ARTE ESZENIKOAK
Testua: Kmon

DURANGOKO UDALA
Durangok 95.000 euro bideratu ditu herriko kultur sortzaileentzako beketarako
2021-07-14
Udalaren Berraktibazio Planaren baitan dauden 'Durango Sor(tzaileen)leku' bekek sorkuntza artistikoa bultzatu nahi dute eta, aldi berean, tokiko kultur sektoreari lagundu.

Durangoko Udalak 'Durango Sor(tzaileen)leku' bekak aurkeztu ditu, COVID-19ak kultura sektorean sortutako ondorioen ostean herriko kultur sektoreari laguntzeko. Horretarako, Udalak 95.000 euro bideratuko ditu kultur diziplina ezberdinetan (antzerkia, musika, arte bisualak, plastikoak, ikus-entzunezkoak eta koreografikoak) edo kultur proiektuetan banatutako 18 bekatarako.

 

Laguntza horiek Durangon jaio edo bertan bizi diren 18 urtetik gorakoek eskuratu ahal izango dituzte, eta Durangoko Udaleko gobernu-taldeak duela urtebete, herriko hainbat sektorerekin batera, COVID-19aren ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialei aurre egiteko prestatu zuen 2.281.159 euroko Berraktibazio Planaren barruan daude.

 

"Pandemia hasi zenetik, gobernu talde honetatik ulertu genuen krisi hau ez zela soilik sanitarioa eta ekonomikoa, baita soziala eta kulturala ere. 95.000 euroko beka hauek inbertsio handia suposatzen dute Durangoko Udalarentzat, beraz gure herriko kultura eta kultur eragileak suspertzen eta laguntzen jarraitzeko balio izatea espero dugu. Inbertsio bat dela diogu, jakin badakigulako sorkuntza horiek utziko diguten ondareak onura mota asko ekarriko dizkigula herri gisa, eta ez bakarrik ekonomikoak", azaldu dute prentsaurrekoan Julian Rios alkateordeak eta Ane Abanzabalegi zinegotzi eta Astarloa Kulturgintzaren presidenteak.

 

Herriko kultur sektorerako laguntza horiek, besteak beste, Durangoko Udalak herriko beste sektore batzuei, hala nola ostalariari edo merkataritzari, emandako laguntzei gehitu behar zaizkie; izan ere, 500.000 euroko partida prestatu du horientzat, eta kopuru osoaren bi heren banatu ditu dagoeneko.

 

Hauek dira 'Durango Sor(tzaileen)leku' diruz lagunduko dituen beka-lerroak:

 

Sorkuntza eszenikoa: antzerkia, dantza, zirkua.

Arte eszenikoen ikuskizunak ekoizteko laguntza, horien genero eta publiko guztiak barne. 25.000 euro bideratuko dira; horrela, gehienez ere 5 proiektu lagunduko dira diruz, eta 5.000 euro emango dira proiektu bakoitzerako.

 

B) Ikus-entzunezko lanak sortzea:

Ikus-entzunezko ekoizpen zinematografikoa laguntzea, edozein formatutarako. 15.000 euro bideratuko dira proiektu bakar baterako, Udalbiltza Partzuergoak argitaratzen dituen "Geuretik Sortuak" bekekin koordinatuta egongo da. Durangoko Udalaren finantzaketa osoa izan arren, proiektu irabazleak 2022an Udalbiltzaren "Geuretik Sortua" bekarekin planteatuko den erakusketa zirkuituan parte hartu ahal izango du.

 

C) Musika-konposizioak sortzea:

Era guztietako musika-lanak sortzea eta pieza artistikoak grabatzea eta editatzea.

15.000 euro bideratuko dira; horrela, gehienez ere 3 proiektu lagunduko dira diruz, eta gehienez 5.000 euro emango dira proiektu bakoitzerako.

 

D) Literatura-lanak sortzea eta ilustrazioa:

Eleberria, ipuina, poesia, narrazioa, komikia, ilustrazioa eta haurrentzako lan ilustratuak. Literatura-lanak sortzen eta argitaratzen laguntzea.

15.000 euro bideratuko dira; horrela, gehienez ere 3 proiektu lagunduko dira diruz, eta gehienez 5.000 euro emango dira proiektu bakoitzerako.

 

E) Obra plastikoak eta grafikoak sortzea:

15.000 euro bideratuko dira; horrela, gehienez ere 3 proiektu lagunduko dira diruz, eta gehienez 5.000 euro emango dira proiektu bakoitzerako.

 

F) Kultura-proiektuak:

Kultura-kontsumorako bitartekaritza-proiektuak baloratuko dira batez ere.

10.000 euro bideratuko dira, eta epaimahaiaren esku utziko da zenbat proiekturi emango zaien diru-laguntza eta zenbatekoa.

 

Udal arduradunek proiektu landu batzuk aurkeztearen garrantzia azpimarratu dute; izan ere, epaimahaiak, kultur sektoreko hiru profesional independentek eta Astarloa Kulturgintzaren ordezkari batek osatua, ez du eskatzailearen egiletza eta kurrikuluma ezagutuko, eta, beraz, aurkeztutako proiektua soilik aztertu ahal izango du: "Ez dugu nahi bekak izen edo abizenen bidez ematea; beraz epaimahaiak ez du inoiz jakingo nor den proiektu horren egilea". Horretarako, beketara aurkezten direnek bi agiri aurkeztu beharko dituzte. Batean, datu pertsonalak edo kolektiboarenak laburbilduko dira, eta, bestean, proiektuaren azalpen-memoria. Epaimahaiak bigarren dokumentua bakarrik eskuratuko du.

 

Aurkeztutako proiektuen puntuazioan garrantzia izango dute aurkeztutako proiektuaren kalitateak, originaltasunak, proiektuak jarraipena izateko dituen aukerek, euskararen presentziak zein erabilerak edo proiektuan genero-ikuspegia txertatzeak. Elementu guztiak ahalik eta irizpide objektiboenen arabera puntuatuko dira.

 

Bi hilabete proiektuak aurkezteko

Eskabideak Durangoko Arte eta Historia Museoan aurkeztu beharko dira horretarako sortutako inprimakietan. Inprimaki horiek datozen egunetan egongo dira eskuragarri www.durango.eus webgunean, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) argitaratu ondoren. Aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, eta BAOn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da zenbatzen. Eskabideak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko dira, deialdi honetan zehazten den eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik zenbatzen hasita.

 

Prentsaurrekoan, Riosek eta Abanzabalegik Kulturak Durango suspertzeko duen garrantzia azpimarratu dute, COVID-19ak sortutako krisiaren ostean: "Legealdi honetan zailtasun askori aurre egin behar izan diegu. Garrantzitsuena pandemia izan da, baina gobernu-talde honetan oso argi daukagu Durango biziberritua izateko beharrezkoa dela gure sortzaileei tresnak eta baliabideak ematea, eta helburu horrekin lanean jarraituko dugu. Horregatik, zenbateko garrantzitsu bat bideratu dugu zeregin honetara, Udal honek Durangoko sortzaileei ematen dien garrantziaren parekoa".

 


Segur aski asko interesatuko zaizu...
SAN AGUSTIN KULTUR GUNEA
Martxoaren 29an, Tontolapiko Egunaren hirugarren edizioa izango da Durangon. San Agustin Kultur Guneak eta Ganso & Cía konpai... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Martxoan zehar Loraldiak antolatutako hamaika emanaldiez gozatzeko aukera izan dugu Loraldia Festibalaren 10. edizioan. Urteu... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Martxoaren 1etik 23ra, Loraldia jaialdiaren hamargarren edizioa egingo da Bilbon, Kirmen Uriberen poema batetik ateratako 'Mu... (gehiago irakurri)
LORALDIA
Martxoaren 1etik 23ra bitartean Loraldia Festibalaren 10. edizioa ospatuko da, Munduari begiratzeko modu bat leloarekin. Hiru... (gehiago irakurri)
LORALDIA
2024 edizioaren egitaraua aurkeztu dute. Berrikuntza ugari ekarriko du jaidlaiak. (gehiago irakurri)
DFG-GFA
K Bulegoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak kultur sektorerako sortu duen aholkularitza zerbitzuak, sei urte beteko ditu laster. Do... (gehiago irakurri)
Eve Ensler idazleak 200etik gora emakumeri egindako elkarrizketak erabili zituen ‘Baginaren bakarrizketak’ (‘The vagina mono... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago