ARTEA
Testua: Bego Guzmán

ALEJANDRA BUENO DE SANTIAGO
Unesco Etxea
UNESCO ETXEA-GIZARTE
Alejandra Bueno de Santiago:"Batetik bestera ibiltzeak gainerakoak heltzen ez diren lekuetara iristeko aukera ematen dizu"
2020-08-04
“Talentuak ez du generoa igartzen. Sortu behar dugun munduan, erabakiak hartzen dituztenek onartu behar dute emakumeek, beren aniztasun loriatsuan, kontsumitzen duten kulturan islatuta ikusi nahi dituztela beren buruak.” (Chimamanda Ngozi Adichie, nobelagile nigeriarra). 

GizARTE, Gizarte Eraldaketarako Heziketa Artistikoen Sarea, 2017an sortu zen eta gaur egun hirurogeita hamar bat eragile aritzen dira bertan, heziketaren arlokoak, artistikoak eta kulturalak, askotariko diziplina eta ibilbidekoak. UNESCO Etxeak koordinatzen du GizARTE eta hauetarako eremua izatea du xede: gaitasunak garatzeko, ezagutza sortzeko, proiektu komunak pentsatzeko eta hezkuntza- zein kultura-estrategietan eragiteko.

Ez da kasualitatea GizARTE eratzen duten kideen %81,5 emakumeak izatea. Sorkuntzaren alorrean emakumeek ordezkaritza zabala duten arren eta kultura-ondasun eta -zerbitzuen kontsumitzaile handiak izanik ere, ordezkari gutxi dituzte oraindik ere kulturako zenbait lanbidetan eta ardura postuetan. Horrez gain, arte sorkuntzaren kasuan, emakume artistek, oraindik ere, zailtasunak dituzte beren karrerak finkatzeko.  

Gune hau aldarrikapen bat izatea nahi dugu, emakumeen sortzeko eta kulturan, artean eta historia bisual garaikidean haien ekarpena egiteko eskubideena, hain zuzen ere. GizARTEko emakume sortzaileen esperientzia artistikoak ezagutarazi nahi ditugu, haien izenak gogora ditzazuen eta aurpegia jar diezaiezuen. Has gaitezen.

Alejandra Bueno de Santiago gaur egun Ekuadorren bizi den nomada gasteiztarra da. Multimedia-artista eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea ere bada. Artea: ekoizpena eta ikerketan doktorea da EHUn, Experiencias estéticas en el espacio público. Viviendo y educando a través del arte en los estudios de género lanarekin, eta  Fem Tour Truck  nazioarteko bideoarte feminista jaialdiaren zuzendaria eta zinema esperimental eta bideoarte irakaslea da Arte Unibertsitatean.  

Galdera. Alejandra, zerk eragin zizun artista izateko gogoa?

Erantzuna. Inoiz ez nuen argi eduki artista izan nahi nuenik: arteak, oro har, oso gustuko nituen eta familia ondarearen ondorioz, etxeekin zerikusia zuen guztiaren zale amorratua nintzen, haiek marraztea, pentsatzea, egituratzea… oso gustuko nituen. Eta asko pentsatu gabe, Arte Ederrak egiten amaitu nuen: aukeraz betetako lekua aurkitu nuen han, eta irudi digitalekiko nire zaletasuna garatu ahal izateko parada eman zidan.

G. Zer da Fem Tour Truck? Non sortu da ekimen hori gauzatzeko beharra?

E. 2016an sortu nuen bideoarte feminista jaialdia da Fem Tour Truck, helburu dituena bai ekintzailetza politikoa garatzea, bai ikusgarritasunik gabeko kolektiboen adierazpenei eta ahotsari leku egiteko plataforma bat sortzea. Beti izan dut nortasun borrokalaria eta nire lanetan beretan adierazten nuen hori, baina nik emakume borrokalari horiek guztiak bildu nahi nituen, nik bezala beren ikus-entzunezko lanetan adierazten zituztenak errealitate, batzuetan, opaku bihurtua edo ez legitimatua, kritika egiteko eta Estatu sistema berrezteko moduak. Sortzeko eta borroka egiteko bilgune bat eratu nahi nuen, beti maitasunetik eta umoretik.

G. Zein dira Fem Tour Truck-ek eman dizkizun unerik onenak? 

E. Jaialdi ibiltari moduan diseinatuta dagoenez, ba, lan egiteaz gain, bidaiatu badaiteke, askoz hobe. Eta bidaia horretan aurkitu ditut hainbat kide, ikasi ditut borroka kolektibizatzeko modu berriak, latitude desberdinetatik ulertzekoak, desberdintasunetik enpatizatzeko moduak eta, batez ere, nire eskuineko eskua den Rubén Castillejoren ondoan bizitako esperientziatik sufritzen, barre egiten eta gozatzen ikasi dut, bera gabe ezer ez litzateke posible izango.

G. Ibiltaritza horretan egon al da aurrera egiteko arrazoi gehiago eman dizun gertaera esanguratsuren bat?

E. Batetik bestera ibiltzeak gainerakoak heltzen ez diren lekuetara iristeko aukera ematen dizu, eta pertsona horien esker ona oso berezia da: inork ez du espero ikus-entzunezko ekitaldi feminista bat Ekuadorreko kostaldean, Kolonbiako Andeetako mendietan, edo Portugalgo herri urrun batean, eta konplexua den arren pertsonengana iristea, beti gertatzen da eraldaketa txikiren bat, 8 urterekin feminista izan nahi duten neskak, adibidez, edo 90 urterekin beren lehen manifestazio antipatriarkala egitera animatzen diren andreak, edo oinezko hutsak, jakin-minez ikusten dutenak nola parte-hartzaileak ahalduntzen diren: ez dago hori baino gauza kutsakorragorik. Horregatik gaude kaleetan, ikus gaitzaten, mundu-desordenaren birusa kutsatzeko.

G. Zure ustez, zein osasun egoera dauka kulturak eta, zehazki, emakumeek bertan duten zereginak?

E. Ustelduta dago oraindik, baina ez da kultura-sistema bera, gizarte osoaren oinarrian dagoen egitura baizik. Adibidez, ezin ditugu film feministak sortu ikuspegi patriarkaletik ikusten baino erakutsi ez badigute, edo hierarkia bertikalen bidez egituratzen, edo subordinazio eta pribilegio postuak sortzen…, ezin da despatriarkalizatu, deskolonizatu gabe. Kulturak gainerako alderdi guztiek duten arazo bera dauka, desikasteko asko dagoen antolaketa-eredu patriarkal batean funtsatzen da, eta berdintasun politikak egin arren, ez da benetako berdintasunik izango banako bakoitza jabetzen ez den arte mundua, orain ezagutzen dugun moduan, ez dela ez etikoa, ez jasangarria. Egitura eta pentsamendu aldaketa bat behar da.

G. Zer plan dauzkazu 2021erako?

E. (Barre egin du) Nahiago nuke nire bizitza planifikatu ahal banu, baina nire burua jaregiteko joera daukat: planifikatzen dudan edozein gauza gaizki atera daiteke eta ez zaizkit dezepzioak gustatzen (barre egin du). Nire asmoa itzultzea da, jaialdian lan egiteko, eskolak emateko, lanak sortzeko, edozer gauza, baina etxetik gertu. Bizi berri ditugun egoerek asko erakutsi digute, eta nire ikasgaia izan da etxea eta familia bakarrak direla; eta nirea Gasteizen dago, beraz, ez naiz handik oso urrun ibiliko.

G. Inspiratzen zaituen edo gustatzen zaizun emakume artista edo artista-kolektibo bat.

E. Maya Deren

Laster Gasteizen ikusiko zaitugula espero dugu.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
UNESCO ETXEA
Irantzu Lekue euskal artista eta aktibista bat da, eta helburu artistiko eta soziala duten muralak egiteagatik da ezaguna, ba... (gehiago irakurri)
UNESCO ETXEA
Micaela Távara emakume perutarra da, aktibismo feministan duen inplikazioagatik eta Trenzar Kultura Elkartean duen parte hart... (gehiago irakurri)
UNESCO ETXEA
GizARTE / Emakume Sortzaileak atalean, lehen ere hurbildu izan gara Euskadiko herrialdeetan lan egiten duten hainbat emakumer... (gehiago irakurri)
Santiago Farizano Donostitik
UNESCO ETXEA
“Komikian beti izan dira istorioak kontatu izan dituzten emakumeak, nahiz eta jendeak ez ezagutu; orain, aldiz, kasu egiten ... (gehiago irakurri)
Claudia Aguinaga Gumuzio
UNESCO ETXEA
“Kalitatezko hezkuntza inklusibo eta parekide bat eta bizitzaren joanean etengabe ikasteko aukerak lortuko baditugu, kultu... (gehiago irakurri)
IDARTE
Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoak (IDarte) maiatzaren 1etik aurrera irekiko du 2024-2025 ikasturterako ... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek EAEko lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en esperientzia profesi... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago