ARTEA
Claudia Aguinaga Gumuzio
Photo: Claudia Aguinaga Gumuzio
Testua: Bego Guzmán

CLAUDIA AGUINAGA GUMUZIO
Unesco Etxea
UNESCO ETXEA-GIZARTE
Claudia Aguinaga Gumuziorekin elkarrizketa (FormArte-ko artista)
2020-10-10
“Kalitatezko hezkuntza inklusibo eta parekide bat eta bizitzaren joanean etengabe ikasteko aukerak lortuko baditugu, kulturan eta den-denen sormenean inbertitu beharra dago. Talentu berriak eta sormen-forma berriak sustatuz sendotzen dira tokian tokiko ikaskuntza, berrikuntza eta garapen-prozesuak. Horrek emakume eta neskatilak erabat ahaldundu ditzake kultur adierazpenen sortzaile gisa eta kultur bizitzan parte hartzen duten herritar gisa.” (Florentziako Adierazpena, UNESCO, 2014.)
Claudia Aguinaga Gumuzio (Berango, 1989) Bilbao FormArte eskolako artista egoiliarra da. Bere etxeko paretetan esperimentatu zuen lehen aldiz koloreekin. Gaur egun, Art Brut eta Outsider estiloak lantzen dituzten euskal artistetako bat da.

Elkarrizketan, Claudia lotsati eta umoretsu ageri da. Behin baino gehiagotan adierazten du pandemia noiz amaituko amorratzen dagoela, kalera irten eta Madrilen pasieran ibili nahi duela, eta atzera ere Reina Sofía bisitatu. Hala ere, lan-mahaira itzultzen denean jokatzen du naturalen: hantxe sortzen du eta hantxe sentitzen da seguruen.

Zenbait akademiatan ikasi ondoren, 2015ean Bilbao FormArte eskolara iritsi zen, artearen bidez desgaitasun psikiko eta/edo intelektualen bat duten pertsonei garapen pertsonal eta profesionalerako programa bat eskaintzen dien prestakuntza-zentrora. Cristina Bacete eta Ana Urgoiti dira ekimen horren buruak, heziketa berezian eta arte ederretan adituak, hurrenez hurren. Hanburgoko (Alemania) Die Schlumpers eta Oaklandeko (AEB) The Creative Growth galeriak bisitatu ondoren, Bacetek eta Urgoitik argi ikusi zuten artea lanbide ezin hobea izan zitekeela desgaitasunen bat duten pertsonentzat.

Claudiak turrustaka ditu enkarguak. Denak ere agendan zehatz-mehatz apuntatu eta sormenari hegan egiten uzten dio goizero-goizero bere txokoan. Mihiseetan bakarrik ez, bestelako oihaletan ere pintatzen ditu bere etxe, natura hil eta giza figurak. FormArte-ren web-orri eta dendan, besteak beste, hark sortutako zetazko zapiak, elastikoak eta aterkiak eros daitezke. Artistaren lanen artean, eskuz pintatutako errezel handiak izango dira bikainetako batzuk seguru asko; errezel horiexek ikus zitezkeen, hain zuzen, eskolak Bizkaiko Batzar Nagusietan urtero antolatzen dituen erakusketetarako batera sartu berritan.

FormArte-k, sormenerako eta erakusketetarako guneak eskaintzeaz gainera, modua ematen du zenbait teknika artistiko landu eta findu eta artearen historia eta kultura ikasteko, horiek guztiak funtsezkotzat jotzen baititu ikasleak pertsona eta artista gisa hazteko. Beren hezkuntza-programan, oinarri-oinarrizkoa da museoetara eta erakusketetara bisitan joatea. Claudiak eta Ana Urgoitik ondo gogoan dute orain urte batzuk Guggenheimen ikusi zuten espresionismo abstraktuari buruzko erakusketa. Pollock, De Kooning edota Motherwell bakoitza FormArte eskolako artisten obra batekin edo besterekin identifikatzen zuten. Logikoa da, aniztasuna eta askatasun artistiko indibiduala baitira nagusi bi kasuetan.

Osasun-larrialdiaren eraginez indarrean dauden murrizketak direla tarteko, aurten ez dute Parisen ospatzekoa den Outsider Art Fair erakusketaren zortzigarren ediziora joaterik izango, baina, hala eta guztiz ere, ezin konta ahala proiektutan buru-belarri sartuta dabiltza. Proiektu horietako bat da UNESCO Etxearekin elkar hartuta antolatu eta hurrengo urriaren 29an online egingo den Hezkuntza, Arteak eta Herritarrak V. Mintegia. Bertan, Mugarik gabeko sormena lelopean, desgaitasunen bat duten pertsonek hezteko, beren lanak egiteko, erakusketak egiteko eta aitortza izateko duten eskubidea landuko da.

Claudia Aguinagak artistatzat dauka bere burua, eta horrelaxe ikuste dute haren obra ezagutzen duten inguruko pertsonek ere. Haren asmoak bat datoz beste hainbat sortzailek dituztenekin: bere karrera sendotzea eta bere lana gure inguruko museo nagusietan erakustea. Hori lortu bitartean, lanean jarraituko du, sortzen eta kultur bizitzan eragile artistiko aktibo gisa parte hartzen, baina bere helburu nagusia ahaztu gabe: bere lanak Guggenheimen, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Reina Sofían erakustea, alegia.

 

 

Bego Guzmán

Eraldaketa Sozialerako Kultura programaren arduraduna

UNESCO Etxea.

b.guzman@unescoetxea.org

 

 

 

 

 

 


Segur aski asko interesatuko zaizu...
UNESCO ETXEA
Irantzu Lekue euskal artista eta aktibista bat da, eta helburu artistiko eta soziala duten muralak egiteagatik da ezaguna, ba... (gehiago irakurri)
UNESCO ETXEA
Micaela Távara emakume perutarra da, aktibismo feministan duen inplikazioagatik eta Trenzar Kultura Elkartean duen parte hart... (gehiago irakurri)
UNESCO ETXEA
GizARTE / Emakume Sortzaileak atalean, lehen ere hurbildu izan gara Euskadiko herrialdeetan lan egiten duten hainbat emakumer... (gehiago irakurri)
Santiago Farizano Donostitik
UNESCO ETXEA
“Komikian beti izan dira istorioak kontatu izan dituzten emakumeak, nahiz eta jendeak ez ezagutu; orain, aldiz, kasu egiten ... (gehiago irakurri)
UNESCO ETXEA
“Talentuak ez du generoa igartzen. Sortu behar dugun munduan, erabakiak hartzen dituztenek onartu behar dute emakumeek, beren... (gehiago irakurri)
IDARTE
Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoak (IDarte) maiatzaren 1etik aurrera irekiko du 2024-2025 ikasturterako ... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek EAEko lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en esperientzia profesi... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago