Arriaga Antzokiko zuzendari artistiko Calixto Bieitok eta Arriaga Antzokiko Presidente eta Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi Gonzalo Olabarriak Arriagak 2025-2026 denboraldian —2025eko abuztutik 2026ko ekainera bitartean, biak barne— eskainiko dituen ikuskizunen programazioaren berri eman dute. Berritasunak, dena den, uda amaitu ondoren iritsiko denarekin lotuta daude. Udan, arrakasta eztabaidaezina duen musikal bat izango dugu: Mamma Mia!. Bestelako produkzio bat da, ez da aurretik ere Bilbon izan dena, eta abuztuaren 14tik irailaren 21era ikusi ahalko da, baita Aste Nagusian ere.
Programazio berriak tokiko eszenari bultzada bat ematen jarraitzen du baina, horrez gain, Espainiako Estatuan egiten den antzerkirik onena ekartzen du eta Arriaga Antzokiak nazioartean duen posizionamendu onari eusten dio.
Produkzio propioaren aldeko apustua
Datorren denboraldian ere, oinarrietako bat izango da Arriaga zigilua duten proiektu berriak oholtzaratzea. Hala, datorren urtean bi produkzio handi estreinatuko dira, beste bat berriz antzeztuko da, beste hiru ikuskizun koproduzituko dira eta zuzeneko elkarlana egingo da beste zortzi proiektutan.
2026ko apirilean, zehazki, hilaren 11n eta 12an, Gesualdo WC Station aurkeztuko da jendaurrean: kontzertuen, antzerkiaren eta zinemaren elementuak nahasten dituen ikuskizun bat. Alex Gerediagak eta bere talde artistikoak Carlo Gesualdo (1560-1613) konpositorearen madrigalak oholtzaratzeko eta antzezteko erronkari heldu diote, bere ildo estetiko eta narratiba zinematografikoagatik ezagut daitekeen proposamen baten bidez. Arrate Etxebarria, Txubio Fdez. de Jáuregui, Sandra Fdez. Aguirre eta Aitor Borobia aktoreak Gesualdoren errepertorioan adituak diren Voces Suaves (Basilea, Suitza) ahots talde bikainarekin batera arituko dira. Obraren planteamendua honako hau da: denboran ahaztuta geratu den tren geltoki bateko komun batean, ispiluak, kabinak, komun-ontziak, azulejuak, dar-dar egiten duten argiak ikusten ditugu; mendeak zeharkatzen dituen drama bat hasten da. Bost ahots a cappella durundi egiten ilunantzean, Carlo Gesualdoren lehen eta bigarren liburuetako madrigalak ahazmenetik ateratzen dituztela. Nota bakoitzak, etendako harmonia bakoitzak, konpositorearen tragedia ekartzen du gogora: jeloskortasuna, traizioa, hilketa. Interesgarria izango da proiektuak zer nolako bilakabidea duen ikustea.
Aurreikusitako beste ekoizpen propioaren estreinaldia Shostakóvich 14 izango da, Calixto Bieitok zuzendutakoa. Denboraldiari amaiera emango dio, 2026ko ekainaren 19an eta 20an, eta bi abeslari bikainek interpretatuko dute: Annette Daschek eta Leigh Melrosek. Duela gutxi ikusi genituen Bilbon, Die ersten Menschen eta Orgian, hurrenez hurren. Itxi gabe dago oraindik Shostakóvichen sol minorreko 14. Sinfonia, op. 135-ari buruzko ikuskizunean jardungo duen talde osoa. Obra bizia da, oso introspektiboa eta izaera ilunekoa, eta, besteak beste, Lorca, Apollinaire, Küchelbecker eta Rilke egileen hamaika poemetan oinarritzen da. Errusieraz konposatu bazuen ere, Shostakóvichek baimena eman zuen bertsio kantatu bat egiteko poesiaren hizkuntzetan: gaztelaniaz, frantsesez, errusieraz eta alemanez. Antzeztutako bertsio honetan mundu distopiko bat aurkituko dugu: leku eder eta oparo bat, lehen bizitzaz beteta zegoena, baina suntsitua, urratua eta umiliatua izan dena. Bada, poesiaz, edertasunez eta, aldi berean, iluntasunez beteriko proiektu lirikoa da aurkeztuko dena.
Azkenik, ordena kronologikoari erreparatuz gero lehena izango bada ere, %100ean Arriaga den hirugarren ikuskizun bat izango dugu datorren denboraldiko programazioan, Moto-Membra Jesu Nostriren emanaldi bat programatu baita aurtengo irailaren 27rako. Hala, Arriaga Antzokiak azken urteotan ekoitzitako harribitxietako bat berreskuratuko da. 2022ko ikuskizun hori Dietrich Buxtehudek
1680an konposatutako Membra Jesu Nostri kontzertuaren antzezpen bat da. Zikloak Kristoren oinei, belaunei, eskuei, saihetsari, bularrari, bihotzari eta aurpegiari eskainitako zazpi kantata ditu, eta Eneko Sagardoy aktoreak idatzi eta antzezten duen testu zoragarri batekin solasean dihardute, non ustezko moto istripu batean desagertu den gizon baten eta geratzen den horren maitasunari buruzko istorio bat kontatzen zaigun. Lucía Astigarraga ikuskizunaren zuzendariak diseinatutako eszenaratze ederrak, eta Sagardoyk berak eta Conductus Ensemblek, Andoni Sierraren zuzendaritzapean, eskaini zuten emanaldi bikaina oso goraipatuak izan ziren kritikaren eta ikusleen aldetik. Orain, aukera bikaina izango dugu obra berriz ikusteko.
Aipatutako hiru ikuskizunez gain, Arriaga Antzokiak koproduktore gisa dihardu beste hiru ikuskizunetan; horien artean bi erabateko estreinaldi ditugu, bata antzerkikoa eta bestea dantzakoa. Antzerkiko estreinaldia Desobedienteak 18/98 - Desobedientes 18/98 da eta Tanttaka Teatroa konpainiak eta Arriaga Antzokiak koproduzitu dute. María Goiricelayak idatzi duen obra bat da, eta muntaia Fernando Bernuések eta Mireia Gabilondok zuzentzen dute. Arriagan euskarazko estreinaldia izango dugu lehenik, urtarrilaren 9an, eta jarraian, gaztelaniazkoa, hilaren 10ean eta 11n.
Bi hilabete geroago, martxoaren 27tik 29ra, eta Arriaga Antzokia ikuskizunaren produktoreen artean dagoela, Fundación Baluarte Fundazioa, Kursaal Eszena eta Gasteizko Antzoki Sarearekin batera, A.I. (Amalur Indarra) estreinatuko da. Lucía Lacarra Balletaren bigarren produkzioa da, Lost letters-ek izandako arrakastaren ondoren datorrena; hura ere Arriagan estreinatu zen. A.I. (Amalur Indarra) izenburua Adimen Artifizialaren ingelesezko siglekin egindako hitz joko bat da, eta gizaki egiten gaituzten sentimenduak non geratzen diren eta sormenerako geratzen den lekua ezbaian jartzen ditu, Lucia Lacarrak, Matthew Goldingek, Josué Ullatek eta Lucia Lacarra Balleteko dantzariek interpretatutako dantza ikuskizun batean.
Azkenik, estreinaldiaren hamargarren urteurrena ospatuz, Amour eskainiko da berriz urtarrilaren 29an, Marie de Jongh konpainiaren eta Arriaga Antzokiaren artean egindako koprodukzioa. Jokin Oregiren dramaturgia eta zuzendaritzarekin, hitzik gabeko familia-antzerkiko ikuskizuna 2015eko abenduan estreinatu zen. Urte hauetan kritikaren eta ikusleen laudorioak jaso ditu, baita sari ugari ere: Haurrentzako edo Familientzako Ikuskizun Onenaren 2017ko MAX saria, Ikuskizun Onenaren 2016ko FETEN saria edo Euskal Ekoizpen Onenaren 2015eko ERCILLA saria, besteak beste.
Horrez gain, Arriaga Antzokiak euskal sortzaile edo taldeek egindako beste zortzi ikuskizunekin kolaboratu du, eta horietako lau bertan estreinatuko dira. Lehena azaroaren 20an izango da: El lenguaje de las flores - Loreen hizkuntza, Unai Izquierdoren dramaturgia eta Getari Etxegarairen zuzendaritza dituen antzezlan elebiduna, La Mapatxa Teatroa euskal antzerki konpainia berriaren aurreneko proiektua. Abenduaren 18an Lovesongen txanda izango da, Abi Morgan antzerkigile britainiarraren obrarena, zeina Sandra Maturanak moldatu eta zuzendu baitu, Pabellón 6ek egindako produkzioan. Bi hilabete geroago, otsailaren 18an, estreinatuko da Me aparezco porque me lo ha dicho mi psicóloga, Pedro Rivero eta Gemma Martínezen gidoia duen eta Laura Ortegak zuzenduko duen obra. Eta martxoaren 11n, Pabellón 6eko Gazte Konpainiak, Adriana Laespadaren zuzendaritzapean, lehen aldiz antzeztuko du El despertar de la primavera obra, Laespadak berak egindako Frank Wedekind-en Despertar de la primavera testuaren egokitzapena dena. Arriaga Antzokiaren elkarlana duten beste lau ikuskizunak ez dira hemen estreinatuko. Horietako hiru antzezlanak dira: Nor naizen baneki, Harkaitz Cano eta Ximun Fuchsena (azaroaren 5ean eta 6an); Rikardo III eta ni, Eneritz Artetxeren dramaturgiarekin eta Igor de Quadraren zuzendaritzarekin, urtarrilaren 15ean ikusiko duguna; eta Kimu / La casa de todos, Marie de Jongh konpainiaren azken lana, Jokin Oregik sortu eta zuzendutakoa, euskaraz urtarrilaren 31n eta gaztelaniaz
otsailaren 1ean ikusiko duguna. Horrez gain, Arriagak ere lagundu dio Eva Guerreroren Hasta el último baile dantza-obrari (azaroaren 13an Arriagan).
Arriaga gehiago
Musikaren atalaren barruan, Arriaga Antzokiak, Rubén Fdez. Aguirre maisuaren elkarlan bereziarekin, Lied Arriagan zikloarekin jarraituko du, ahotsa eta pianoa uztartzen dituzten sei errezitalekin: Ilker Arkayürek eta Malcolm Martineau (azaroak 4); Ferrán Albrich eta Rubén Fdez. Aguirre (urtarrilaren 27an); Hera Hyesang Park eta Rubén Fdez. Aguirre (martxoak 24); Juan Laborería eta Carmen Santamaría bere Norteñas errezitalarekin (apirilak 14); Iris Candelaria eta Rubén Fdez. Aguirre (maiatzak 19), eta Marisa Martins eta Miquel Ortega (ekainak 9).
Agertoki nagusira itzulita, ezin dugu ahaztu Arriaga Antzokiak OLBErekin ere elkarlanean diharduela ABAO Txiki Arriagan programan, eta aurrerago iragarriko diren lau ikuskizun eskainiko dituela.
Eusko labelarekin
Aurten ere, Arriaga Antzokia euskal kulturaren epizentroan egongo da. Arriagaren produkzio propioez eta elkarlanez gain, antzokiko eszenatokian Euskadin egindako beste proiektu batzuen antzezpenak izango ditugu, esaterako, 2026ko otsailaren 3an eta 4an Kandida estreinatuko da, Patxo Telleriaren euskarazko lan berria, Tartean Teatroak ekoitzitakoa.
Bea Insa ere ikusi ahal izango dugu, urriaren 22an, Billie hezurmamitzen Billie Holidayri egiten dion omenaldian; baita Oskara dantza ikuskizuna ere, Kukai Dantza eta Marcos Morauren arteko lankidetzan egindakoa (urtarrilaren 22an); edo Gogorapen hegalez, Olaeta Ballet Elkartea, Zirzira Ahots Taldea eta BilbaSinfoniettaren eskutik, otsailaren 8an; eta Ramón Barea, Sobre los perjuicios del tabaco antzezten, otsailaren 24an eta 25ean.
Halaber, gogoan izan behar dugu 2026ko martxoan Loraldia Festibalaren beste edizio bat egingo dela, eta Arriaga Antzokia egoitzetako bat izango dela, bertan eskainiko baitira laster iragarriko diren hainbat ikuskizun.
Antzerki anitz
Arriagaren Shostakóvich 14 produkzioa zuzentzeaz gain, Calixto Bieitoren izena beste proiektu batean ikusi ahal izango dugu datorren denboraldian, antzerki proiektu batean, kasu honetan. La verdadera historia de Ricardo III Bieitok William Shakespeareren obrari buruz egindako ikuskizun bat da, zeina Buenos Airesko Teatro San Martín - Complejo Teatral de Buenos Airesen produkzioari esker eramango baita oholtzara. Arriaga Antzokian lau emanaldi izango ditugu urriaren 16tik 19ra, Joaquín Furriel aktore argentinar ezaguna buru duen antzeztalde baten eskutik.
Ikuskizun horretaz eta aipatutako euskal antzerki ikuskizunez gain, Arriaga Antzokiak, aurten ere, Estatu mailan sortzen ari den onena eskainiko dio Bilbori. Bi estreinaldi absolutu dira horren erakusgarri. Lehenengoa, urria hasi berritan, Simone de Beauvoirren (urriak 1 eta 2) La mujer rota antzezlanarena: Heidi Stenhardtek egokitu eta zuzendu du eta Anabel Alonso du protagonista. Beste estreinaldia 2026ko maiatzean izango da, 15etik 17ra, eta Fronteras obrarena izango da. Muntaketa Henry Naylor egile britainiarraren testu batetik abiatzen da, eta Andrés Limaren zuzendaritzapean oholtzaratuko dute Eneko Sagardoyk eta Carolina Yustek.
Bi estreinaldi horiez gain, programatutako obren eta antzezle handien zerrenda benetan zabala da. Urriaren 3tik 5era La barraca iritsiko da, Magüi Miraren zuzendaritzarekin. Urriaren 23an Pep Tosar itzuliko da, El fingidor zuzendu eta
interpretatzeko. Lluís Homar protagonista izango da Memorias de Adrianon urriaren 25ean, eta urriaren 31tik azaroaren 2ra Juan Mayorgaren Los yugoslavos izango dugu, Javier Gutiérrez eta Luis Bermejorekin. Azaroaren 14an eta 15etan, Antonio Molero eta Pepe Viyuela buru dituen antzeztaldeak Borja Ortiz de Gondraren El barbero de Picasso antzeztuko du. Azaroaren 27an Carlos Troyanoren El jardín de las posibilidades antzezlanaren emanaldi bat egongo da eta abenduaren 4an La patética ikusiko dugu, Miguel del Arcok idatzi eta zuzendutakoa, Israel Elejalde, Jesús Noguero edo Inma Cuevasen eskutik, besteak beste. Abenduaren 19an eta 20an, Todos pájaros izango dugu, Incendios zuzendu zuen Wadji Mouawadena. Mario Gasek zuzentzen duen obra hori aurtengo azken antzerki proposamena izango da, eta Vicky Peña eta Candela Serrat ditu antzeztaldean, besteak beste.
2026rako jauziak, antzerkiari dagokionez, Sergio Peris-Mencheta ekarriko du berriz ere zuzendari gisa, oraingoan Blaubeeren antzezlanarekin: Moises Kaufman eta Amanda Gronichen testu bat da, 2024ko antzerkiaren Pulitzer sariko finalista izan zena eta urtarrilaren 16an, besteak beste, Clara Alvaradok edo Victor Clavijok oholtzaratuko dutena. Hilaren 23an eta 24an, Adriana Ozores eta Jorge Calvo barne hartzen dituen antzeztaldeak Filosofia mundana antzeztuko du, Luis Luquek moldatu eta zuzentzen duen Javier Gomáren testu bat. Otsailean, hilaren 6an eta 7an, Shakespeare bat iritsiko da, Los dos hidalgos de Verona, Declan Donellan (zuzendari lanetan ere arituko da) eta Nick Ormeroden egokitzapenarekin, Goizalde Núñez eta Jorge Basanta antzeztalde handiko kide direla. Otsailaren 20tik 22ra Juan Echanove eta Joaquín Climent izango ditugu antzezle Ignacio García Mayren Esencia lanean, eta otsailaren 27tik martxoaren 1era José Sacristán protagonista izango da El hijo de la cómica antzezlanean; berak egokitu eta zuzentzen du Fernando Fernán-Gómezi omenaldia egiten dion obra hori. Hurrengo astean, hilaren 7an eta 8an, Sensación térmica ikusi ahal izango dugu, Adolfo Fernándezek egindako Mayte Lópezen eleberriaren egokitzapena. Martxoan ere, hilaren 20an eta 21ean, Oriol Pla iritsiko da, oso kritika onak izan dituen Travy obrarekin.
Apirilak (17tik 19ra) Ernesto Alterio, Marta Belenguer eta Mélida Molina ekarriko ditu Arriagara, Harold Pinterren Viejos tiempos antzezteko, Pablo Remónek egindako bertsioarekin eta Beatriz Argüelloren zuzendaritzarekin. Ondoren, José María Pou iritsiko da, Mark Rosenblatten Gigante antzezteko, apirilaren 30etik maiatzaren 3ra arte. Jarraian, maiatzaren 7an, Un monstruo viene a verme ikusiko dugu, LaJoven konpainiak Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartearekin batera egindako antzerki proiektua, zeinak Siobham Dowden jatorrizko ideia batean oinarritutako Patrick Nessen eleberria eramaten baitu oholtzara. Hilabetea amaitu aurretik, maiatzaren 28tik 30era, Aitana Sánchez-Gijón Arriagara itzuliko da Malquerida antzezlaneko protagonista gisa; Jacinto Benaventeren testuaren egokitzapen bat da, Natalia Menéndezek eta Juan Carlos Rubiok egindakoa. Menéndez bera da zuzendaria, eta berriz izango dugu gure artean, izan ere, aurten Arriaga Antzokiaren Kristalezko zooa produkzio propioa zuzendu baitu.
Dantza programa liluragarria
Aurten ere, Arriaga Antzokiak dantza programa interesgarri eta askotariko bat prestatu du, elkarren artean oso desberdinak diren ikuskizunekin, eta dantzaren eta gorputz adierazpenaren munduari ikuspegi oso desberdinetatik heltzen dioten artistekin.
Aurreko ataletan jada aipatu ditugu Eva Guerrero, Kukai Dantza, Olaeta Ballet Elkartea eta Lucía Lacarra Balleten ikuskizunak. Baina gehiago daude. Abenduan puntako emanaldi bi izango ditugu. Hilaren 6an eta 7an, Arriaga Antzokiak beste behin ere izango du agertokian María Pagés handia, Paraíso de los negros emanaldiarekin. Koreografia flamenko bat da, hainbat bizigarri dituena: Federico García Lorcaren Poeta en Nueva York zeharkatzen duten askatasun eta autoritate printzipioen arteko tentsioa,
Carl Van Vechtenen izen bereko obran azaltzen diren aurkakoen esentzia, Leopold Sedar Senghoren belztasunaren filosofia telurikoa eta Nina Simoneren desira beltzaren aldarrikapena. Edertasun handiko dantza ikuskizun bat da, zuzeneko musikarekin. Handik astebetera, hilaren 12an eta 13an, proposamen oso interesgarri bat ikusi ahal izango dugu, Dyptich: The missing door and The lost room izeneko programa bikoitza, Belgikako Peeping Tom konpainia prestigiotsuaren eskutik. Konpainiak berrasmatu egin ditu diptiko horren bi pieza laburrak, duela hamarkada bat Gabriela Carrizok eta Franck Cartierrek Nederlans Dans Theatre konpainiarekin batera sortutakoak. Dantzariek gozarazi egingo dituzte ikusleak, mugimendu espasmodikoekin eta bakartsaio bertutetsuekin, baita umore ukitu sotilekin ere.
Jakin-mina piztuko du ere Georgiako Ballet Nazionalaren bisitak. Kaukasoko sustraiei eskainitako ikuskizunean 20 abeslarik eta 20 dantzarik dantza tradizionalen eta kantu polifonikoen aukeraketa bat interpretatuko dute, beren herrialdeko eskualdeen aberastasunaren eta aniztasunaren erakusgarri. Emanaldia otsailaren 19an izango da.
Ziur asko, harrera ona izango du apirilean (hilaren 24 eta 25ean) Hofesh Shechter Company konpainiak Arriagara egingo duen itzulerak, aurreko bisitetan izan duten harrera ona ikusita. Ikuskizun berriak, Theatre of dreams, fantasiaren eta subkontzientearen munduan murgilduko du publikoa, errealismoa eta poesia uztartzen dituen eta zuzeneko musika duen proposamen baten bidez.
Azkenik, maiatzean, Compañía Nacho Duatoren txanda izango da, zeinak hilaren 22an eta 23an egingo baititu emanaldiak. Zehazteke dago oraindik bere egitarau osoa, baina emanaldiko piezen artean Cantus ikusi ahal izango dugu, Nacho Duatoren obra berria: bere gazte konpainiarentzat sortu du eta gatazka baten izugarrikeriez hitz egiten digu, Karl Jenkinsen musika hunkigarriaren laguntzarekin.
Kontzertuak eta lirika
Musikak beti du lehentasunezko lekua Arriaga Antzokiaren programazioan. Denboraldiko lehen kontzertua urriaren 26an izango da. Gontzal Mendibil Arriagara dator urteurren berezi bat dela eta: bere ibilbidearen 50 urteurrena. Aukera ederra izango da Arratiako abeslariak bere ibilbidean zehar sortutako abestiak entzuteko.
Azaroan, Bilboko Udal Musika Bandaren (hilaren 16an), Santiago Auserón y la Academia Nocturnaren kontzertuak (hilaren 23an) eta Mikel Erentxunen DD40 bira (hilaren 30ean) izango ditugu. Azken horretan, abeslari donostiarrak, bere bandarekin batera, Duncan Dhuren abestien errepertorio osoa joko du, 2025ean talde mitikoaren lehen albuma argitaratu zenetik 40 urte bete direla aprobetxatuta.
Azaroaren 22an, osagai erakargarri ugari dituen nazioarteko proposamen bat dago programatuta: The Fairy Queen, Les Arts Florissants-eko abeslari gazteentzako akademia den Le Jardin des Voixek interpretatuko duen obra enblematiko baten berrikuspen gazte eta liluragarri bat. William Christie eta Paul Agnew-ren zuzendaritzapean, akademia bienalak ongietorria egiten die euren ibilbidean hasiberriak diren abeslari klasiko gazteei. The Fairy Queen proiektua goraipatua izan da nazioartean, jaialdi ezagunenetatik igaro ondoren: Lucerna, Bremen, Tanglewood concert series... BBC Promsen ere gozatu ahal izan dute harekin, baita prestigio handiko tenpluetan ere, hala nola Milango Teatro alla Scalan eta Parisko Philarmonien.
Abenduaren 3an Gari izango dugu Arriagako eszenatokian, bere bakarkako ibilbidearen 30. urteurrena ospatzeko: kontzertu oso berezi bat eskainiko du, entzule kopuru txiki batentzat eta eszenatokian bertan. 10ean Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Abesbatzak Gabriel Aresti omenduko du Abendua Arestiz kontzertuarekin;
eta gospela bi bider sartuko da Gabon aurreko aldian The South Carolina Gospel Choir (abenduaren 16an) eta Chicago Mass Choir (22an) abesbatzekin.
2026 hasi berri dela, urtarrilaren 6an, Neomak taldeko kideak iritsiko dira, orain laukote direla, udazkenean kaleratuko duten bigarren diskoa zuzenean aurkezteko eta, Urtarrilaren 11n, txikiek eta helduek Gora Musika! ikuskizunaz gozatuko dute. Oiane Yarzak eta Urko Oscozek, Ene Kantak-en hainbat urte eman ondoren, egindako proiektu berri honetan, gainera, Korrontzik, Bixente Martinezek, hainbat dantzarik eta erraldoik parte hartzen dute.
Urtarrilaren 17an, Arriaga y el eco de su tiempo kontzertuaren bitartez, Juan Crisóstomo de Arriaga konpositore bilbotarra ekarriko dugu gogora, gure antzokiari izena ematen diona, haren heriotzaren 200. urteurrenaren ospakizunean, hori baita, hain zuzen, 2026ko urtarrilaren 17an ohoratzen dena. Josetxu Obregónen musika zuzendaritzapean, La Ritirata orkestrak eta zenbait bakarlarik Arriagaren ahots- musika erlijiosoko konposizioetako batzuk interpretatuko dituzte, hain ezagunak ez direnak, Luigi Boccherini konpositorearen beste obra batzuekin batera.
Urtarrilaren 18an Bereterretx ikuskizuna izango dugu. Pier Paul Berzaitzek bultzatu du eta ziurrenik Euskal Herrian dagoen Erdi Aroko kantore ezagunena du oinarri: Bereterretxen khantoria. Euskaraz egingo den emanaldi ederra da, une batzuetan pastoral batetik hurbil, barne hartzen dituen kantak eta dantza saioak direla eta.
Otsailaren 26an, Euskal Herriko Orkestra Barrokoak, Enrike Solinísek bultzatuta sortu berri den taldeak, Masquerade izeneko kontzertu bat emango du, Europa barrokoan nagusi izan zen forma musikalari, hau da, Maskaradari eskainitakoa. Martxoaren 5ean Borja Niso Dream Experience ikuskizun murgiltzailea bizitzeko aukera izango dugu, Borja Niso pianista autodidaktaren eskutik, eta apirilaren 16an, azken urteetan erreferentzia bat izan den pop talde bat izango dugu: Maldita Nerea. Azkenik, ekitaldi berezi bat izango dugu apirilaren 29an, Bilboko funtsezko hiru erakunderen sorreraren 140. urteurrena ospatzeko: Bilboko Koral Elkartea, Merkataritza Ganbera eta Deustuko Unibertsitateaz ari gara. Abesbatzak emanaldi bat eskainiko du Enrique Azurzaren zuzendaritzapean eta Eindhoveneko Philips Symfonie Orkest-ekin batera, Txemi Etxebarria maisuaren gidaritzapean.
Foyerra
Arriagako foyerrean ere kontzertuak izango ditugu denboraldian zehar, Lied Arriagan zikloan programatutakoez gain. Aurten ere, euskaraz egindako errezital batzuk ikusi ahal izango ditugu, zehazki, musika poesiarekin edo literaturarekin uztartzen duten lau proposamen. Azaroaren 18an Xabi Solanok eta Jon Garmendiak Bidasoatik harago kontzertua eskainiko dute. Urtarrilaren 20an, Jon Basagurenen txanda izango da, zeinak gitarra eta ahots formatuan, bere talde Izaki Gardenak-ek argitaratutako azken lanaren bertsio akustiko bat, kantu zaharragoak eta bertsioak eskainiko baititu. Apirilaren 21ean, Sara Zozayak bere bakarkako diskoa aurkeztuko du, Nara, zeina abesti bikainez josita baitago. Eta maiatzaren 26an Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek musika eta koplak uztartuko dituzte 85 kopla izeneko hitzaldi musikatuan. 2020an ere izan genuen Arriagako foyerrean bi sortzaileek eskainitako beste errezital bat eta oso zapore ona utzi zuen.
Harribitxi musikalak eta zirkua
Dagoeneko iragarrita dagoen Mamma Mia! musikalaz gain, beste musikal handi bat izango dugu: The Rocky Horror Show. Urriaren 8tik 12ra iritsiko da Londresko ekoizpen berarekin, eta jatorrizko bertsioan eskainiko da, azpitituluekin. Christopher Luscomberen zuzendaritzapean West End-ean arrakasta handiz antzeztu den ekoizpen berbera da. 1973ko ekainean estreinatu zen Royal Court Theatre antzokian;
harrezkero, The Rocky Horror Show etenik gabe ikusgai denbora luzeenaz egon den musikal garaikide bihurtu da. Mende erdi honetan zehar egin diren emanaldietan, 35 milioi pertsonak baino gehiagok ikusi dute musikala mundu osoan zehar, guztira, 30 herrialde baino gehiagotan egon da eta 20 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dute.
Egun batzuk geroago, antzerki musikaleko beste ikuskizun bat ikusi ahal izango dugu, zeinaren izenburuan artista mitiko bati erreferentzia egiten diona: Chavela. Produkzio honek hainbat artista biltzen ditu, hala nola Luisa Gavasa eta Rozalén, eta haren zaleek gozatu egingo dute bere ohiko proposamenaz bestelako tesitura batean ikusita. Urriaren 28, 29 eta 30ean izango da ikusgai Carolina Románek zuzendutako eta Alejandro Pelayoren zuzeneko musika duen ikuskizuna.
Ikusmina sortuko duen beste emanaldietako bat Coque Mallarena izango da, zeinak La opera de los tres centavoseko Macheath-ena egingo baitu, beste aktore batzuk eta zuzeneko musika lagun dituela. Mallak, berezko duen ezinegon horrekin, beste jauzi bat egin du bere ibilbidean eta protagonista izango da Kurt Weill-Bertolt Brecht duoaren obra handietako batean, zeinarekin izugarrizko kritika egin baitzioten kapitalismoari, XX. mendeko 20ko hamarkada nahasiaren amaieran Berlinen estreinatu zenean. Arriaga Antzokian antzerki musikaleko ikuskizun horren lau emanaldi izango ditugu: otsailaren 12an, 13an, 14an eta 15ean.
Azkenik, Arriaga Antzokiak Gabonetarako egin duen apustua Slava’s Snowshow da, zirku ikuskizun handi, poetiko eta denboragabea, mota guztietako ikusleen irudimena liluratu eta sustatu duena. Cirque du Soleilen familiako Slava Polunin-ek, Alegría emanaldiaren sorkuntzan kolaboratzaile izan zenak eta, ziurrenik, nazioartean prestigio handiena duen jarduneko klownak, bere ikuskizunik ezagunena eskainiko du berriro: Slava’s Snowshow. Sortzaileak berak ere ezin zuen iragarri 1993an, sortu zuenean, ikuskizun horrek munduan izango zituen ibilbide eta oihartzun handia: 12.000 emanaldi baino gehiago eskaini ditu eta 10 milioi ikusletik gora utzi ditu hunkituta eta txundituta sortutako lanaren aparteko edertasun bisualarekin, eta Ingalaterrako «Laurence Olivier Award» eta Errusiako «Triumph Award» sariak irabazi ditu. Ikuskizuna genero bat da bere horretan, eta lehen egunean bezain espontaneoa eta magikoa izaten jarraitzen du. Abenduaren 26tik 30era berretsi ahal izango dugu hala dela.
Sarrerak salgai ekainaren 19an
2025-2026 denboraldiko ikuskizun guztietarako sarrerak ekainaren 19tik aurrera egongo dira eskuragai, ohiko salmentarako kanaletan: www.teatroarriaga.eus webgunean edo antzokiko txarteldegietan, aldez aurreko salmenta ordutegian. Salbuespena Mamma Mia! musikala da, sarrerak jada salgai baitaude.