MUSIKA

ANTHONY BLAKE
ANTHONY BLAKE
"Ikusten duzunaz bizi naiz, ez nik egiten dudanaz"
MAGIAZ ARI DENEAN, PASIOA DARIE ANTHONY BLAKE MAGOAREN HITZEI. “ILUSIO SORTZAILEA NAIZ”, DIO HARRO ‘ADIMENAREN MAGOAK’. 'MÁS CERCA' IKUSKIZUNA AURKEZTUKO DU EMANALDI HONETAN.


Galdera. Zure ikuskizun berriak ‘No vengas solo’ du izenburu. Hainbeste beldur ematen du?

Erantzuna. Gomendioa besterik ez da, zenbait unetan eskutik heltzeko norbait alboan izatea eskertuko duzu eta. Ez da beldurra pasatzeko muntaia, baina beldurrari buruz dihardu, beldurra ematen diguten gauzei buruz. Beldurra indar unibertsala da, herri osoak mugiarazteko gai den  indarra. Zeintzuk dira beldur unibertsalak? Minaren beldurra, ezezagunaren beldurra edo besteei min ematekoa. Horretaz hitz egin nahi dut. Horrez gain, harreman bat hasi berri dutenei ere gomendatzen diet, errazagoa delako bikotekideak eskutik heltzea. Beldurra ez dago orain modan, beti egon da eta. Zinema-estreinaldiak errepasatuz gero, beldurrezko film asko daudela konturatuko zara. 

P. Eta zergatik erakartzen gaitu hainbeste beldurrak?

E. Muntaia hau prestatzen lagundu zidan lagun psikiatra batek esaten duenez, zenbait arrazoi daude horretarako, horien artean ‘errusiar mendiarena’. Errusiar mendian igotzen zara jakinik ez zaizula ezer gertatuko, baina 180 kilometro orduko abiaduran jaisten hasten zarenean gauza bera pentsatzen duzu beti: zergatik sartu ote naiz honetan? Jendeak ikuskizun hau ikusten duenean, badaki beldur pixka bat pasatuko duela, baina kontrolatutako beldurra izango da. Hori bai, ikuskizun honetan gertatzen direnak antzoki osoan gertatzea nuen helburu, ez eszenatokian soilik.

G. Honen aurretik ‘Mas cerca’ muntaia aurkeztu zenuen, hurrengo asteetan ere antzeztuko duzun ikuskizuna. Zeintzuk dira bien arteko desberdintasunak?

E. ‘Más cerca’ proposamen intimista, entretenigarri eta hurbila da; bertan egunero gertatzen zaizkigun kasualitatez hitz egiten dugu. Zer eskatzen diogu gure bidaideari? Zeintzuk dira higuina ematen diguten usainak? Eta gure gorputzeko atalik sentiberenak? Gainditu ezin ditzakegun beldurrik handienak? Proposamen dibertigarria da eta ikusleek barre asko egiten dute. ‘Poltsikoko’ muntaia sortu nahi nuen, martxan jartzeko hamabi orduko lana behar ez duena.

G. Badakizu ‘mentalista’ hitz ez dela hiztegian ageri?

E. Hala da, izan ere, ‘mentalismoa’ ez da existitzen. Berez, ogibidea bera ez da existitzen. Hitz hori baztertzen ari naiz, gaur egun 806 linea duen edo kartak irakurtzen dituen edonor izan daitekeelako ‘mentalista’. Naizena izatea nahiago dut: ‘adimenaren magoa’, nire ustez definizio egokiagoa da eta. Ilusio-sortzailea naiz. Nik ikusten dudana eta zuk ikusten duzuna ez dira gauza bera, ez dute zertan gauza bera izan. Baina zuk ikusten duzunaz bizi naiz ni, ez nik egiten dudanaz.

G. Lanean pasioa jartzen duzula dirudi.

E. Ez nintzen diruagatik sartu mundu honetan, pasioagatik baizik. Zorte handia dut, nire pasioa ogibide bihurtu dudalako.



Segur aski asko interesatuko zaizu...
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago