MUSIKA
Testua: Jonan Hernández

MIKEL URDANGARIN
Azula
"Bizitzan dagoen gauza eterno bakarra momentua da"
Mikel Urdangarin (Amorebieta-Etxano, 1971) barne paisaiak margotu ditu 'Azula' (KAP, 2012) albumean, bere ibilbideko hamabigarrena. Sortzailearen heldutasuna azaltzen duen lan biluzian, soilik bi musikariren laguntza izan du, Angel Celada (bateria) eta Koldo Uriarte (teklatuak).

 

Galdera. Zelan entzuten duzu zure burua formatu berri honetan?

Erantzuna. Ondo eta eroso, oso konpainia ona delako Angel eta Koldorena; babes handia sentitzen duzu bi musikari hauen alboan. Bestalde, desberdin ere bai, ezohiko formatua delako niretzat. Diskoan soinu berririk badago formatuagatik da zalantzarik barik.

G. Eroso sentitzen zarela diozu, baina hori ez da erraza alboan ohi baino laguntzaile gutxiago dituzula…

E. Argi dago, zenbat eta pertsona gutxiago diskoan edo eszenatokian, orduan eta espazio handiagoa guztiontzat. Eta horrek espazioa betetzera behartzen zaitu. Koadroa hiru zatitan banatuta dago eta bakoitzak erantzukizun handiagoa du. Horregatik soinu desberdina dago. Baina eroso sentitzeko oso garrantzitsua da laguntza eta Angelen bateria halako trasatlantikoa da, norbaiten besoetan zaudela sentitzen duzu; hori entseguetan hasi nintzen nabaritzen. Koldo ere laguntzaile aparta da. Disko honetan ez dago birtuosismorik bere joeran, baina bai dago eraikitzeko gogoa. Laguntzen jakitea ez da batere erraza eta berak bete du zeregin hori.

G. Horren harira nabaritzen da musikariek aparteko ahalegina egin dutela gehiegi ez nabarmentzeko. Hori zen asmoa?

E Hasieratik asmoa zen kantua lehenestea. Ahalmen guztiak askatu beharrean, bestelako joera dago. Askotan indarra ez dago halako abilezia erakustaldietan, baizik eta gutxirekin komunikatzean. Hori lortuz gero, normalean oso sentsazio intentsua sortzen da; bizitzan bezala, berba gutxirekin komunikatzen duzunean. Ahalegintxo bat egin dugu hori horrela izan dadin, nahiz eta zuzenekoa pixka bat desberdina izan daitekeen.

G. Zelan sortu zen talde hau?

E. Koldo aspalditik dabil nirekin jotzen. Angel gasteiztarra da eta berarekin jotzeko asmoa izan dugu betidanik. Deitu nion proiektu honetan parte hartzeko eta haren baiezkoa jaso nuenean sekulako poza hartu nuen. Ume baten ilusioaz sartu da eta sekulako bultzada ematen dio egiten duen guztiari. Babes eta indar handia nabaritzen dut. Hotzik ez formatu honetan.

G. Aurreko lanetan bezala, Unai Iturriagaren testuak erabili dituzu honetan ere

E. Hala da. Pentsatu nuen Unairen idazkera ondo etorriko zitzaiola diskoa hartzen zebilen tonu narratiboari. Ikaragarria da zelan margotzen duen hitzen bidez.

G. Disko honetan pertsonaiak, bai geografikoa eta bai pertsonalak, aurreko diskoetakoak baino etereoagoak dira. Zergatik izan da hori?

E.  Disko honetan  badago lehen pertsona bat azentuatua: nire ahotsa. Introspekzio eta ebokazio ariketa bat dago, barrura begiratzeko eta barruko paisaia horiek marrazteko. Ahotsaren inguruan badaude beste pertsona batzuk, baina oso lotuak nire buruarekin. Biluztasun handia dago, nahiz eta babestu ere babesten naizen; aspaldiko lanik biluziena da eta beharbada horregatik ez dira ageri beste diskoetan agertzen ziren hirugarren pertsonak edo pertsonaiak. Oso esparru gertuan nabil, esparru unibertsala bertan guztiok topa ditzakegulako identifikazioak. Barne begiradak eta azaltzen hain gaitzak diren barruko bazterrak margotu ditugu.

G. Eta zergatik ariketa hori?

E. Zergatia behar bati erantzutea da. Kantu bat egiten duzunean, zeri kantatu nahi diozun pentsatu behar duzu. Galdera hori egin nionean nire buruari, gai hauek irten ziren. Eta askotan hori izaten da zailena, azken finean zentzu bat eman behar diezulako kantuei. Azkenean, gauzak kontatzeko gogoa dago horren atzean.

G. Disko tematikotzat jo daiteke?

E. Ez dakit, kantu bakoitza mundu bat delako. Baina badago halako arima bat guztiak lotzen dituena. ‘Azula’ deitu diot baina oso udazkeneko diskoa da, ebokazioz betea. Ez da erraza niretzat iraganera begiratu barik kantuak idaztea. Atzera begiratzea gustatzen zait ariketa on bat legez, ez sufritzeko, eta hango erantzunak topatzeko.

G. Erantzun bila kantuetako batean Oportoraino joan zinen (‘Oporto’ du izenburuko kantuetako batek). Zer topatu zenuen han?

E. Oporton hasi nintzen konposatzen oporretan nengoela eta urtebete beranduago amaitu nuen. Kantu horren errepikak dio: “eternitateak hanka eta beso, noizbait hartu ninduen preso”. Ebokazioz beteriko kantua da, oroitzapen margotuak dira. Baina batez ere ideia bat oso gustukoa dudana: bizitzan dagoen gauza eterno bakarra momentua dela. Normalean momentua eternoa da oso intentsua denean, orduan betiko iltzatuta gelditzen da zure buruan. Oporton gertatu ziren horrelakoak…eta hor ideia bat nabarmendu nahi dut: hemen badira gauza batzuk betirako direnak, bizipen konkretuak eta berbak, eta kuriositatez laburrenetan gertatzen da eternitatea.

G. Eta Portugaleko giro malenkoniatsuak eraginik izan du diskoaren tonu orokorrean?

E. Izan daiteke. Azken finean sasoi batera heldu garenok begiratu bat eman behar diogu gure bizitzari. Hor agertzen da idealizazioa eta eternitatearen ideia hori.

G. Horren harira, kantuek ekarri dute formatu berria edo formatuak ekarri du kantuak horrelakoak izatea?

E. Kantuak formatu bat edo beste honela etorriko ziren, baina formatuak zertzelada egokiak eman dizkie kantuei. Oso bat etorri dira biak.

G. Lan honetako kanturik esplizituena da ‘Andikona 1936’ (albumeko azken kantua, Gerra Zibilean Otxandiok jasandako bonbardaketari buruzkoa). Zergatik ekarri nahi izan duzu gogora gai hura?

E. Otxandiotik deitu ninduten hango bonbardaketaren 75. urteurrenean jotzeko. Orduan ez nekian han bonbardaketarik izan zenik Gerra zibilean eta halako amorrua sentitu nuen horregatik. Orduan erabaki nuen kantu hau egitea. Gainera egoki iruditu zitzaidan diskoari amaiera emateko. Orain memoriaz ari garela, badirudi sekulako nagia ematen duela 40 urtetik haratago begiratzeak, baina han gertatutakoak oso gertu sentitzen ditut. 


Segur aski asko interesatuko zaizu...
JAINKO TXIKI ETA JOSTALARI HURA
Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek, Rafa Ruedak, Bingen Mendizabalek eta Mikel Valverdek bat egin dute beste behin, poesia, mu... (gehiago irakurri)
Kantautore euskaldunen belaunaldi berriaren erakusle nagusia, Mikel Urdangarinek tradizioa eta berezko lirismoa uztartu ditu ... (gehiago irakurri)
Mikel Urdangarin kantautorearen zuzeneko musikak soinu-banda jartzen die Traspasos Dantza Konpainiaren koreografiei, emozioz ... (gehiago irakurri)
AZULA
MIKEL URDANGARIN (gehiago irakurri)
Mikel Urdangarinek euskarazko kantagintza berritu du 1997an debuta egin zuenetik, doinua jarriz bere testuei zein hainbat ida... (gehiago irakurri)
Mikel Urdangarinek Badena eta ez dena diskoa aurkeztu du, 19.ena bere ibilbidean. Proiektu horretan Bilbao Orkestra Sinfonik... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago