Zuzenean, ia bikote komiko bat
gisa aurkezten dira, proposamen oso ausartak plazaratuz.

Lorazainei zuzendutako ekintzak


Lorazainak Loraldiaren lagun eta jarraitzaileei zuzendutako programa da. Egun 2000 lagunetik
gora osatzen dute komunitate hau eta babesa horren truke Loraldiak hamaika abantaila
eskaintzen die.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
LORALDIA
Loraldiak oso balorazio positiboa egin du Loraldia Festibalaren 9. edizioaren alderdi guztietan: maila artistikoan, aurkeztut... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Loraldia jaialdiaren zortzigarren edizioa Bilbon egingo da martxoaren 7tik 27ra bitartean, 'Hautsi zen anphora' lelopean; Ber... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Loraldia Kultur Elkarteak bikain baloratzen du 7. edizioa. 20 egunez euskarazko sormenak nagusi izan dira Bilboko kultur agen... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Bilbo euskal kulturaren topagune bihurtuko du beste behin Loraldia jaialdiak martxoaren 8tik 28ra arte. 25 emanaldi izango di... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Bilbo euskal kulturaren topagune bihurtuko du beste behin Loraldia jaialdiak martxoaren 8tik 28ra arte. 25 emanaldi izango di... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Bilbo euskal kulturaren topagune bihurtuko du beste behin Loraldia jaialdiak martxoaren 8tik 28ra arte. 25 emanaldi izango di... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago