ARTE ESZENIKOAK
Testua: Loraldia

LORALDIA
Loraldia
LORALDIA
Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Festibalaren 7. edizio arrakastatsuari bukaera eman dio 
2021-04-01
Loraldia Kultur Elkarteak bikain baloratzen du 7. edizioa. 20 egunez euskarazko sormenak nagusi izan dira Bilboko kultur agendan. 4000 ikusle baino gehiago bildu ditu Loraldia Festibalak, aretoetan eta online eskaini diren esperientzia digitaletan. Aretoen aforoaren %84  beteta izan da.

Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Festibalaren 7. edizioaren balorazioa egin du. Bizi dugun osasun egoerak baldintzatutako edizioa izanda, balorazio positiboa egiten du elkarteak.

Ondorio hau ateratzeko hamaika arrazoi aurkitu ditu Loraldia Kultur Elkarteak. Batetik, bizi duguan egoerari aurre egiteko gai izan garela eta segurtasun eta babes neurri guztiak hartuta, aurrera atera ahal izan dira programatutako ekintza guztiak, kultura segurua dela erakutsiz. 

Bigarrenik, euskal kultur proposamen anitzak erdigunera ekarri direla Bilbora eta Bilbo bilakatu dela hiru astez euskarazko kultur sormenaren erdigunea. Euskal Herri osoko 120 artistetatik gora bildu izan dira Loraldian, 13 areto ezberdinetan.
Sormenareki zor bat genuela aldarrikatu zuen Loraldiak festibalaren leman eta erantzuna eman diogu horri.

Hirugarren, formatu, estilo, sormen anitzak ekarri izan dituela. Sortzaile berri ugari aurkeztu dira Loraldiaren edizio honetan eta publikoak deskubrimendu handiak egiteko aukera izan du. Hausnarketa egiteko eta ikuspegi kritikoa lantzeko aukerak izan ditugu baita ere.

Azkenik, publikoaren erantzun paregabea azpimarratu nahi du Loraldia Kultur Elkarteak. Programazioak harrera paregabea izan du eta aretoak lepo bete dira. Ikuspegi artistikotik, publikoak gozatu egin du. Eta jarrera aldetik, segurtasun eta babeserako baldintza guztiak bete izan ditu.

 

Loraldia Festibalaren 7. edizioko datuak

20 egunetan zehar 26 ekintza ezberdin burutu dira Loraldia Festibalaren 7. edizio honetan, Bilboko erdiguneko 13 areto ezberdinetan. Festibala luzea da, are gehiago bizi dugun egoera kontuan hartzen badugu.

Euskal Herri osotik heldu zaizkigun 120 artista baino gehiago pasatu dira Loraldiatik edizio honetan. Sortzaileek aukera izan dute euren proposamenak Bilbo den hiri handian ezagutzera emateko. Eta publikoak aldi berean, aukera izan du artista berriak deskubritu eta sormen berrietaz gozatzeko.

Ikusle kopuru aldetik, 4.000  lagun batu ditu Loraldiak aforoaren murrizketak agindu duen arabera. Berez, aretoen aforoaren %84  beteta izan da. Horrez gain, milaka pertsona kanpotik konektatu da esperientzia digitaletan. 

 

Balorazio artistikoa

“Izotza urtzen denean, zer geratzen da? Gu eta kantak” entzun genuen Xabi San Sebastianen ahotsetik, Arriaga Antzokian. “Xabier Leteri kantari” iragartzen zuen ikuskizun honetan bertso zaharrak eta bertso berriak, kanta zaharrak eta kanta berriak uztartu ziren Leteren unibertsoari begira, Emozio bete mendi bat igo eta jeitsi genuen. Leteren berbak erreferente erraldoia badira gure iruditerian eta gaurkotzen direnean bizi-bizirik ziztatzen dira gure baitan. Xalbador bertsolaria ere taula beretik igaro zen, Beñat Gaztelumendi esker. Pianoan, berriz, Euskal Herrian dagoen piano jotzalerik xarmangarrienetakoa den Joserra Senperena jesarri zen eta Kataluniatik etorri zitzaigun Quico Pugés, biolotzeloarekin. Laukoteak euskaldunak izateko harrotasuna biztu zigun.

Mende erdi bat dago Leteren sorkuntza eta Pello Reparazenaren artean. Loraldian egun batez egin genuen denboraren jauzi hori. Leku berean, Arriagan geunden tekno musikari eusten. Gipuzkoatik Nafarroara instant batean. Munduko gaurko joerak Loraldian. Zetak-ek, Pello Reparazen taldeak, bi urte baino ez du eta gai da euskal ikusleak biziki berpizteko, bihotzak astintzeko eta areto handiak lepo betetzeko. Musika festa zoragarria izan zen. Pandemiak besaulkira lotu gintuen baina gure arima dantzan mugarik gabe altxatu zen. 

Loraldiaren mezua arteza da: izan ginelako gara eta garelako izango gara. 20 egunez busti gara, garaikidea ari duelako. Zein ederra izango den zioen Zetak taldeak, Zoriontsuak izatea aukeratu genuen Mikel Ayllonek idatzi zuen azken ipuin liburuaren azalean. Guk esango genuke zoriontasun handi bat sentitu dugu festibal osoan zehar, oztopo guztien gainetik udaberriko plaza beterik izan baita.

Arabatik zetorren Mikel Ayllon. Lagunekin Piszifaktoria kolektiboa sortu berri du eta audio esperientzietan murgildu dira. Edizio honetan bi esperientzia ekarri zituzten. Arestian aipatu dugun liburuaren ipuin bat eta Bilboko kaleetan barna abiatzen den ibilibe bat. Bietan aurikularrak protagonistak. A zer nolako irudia zen erabateko isiltasunean zegoen aretoan entzungailuak jarrita ikusleak ikustea. Bien bitartean bi aktore tauletan antzezpen mutua plazaratzen. XXI. mendeko irudia, zalantzarik gabe.

 

Irudi garaikideak ere dantza mundutik datoz. Hiru sorkuntza izan dira gurean. Iparraldetik Elirale konpaia zetorren O! ikuskizunarekin eta izenburuak dion bezala aho bete hortz geratu ginen. Xumea, samurra eta batez ere oso ederra. Oihan Idiart dantzari bakarra zirkulu baten erdian eta Thierry Biscaryren melodiak ahoan. Ametsetan egin genuen dzanga eta itsaslaminekin aritu ginen dantzan. 

Beste aldetik, Errimak bi oinetan sentikariak, Haatik konpainiaren azken sormen lanak, dimentsio berri batera eraman gintuen. Atzoko eta gaurko dantza bertsoekin partekatzean, istorio ulergarriagoekin gozatzeko ahalbideratzen du. Egunerokotaunarekin lorturik, dantza inprobisatuek (bertsoak bezala) izugarrizko poza biztu zuten ikusleen erraietan. 

Dantzaren eremu honetan Garazi Etxabururekin egiten dugu topo. Lurretik abiatu zen, oihalak puskatu eta biziaren aldeko dantza eskatu zen. Pablo Arriaga artista plastikoarekin ari da lanean azken aldi honetan eta bidegurutze honetan (eskultura eta dantza garaikide gurutzaten diren honetan) irudi eta sentimentu berriak plazaratzen dituzte.

Itsasoari begira dagoen herria gara. Zura eta Ura proposamen artistikoan argazkigintzak eta literaturak (Miren Agur Meabe lekeitiarra eta Leire Bilbao ondarrutarra) bat egiten zuten. Oroimeneko portura abiatu ginen begirada erromantiko batekin. Nortasuna ez ote gara galtzen itsasportuetan desagertutako egur eta koloren ondorioz? Zurezko urdina, berdea eta gorria zeuden lekuan gaur fibrazko zuria da nagusi. Kezka ipar haize beltzaren menean geratu zen. Berriro ere globalizazioaren kezka berton.

Gazteek ez dute soka eten eta Loraldian babes kaia aurkitu dute. Zeharo dotorea izan zen Haizea Martiartuk ekarri zuen Ensemble. Katalunia, Andaluzia, Kastilla eta Euskal Herriko musikariek bat egin dute Bartzelonan eta Mediterraneotik Bilbora etorri ziren euskal folka jazz bihurturik. Ausarta oso Martiartu. Emaitza fina, ederra eta oso sendoa. Bide luzea opa nahi diogu. Martiartu bezalaxe, hainbat sortzaile berri ari dira lehen urratsak ematen kultur industrian. Idoia Asurmendi, Garazi Etxaburu, Erika Olaizola, Olatz Salvador, Irati Agirreazkuenaga, Maddalen Arzallus, Ane Labaka… emakumeak eta gazteak. Denek izan dute aterpe festibalean.

Emakumeak eta eszena gaia, hain zuzen ere,  jorratu genuen esperientzia digital batean, Bozak. Bertan, Idoia eta Olatz Salvador kantautoreen lan berriak ezagutzeko parada ere izan genuen. Hitzordu sentibera eta xarmangarria. Maddalen Arzallus bertsolariak gidatu zuen solasaldia eta Itziar Ituño aktoreak, Ane Labakarekin batera hainbat iritzi plazaratu zuen. Emakumeen kristalezko sapaia agerian geratu zen. Datuak tematiak dira, gaur egun euskal eszenan emakumeen presentzia %30 baino ez da (sortzaileak.eus web gunearen datuen arabera). 

Zer gutxi ezagutzen dugu euskal ekialdia? Bilbotik altxatu zen haizea. Agosti Xaho eta Pierre Topet Etxahun erreferenteak heldu ziren Loraldiara. XIX. mendean kokatu ginen eta gure kontzientzia esnatuko zuten bi sortzaile hadi  aurrean.  Asisko Urmenetak Xahoren nafar bidaia margotu zuen. A zer liluragarri Ihintz Potorenak a capella interpretatu zituen zuberoako kantak! “Zazpiak bat” aldarrikatu zuen kazetariak eta politikariak, Etxahun izan zuen alboan. Mixel Etxekoparrek eta bere bandak koplakariaren kanta zorrotzak eta bizitza latza nolabaiteko kabaret bihurtu zuten. Loraldiak gure barneko mugak suntsitu nahi ditu eta kultur zubiak eraiki. “Mauletik Bilbora” adierazi zuen Etxekoparrek. Ezin dugu herri bat eraiki geure burua ez badugu ezagutzen. 

Iraganetik garuko esperimentazio sasoira. Gora poesia ergela! oihu egin zuen Bigara kolektiboak. Berbekin artea (plastikoa eta bisuala) egitea ez da ahuntzaren gau erdiko eztula. Abere ba: ulu ala ele festibaletik igaro den proposamen artistikorik berritzailenetako bat izan da. Palindromoak protagonista. Hitz jokoak, piztitegi berria, Amoranteren soinu iradokitzaileak, Joxan Artzearen itzala… aitzindari den ikuskizun berritzaile baten osagaiak. Zur eta lur utzi gintuzten.

Txalaparta dugu antzinatik garaikidera jauzia egin duen musika tresnarik nabarmenetako bat. Aurten bi esperientzia berri izan dugu eszenan. Alde batetik, Broadwayn sortu zen klake dantza txalapartarekin uztartzea ez da egunero ikus dezakegun sormena. Aura teatro taldeak estreinatu zuen Txak Txak ikuskizunak zine mutu garaietara eraman gintuen gaurko estetika eta umorez jantzita. Bidegurutze bikaina, zalantzarik gabe. 

Basabi taldeak, berriz, txalaparta musika klasika eremura eraman du Kronos izeneko lehen diskoan. Izugarrizko kontzertu fina eta ederra. Kalitate handiko taldea da eta lehen urrats hauetan musikari bikainak direla erakutsi du.

Zinema arloan aurten hiru zinta proiektatu ditugu. Ororen gainetik Oskar Alegriaren Zumiriki filma nabarmendu beharrean gaude. Tenorea eta memoria ditu ardatz. Zumiriki arte lan handi bat da. Bi orduko poesia bisuala. Veneciako Festibalean arrakasta handiz estreinatu zen eta Loraldiak euskarazko bertsioa plazaratzeko aukera izan du. Gauerdia da Pirinioetako artzain baten bordan. Azken eguna da artzainarentzat. Alegriak galdera egiten dio: begiak itxita zer ikusten duzu?. Artzainak erantzuten du: Zenbateko dira izar anitz? Zirraragarria. 

Honez gain, Kukaik Bizimina ekarri zuen, konfirmanenduan sortutako dantza koreografiak filmatu ahal izateko. Eta Ainhoa Urgoitiak Margolan bat oparitzen didazu? dokumentala eskaini zuen. Honen bidez hainbat abangoardiako artistaren performance ikusteko aukera izan genuen. Gaurko adierazpide berrien lekukotasuna.

Teatroan bi lan aurkeztu ditugu. Joseba Sarrionandia berrio ere izan da Mikel Antzaren eskutik. Pessoak kartzelatik atera zuen Sarrionandia antzelanak bi plano ditu. Euskal idazlearen Pessoaren “O Marinheiro” teatro lanaren itzulpena eta Mikel Antza sortzaile beraren biografia. Euskal gatazkaren gako batzuk, alde batetik, bestetik bizitza eta heriotzari buruzko hausnarketa poetikoak. Lan soila eta xuxurlatuz egina. Narratiba berria Loraldiak sustatuta.

Beste mutur batean kokatu zen Esnatu naiz kabareta. LGTBI kolektiboaren kezkak kaleratzeko tresna ona da teatroa. Andoni Mutiloaren lehen lan artistikoa da eta barnean duen artista emankorra taularatu zuen: kantuka, dantzan, interpretatzen… Lan alaia, umorez josita eta batez ere gizartea eraldatzeko amoarekin burututa. Zabal ditzagun gure begiradak!

Literaturari dagokionez, Karlos Linazaso tolosarraren poesia entzun genuen 7 kaleetan. “Ez da galdetzen argia. Berez da berezkoa, urdina edo bustia, garaiezina”. Testu ederrak ziren Joxan Goikoetxearen soinuaren laguntzaz dena ederrago. Antzine Mendizabalek Odolekoak liburuaren mamia kontatu zigun Alain Agirreren laguntza zorrotzarekin.

Rol Jokuak ere imajinatu genituen Alondegiko Mediatekan. Bi mahai, bi norabide, bi istorio distopiko gaurko garaietara moldaturik. Ate berri bat zabaldu dugu. Mahaia ere Dantzertin jarri genuen. Inguruan euskal dantza garaikidea aztertu zuten hainbat sortzailek. Ez dago tradiziorik. Dena dela garaikidea aldarrikatu zuten.

Teloia ixteko, aurreko sei urtetan bezalaxe, literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen duen sentikaria plazaratu genuen Guggenheim Museoan. Unai Elorriagaren narrazioa, Opeilako Erlea, hemedik hiru mila urtera kokatu zen. Hausnarketa sentikorra heriotza zen. Ba al du zentzurik heriotza bako bizitzarik? Bertsolariak, Oihana Iguaran eta Jone Uria  bikain aritu ziren eta Fermado Velazquezek sortu berri zuen soinu banda ezin egokiagoa zen. Emozioak jota bukatu genuen, eszenakoak nahiz aretoko ikusleok. Begiak bustita, tximeletak sabelean. 

Gora bihotzak! azken puntuan. Festibalari amaiera ezin hobea. Hasi gara dagoeneko 8. edizioa prestatzen.

 

 


Segur aski asko interesatuko zaizu...
LORALDIA
Loraldiak oso balorazio positiboa egin du Loraldia Festibalaren 9. edizioaren alderdi guztietan: maila artistikoan, aurkeztut... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Loraldiak Festibalaren 9. edizioa aurkezten du. Mailua gara! lemapean, martxoaren 9a eta 26a bitartean euskal kultur proposa... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Loraldia jaialdiaren zortzigarren edizioa Bilbon egingo da martxoaren 7tik 27ra bitartean, 'Hautsi zen anphora' lelopean; Ber... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Bilbo euskal kulturaren topagune bihurtuko du beste behin Loraldia jaialdiak martxoaren 8tik 28ra arte. 25 emanaldi izango di... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Bilbo euskal kulturaren topagune bihurtuko du beste behin Loraldia jaialdiak martxoaren 8tik 28ra arte. 25 emanaldi izango di... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Bilbo euskal kulturaren topagune bihurtuko du beste behin Loraldia jaialdiak martxoaren 8tik 28ra arte. 25 emanaldi izango di... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago