Getxoko 49. Nazioarteko Jazzaldiak baditu jada Talde Lehiaketako irabazleak. Epaimahaiak Lurium talde frantziarra aukeratu du lehen saridun, eta Cristopher Pérez Quartet taldeari eman dio bigarren saria. Horrez gain, Levi Harvey Luriumeko piano-jotzaileak Bakarlaririk Onenaren saria jaso du.
Jazz garaikideko seikotea da Lurium, eta jazz modernoaren hizkuntza gaur egungo musikaren eraginekin uztartzen ditu. Taldearen errepertorioa jatorrizko konposizioetan oinarritzen da, erritmo organikoak, harmonia landuak eta soinu-paisaia zinematografikoak elkartuz. Victor Maisonneuve, Oscar Viret, Loan Buathier, Cyril Drapé, Tamino Edener eta Levi Harvey musikariek osatzen dute taldea, eta bakoitzaren nortasunak taldearen izaera kolektiboa indartzen du.
Bigarren saria Cristopher Pérez Quartet taldearentzat izan da. Lanzarote, Madril eta Murtziako musikariek osatutako laukoteak jazz garaikidea eta askotariko eragin musikalak uztartzen ditu, jatorri anitzen aberastasuna bere proposamenaren ardatz bihurtuz. Taldeak 2024an Espainiako Musika Gazteen Lehiaketa Nazionala irabazi zuen, eta ordutik proiekzio nabarmena lortu du.
Bakarlaririk Onenaren saria, berriz, Levi Harvey piano-jotzailearentzat izan da. Luriumeko kideak bere sormenagatik eta adierazkortasunagatik nabarmendu da lehiaketako emanaldietan.
Lehen sariari esker, Lurium taldeak 4.500 euroko diru-saria eta zuzenean grabatutako disko bat eskuratuko ditu. Gainera, igande honetan bertan Muxikebarriko agertokira itzuliko da, Immanuel Wilkins saxo-jotzaile estatubatuarraren kontzertuaren aurretik. Halaber, talde frantziarrak Eivissako Jazzaldian parte hartuko du, bi jaialdien arteko lankidetza-hitzarmenari esker. Cristopher Pérez Quartet taldeak 1.900 euro jasoko ditu, eta Bakarlaririk Onenaren saria 950 eurokoa izango da.

