ARTE ESZENIKOAK
Testua: Loraldia

LORALDIA
Loraldia
Loraldia Jaialdiak 30etik gora emanaldi eskainiko ditu Bilbo 12 antzeztokitan
2018-12-30
2019ko martxoaren 12an hasi eta hilabete luzez, apirilaren 7ra arte, iraungo du Loraldia Festibalaren 5. edizioak. Edizio honetan, euskal kultur unibertsoaren izen handiak izango dira protagonistak beste behin ere. Ia 30 ekintza ezberdinek osatuko dute programa, Bilboko hamabi leku ezberdinetan garatuko direnak.

Festibala sendotuta dago lau edizioen ondoren eta Loraldia Kultur Elkartearentzat 5. hau zenbaki borobila da, finkatzea lortu duenaren adierazgarri. Euskal artistentzat erreferentziazko ekimena bilakatu da; publikoak urtez-urte babesa adierazten du; eta erakunde publikoen eta eragile pribatuen laguntza bilatzeari ekiten dio Elkarteak. 2019ko edizioa Durangoko Azokaren azken jardunaldian aurkeztu dute.

Euskal kulturaren erreferentziazko izen eta eragile handi batzuk izango dute presentzia ekitaldietan: Joseba Sarrionandia, Artze, Verdes liburudenda…
Eta hauek gogora ekartzeko ikuskizun bereziak prestatu ditugu, beste izen handi batzuen parte hartzearekin. Horrela, 5. edizioan izango ditugu, besteak beste: Eñaut Elorrieta, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Mikel Urdangarin, Miren Narbaiza – MICE-, Ines Osinaga, Joseba Irazoki, Xabi Paya, Sustrai Colina, Juan Carlos Perez, Natxo de Felipe, Itxaro Borda, Miren Amuriza, Mursego, Iratxe Fresneda… Ehun artista baino gehiago izango ditugu Festibalean.

5. edizioan arlo ezberdinak jorratuko dira: musika, teatroa, dantza, literatura eta bertsolaritza, artea, zinema… Eta diziplinen arteko fusioa gauzatuko da ohikoa den bezala.

Bestalde, Loraldia Kultur Elkartearen misioan dago XXI. mendean garatutako euskararen kultura barreiatzeko eta sustatzeko beharrari erantzuna ematea, eskaria erakartzeko eskaintzaren sorrera bultzatuz. Horregatik Elkarteak produkzio propioak sortu eta sustatzen ditu. Edizio honetan ere horrelakoen erabateko bi estreinaldi izango dira, Lehen Mundu Bira, Elkanoren lemapean; eta Euskaltzaindiaren babes pean eskainiko den Biz Hitza dantza ikuskizuna.

Artista, ekoizle, elkarte eta eragileen arteko kolaborazioa sustatzen du Loraldia Festibalak. Aurtengo edizioan horren isla izango da Euskaltzaindia, Euskal Kultur Erakundea, Susa literatura edota Fant festibalarekin bideratuko diren elkarlanak.

Loraldia.eus webgunea

Loraldia Kultur Elkarteak Durangoko Azokan aurkeztuko ditu abenduaren 9ko arratsaldean Festibalaren nondik norakoak.
Eta horrekin batera loraldia.eus webgune berria baita ere.

Webgune berrian erabiltzaileek festibalak iraungo duen egun bakoitzean eskainiko diren ikuskizun eta beste ekintzak kontsulta ditzakete.
Ikuskizun bakoitzak informazio osoa jasotzen duen espazio berezia dauka webgunean, datu praktikoak eta ikuskizunari dagozkionak baita ere, parte hartzaileak eta abar.
Sarrerak zuzenean erosteko esteka bertan izango dute, bai publiko orokorrari zuzendutako salmenta eta bai Lorazainek izango duten prezio berezian erosteko aukera.

Webgunea euskarri eramangarrietan ondo ikusteko moldatuta dago eta erabilera ahalik eta erraz eta esperientzia onena eskaintzeko diseinatu da.

Edukiei dagokionez, festibalaz gain Loraldia Elkartearen berri ematen da bertan. Alde batetik, Elkarteari buruzko informazioa eta edukiak eta bere estrategian biltzen dituen egitasmo eta helburuak.
Bestetik, Loraldia Eskola programari tarte berezia eskaintzen zaio, aurten martxan dauden proiektu ezberdinen inguruko informazioa jasotzen delarik.
Eta hirugarrenez, Elkartearentzat ere garrantzitsua den aldea, Lorazainei eskainitako espazioa ere badago: talde honek dituen abantaila eta aukeren deskribapena eta Lorazain bezala batzeko aukera zuzena eskainiz.

Azkenik, erabiltzaileek zuzenean Elkartea eta ekintzei buruzko informazioa eskuragarri izango dute berriak jasoko dituen atalari esker. Festibalak dirauen bitartean, hemen bilduko dira ekitaldi eta ikuskizunen ingurukoak.

Lorazainei zuzendutako kanpaina berezia

2017an Lorazainen komunitatea jarri zuen martxan Loraldia Elkarteak. Honen bidez, festibala lagundu nahi duten norbanakoak biltzen dira.
Webgunearen bitartez Lorazain gehiago gehitu daitezke talde honetan.

Lorazain izateak ez dio inolako baldintza edo egin beharrekorik suposatzen norbanakoari, baina, ostera, hainbat abantaila eta aukera eskaintzen dizkio: talde honi zuzentzen zaizkion ikuskizun eta ekintza bereziez gozatzeko aukera; ikuskizunetako sarrerak prezio berezian eta aldez aurretik erosi ahal izatea; ikuskizunei buruzko informazioa lehentasunez jasotzea; opari bereziak eta abar.

Edizio honetan ere horrelakoak izango dira eta abenduaren 6tik hasita eta otsailaren 28ra bitartean talde hau osatzen duten norbanakoek Festibalerako sarrerak prezio berezian erosteko aukera izango dute. Data horretatik aurrera, prezio arruntean erosi beharko dituzte.

Prezio berezi honetan erosketa egiteko, loraldia.eus webgunean zuzenean egin beharko dute. Ikuskizun bakoitzari dagokion informazioan sarreren kostua agertzen da eta Lorazain bezala erosteko esteka zuzena aurkituko dute.

Lorazain bilakatzeko programa urte osoan zehar zabalik dago. Esan bezala, doakoa da eta abantaila ugari eskaintzen ditu. Loraldia Festibalaren laguna izateko soilik dagokion atalean aurkituko duten inprimakia betetzea behar da.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
LORALDIA
Loraldiak oso balorazio positiboa egin du Loraldia Festibalaren 9. edizioaren alderdi guztietan: maila artistikoan, aurkeztut... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Loraldiak Festibalaren 9. edizioa aurkezten du. Mailua gara! lemapean, martxoaren 9a eta 26a bitartean euskal kultur proposa... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Loraldia jaialdiaren zortzigarren edizioa Bilbon egingo da martxoaren 7tik 27ra bitartean, 'Hautsi zen anphora' lelopean; Ber... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Loraldia Kultur Elkarteak bikain baloratzen du 7. edizioa. 20 egunez euskarazko sormenak nagusi izan dira Bilboko kultur agen... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Bilbo euskal kulturaren topagune bihurtuko du beste behin Loraldia jaialdiak martxoaren 8tik 28ra arte. 25 emanaldi izango di... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Bilbo euskal kulturaren topagune bihurtuko du beste behin Loraldia jaialdiak martxoaren 8tik 28ra arte. 25 emanaldi izango di... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Bilbo euskal kulturaren topagune bihurtuko du beste behin Loraldia jaialdiak martxoaren 8tik 28ra arte. 25 emanaldi izango di... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago