MUSIKA
Testua: Durangoko Azoka

Durangoko Azoka sormenaren lurraldea izango da abenduaren 6tik 10era
2017-10-17
Jose Antonio Sistiaga margolaria izango da 52. edizioko kartelaren egilea. Kartelaren oinarria pelikula esperimental bateko filmina da, eskuz margotutako zeluloidea. Irudiak "unibertsoaren sorrerara egindako bidaia" iradokitzen du. 52. edizioko leloa "Sormenaren lurraldea DA!" izango da. Kultur eragile guztiak batzen dituen espazio moduan agertu eta bertan ematen diren istorioak, ikuskizunak, abenturak... aldarrikatu nahi ditu lelo horrekin Azokak. Bost eguneko azoka izango dugu hirugarren urtez: abenduaren 6tik 10era. Ikasle Eguna bigarren egunean ospatuko da, eta jada tailer guztien izen emateak bete dira. Arratsaldean helduentzako tailerrak antolatuko dira, izen ematea zabalik dago.

Durangoko Azokak 52. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, urriak 17, Durangoko Kurutzesantu Museoan egindako prentsaurrekoan. "Sormenaren lurraldea DA!" izango da aurtengo lelo orokorra, Azoka sormenari begira jarriko baita aurten. Edizio honetako kartelaren egilea Jose Antonio Sistiaga margolaria da, bere pelikula esperimental bateko filmina batean oinarrituz.

 

Aurkezpenean, Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariekin batera, babesle publikoetako ordezkariek parte hartu dute: Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea), Ana de Castro (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria), Aitziber Irigoras (Durangoko alkatea) eta Maria Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria). BBK, Euskaltel eta Eroskiko kideak ere izan dira, Azokako babesle pribatuetako ordezkari gisa.

 

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu du edizio honetako lelo nagusia: Sormenaren lurraldea DA! "Gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza".

 

Aipatu duenez, bost dira lurralde honek dituen elementu nagusiak: sortzaileak, hartzaileak, azpiegiturak, sareak eta kultur politikak. "Bost elementuek bizia hartzen dutenean gertatzen dena zoragarria da: sortzaileak hartzaileak dituela, entzuleak plazera aurkitzen duela eta plazerak plazer berritua sortzea dakarrela". Izan ere, sormenaren lurraldeak, duela hamar urte hartzaile zena gaur sortzaile izatea ahalbidetzen du.

 

"Durangoko Azokan gauza asko gertatuko dira: jendea eta jendea, liburuak eta diskoak, istorioak, abenturak, doinu berriak, ikuskizun harrigarriak, emozioa, pasioa, gogoeta...". Mujikak gogoratu duenez, 52 egun falta dira 52. ediziorako. Gonbidapena egin die bisitariei Durangora gerturatzeko: "Bost egun eta 50 ordu dituzu errutinatik atera eta sormenaren lurraldea bizitzeko. Bidaiatu sormenaren lurraldera!".

 

Sistiagaren artelana

Edizio honetako kartelaren aurkezpena izan da gaurko prentsaurrekoaren bigarren osagai nagusia. Jose Antonio Sistiaga margolaria izan da "sormenaren lurraldeari" irudia jartzeko arduraduna. "Impresiones en la alta atmosfera" pelikula esperimentalaren filmina batean oinarritutakoa da. 1989. urtean egin zuen, filmina guztiak eskuz margotuz, kamera barik. Lanak zazpi minutuko iraupena du, 10.000 filminaz osatuta dago eta ikusleak "munduaren sorrerara bidaia" egiten du. Gerediagako kide Txelu Angoitiak azaldu duenez, "bidaia luze horretatik, zeluloidean margoturiko milaka izar eta planetetatik bakarra berreskuratu dugu sormenaren lurraldea islatzeko".

 

 

 

Sistiagak 1968. urtean erabili zuen lehen aldiz zeluloidean margotzeko teknika hau, "Era erera baleibu izik subua aruaren" pelikula esperimentalean. Teknika berritzailea izan zen, filmina guztiak eskuz margotutako lehenengo pelikula izan zelako, eta gaur egun eskuz margotutako film luze bakartzat hartzen da. 100.000 filmina baino gehiago margotu zituen, 17 hilabetez.

 

Sistiaga 1932. urtean jaio zen Donostian eta Euskal Herriko margolari garrantzitsuenetako bat da. Margolaritza ikasketak Parisen egin zituen, eta 1966. urtean Gaur Euskal Artisten Elkartean parte hartu zuen, Oteiza, Txillida, Zumeta eta beste artista batzuekin batera. Azken urteetan hainbat erakusketa egin ditu nazioarteko museo eta galerietan.

 

 

Ikasle Eguna, leporaino

Aurreko urteetan bezalaxe, aurten ere ikaslez lepo izango dugu Ikasle Eguna. Bigarren egunean ospatuko da, abenduak 7, eta goizean Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetako ikasleek hainbat tailer izango dituzte eskura. Irailean ireki zen izen ematea, eta jada Ikasle Eguneko tailerretako leku guztiak bete dira. Egun honetan, ikasleak etortzeaz gain, publiko orokorrak ere Azokako ateak zabalik izango ditu.

 

 

Helduen tailerrak,  bigarren urtez

Iaz lehenengo aldiz, Durangoko Azokak helduentzako tailerrak antolatu zituen Ikasle Egunaren baitan, batik bat berbalagun eta euskaltegietako ikasleei begira. Aurten bigarren aldiz helduentzako tailerrak antolatuko ditu Azokak. Izena emateko epea (www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez egin beharko da) zabalik egongo da urriaren 31ra arte.

 

Tailer guztiak abenduaren 7an izango dira, arratsaldez, hainbat gunetan:

 

- Rap tailerra, musika hiri-kulturak (Ahotsenea musika, 16:30ean). Tailerraren hasieran azalduko da zer den rapa, nondik sortzen den eta zer nolako tokia hartu duen gure kantagintzan. Bigarrenik, saio praktiko batzuk egingo dira. Helburu nagusia rapera hurbiltzea da euskal rapero baten eskutik.

 

- Durangoko bonbardaketako aztarnak, bisita gidatua (Areto nagusia, 17:30ean). 80 urte dira Durango bonbardatua izan zela. Gaur egun, oraindik, erasoa izan zela agerian uzten duten aztarnak daude. Durangoko kaleetan zehar egingo den bisitan, aztarnak ikusi eta bonbardaketa nola gertatu zen ezagutzeko aukera izango da.

 

- Bikoizketa tailerra (Irudienea, saio bi, 16:30ean eta 18:30ean). Telebistan ohikoak diren telesail eta filmetako pasarteak nola bikoizten diren ikasiko dute parte hartzaileek, bikoizle profesionalen eskutik.

 

- Autodefentsa digitalaren hastapenak (Kabi@, 16:30ean). Tailerrak mundu digitalak pribatutasunaren inguruan jartzen digun erronken inguruan hausnartzea du helburu. Hitzaldi labur baten ostean, gure sakelako telefonoetan geure burua defendatzeko neurriak hartzen ikasiko dugu app eta konfigurazio ezberdinak erabiliz.

 

Azoka herriz herri!

Irailaren 29an Tafallan lehenengo geldialdia egin eta gero, Durangoko Azokak herriz herri jarraituko du hurrengo asteetan, Ahotsenearen 10. urteurrena ospatu eta kulturaren plaza zabaltzeko asmoz. Hurrengo geltokia Bilbon izango da, urriaren 20an, Biba kulturgunean. Argazki erakusketarekin batera, emanaldia egongo da Mikel Etxaburu idazlea eta Kintsukoroi musika taldearekin, 20:00etan. Erakusketa jada ikus daiteke BIBA eta Adaxkan.

 

Horren ostean Gasteizen eta Azpeitian ere hitzorduak egongo dira, azaroan.

 

- Bilbo DA! Urriaren 20an, 20:00etan BIBA kulturgunean. Mikel Etxaburu idazlea + Kintsukoroi musika-emanaldia. Argazki erakusketa urriaren 16tik 31ra, BIBA eta Adaxkan.

 

- Gasteiz DA! Azaroaren 3an, 20:00etan Oihaneder Euskararen Etxean. Keu Agirretxea & Jon Gurrutxaga musikariak eta Karmele Jaio. Erakusketa azaroaren 3tik 19ra.

 

- Azpeitia DA! Azaroaren 16an, 20:00etan San Agustin Kulturgunean. Gorka Urbizu musikaria + Gotzon Barandiaran idazlea. Erakusketa azaroaren 20tik abenduaren 3ra arte.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
Introspekzioa, itxurazko inprobisazioa eta nolabaiteko osagai onirikoa iradokitzen duten soinu-paisaia kezkagarriak ardatz, E... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Otsailetik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoko Atrioa zuzeneko musikaz blai izango da Kutxabank babesle duen Art & Music progr... (gehiago irakurri)
GEREDIAGA ELKARTEA
● Gazteek erantzun ona eman diote deialdiari. Aurrerantzean ere, euskal kulturaren transmisioan ekarpena egiten jarrait... (gehiago irakurri)
SALA BBK
BBK ON STAGE zikloaren laugarren denboraldia Bilboko BBK Salara itzuliko da 2024ko martxoaren 23tik aurrera. Zikloaren laugar... (gehiago irakurri)
EGO
Udako topaketa eta Musika Hamabostaldiko kontzertu historikoa eskaini ondoren, udazkeneko konpromisoei egingo die aurre gazte... (gehiago irakurri)
Maika Makovski (Palma de Mallorca, 1983) 'MKMK' bere zazpigarren diskoa aurkezten ari... (gehiago irakurri)
PAMPLONA/IRUÑA
EGO
Udako topaketa eta Musika Hamabostaldiko kontzertu historikoa eskaini ondoren, udazkeneko konpromisoei egingo die aurre gazte... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago