MUSIKA

JAVIER VARGAS & RAIMUNDO AMADOR
"Eraldatzen naiz gitarra hartzen dudanean"
12 urteko zela hartu zuen lehen aldiz gitarra elektrikoa esku-artean. Geroztik, Javier Vargasek (Madrid, 1958) ez du bizitza hura gabe ulertzen. Urte hauetan zehar bilakaera sakona izan du, estudioko musikari moduan lehenengo eta 1991tik bakarka, gaur egungo blues gitarrista ezinbestekoetako bat bihurtu arte. Uda honetan Tim Bogert (baxua), Carmine Appice (bateria) eta Paul Shortino (ahotsa) musikariekin batera grabatutako diskoa kaleratu du. Hori baino lehen, etenaldia egingo du hegoaldeko bluesa jotzeko Devon Allman-ekin batera, Allman Brothers Band talde mitikoko kideetako baten semea.

Galdera. Devon Allmanekin urteak eman dituzu jotzen eta diskoak grabatzen. Nola sortu zen bion arteko harremana?

E. Devon eta biok 2003an ezagutu genuen elkar, Memphisen. Makina bat herrialdetan jo dugu: Suedian, Polonian, AlemanianÖAlbum dezente ere grabatu dugu. Bluesa eta hegoaldeko blues-rocka jo dugu gehienbat, bera hegoaldeko blues rockaren eta soularen eskolakoa baita. Baina Allman Brothersen abesti asko ere jotzen dugu, eta baita Bob Marleyrenak eta soul artista askorenak ere bai.

G. Zure ibilbidean zehar hainbat estilo jorratu dituzu, bluesetik flamenkoraino, eta musikari ugarirekin lan egin duzu. Nola eragin dizu hain musikari desberdinekin aritzeak?

E. Haiengandik ikasten duzu eta zure buruari buruzko gauzak ere ikasten dituzu. Egiten duzuna garatzen ikasten duzu, jotzen ari zaren horretan sentiberatasuna bilatzen. Soinu ona lortzen saiatzen naiz beti. Musikari eta teknikari onekin jo izan dut beti; iraganeko eta etorkizuneko onena erabiltzea dut gustuko. Makina bat ordu eman dut jotzen. 1991an hasi nintzen eta oso azkar joan da guztia.

G. Aurten disko berria aurkeztuko duzu. Nola sortu zen Tim Bogertekin eta Carminen Appice-rekin lan egiteko aukera?

E. Proiektu honi iaz hasi nintzen bueltak ematen; ideia ona iruditu zitzaidan proiektu paralelo batekin lan bat grabatzea. Aurtengo maiatzean grabatu genuen Las Vegasen eta gero Memphisera joan ginen masterra egitera eta nahastera. Musikariek esan zidaten onak direla lehen hartualdian grabatzen, bigarrenean mailak behera egiten duela eta hirugarrena zakarrontzira botatzeko modukoa dela. Horregatik, lehen hartualdian grabatu genuen guztia. Diskoak bi opari dakartza, dokumental bat eta Vargas Blues Bandekin zuzenean grabatutako disko bat. 

G. Horrela esanda erraza dirudi, baina ziur asko zailagoa izango zen efektu hori lortzea, ezta?

E. Ahalegin handia izan da. Maite dut egiten dudana eta jotzea ez zait batere kostatzen, baina grabazio estudiora heltzeko ahalegin fisikoa kostatzen zait gehien. Bai diskoa eta bai zuzenekoa era natural eta freskoan sortu dira. Urte hauetan guztietan konturatu naiz estudioan ahalik eta denbora gutxien ematea dela onena, bestela freskotasuna galtzen baituzu. Horregatik heltzen zaizkio hain ondo jendeari 50eko eta 60ko hamarkadetako jazz eta blues diskoak. Bat-batekotasun hori harrapatzea gustatzen zait. Lan honetan, adibidez, konplizitate handia egon da. Uste dut etapa berria zabalduko duela nire ibilbidean; banda paralelo batekin jotzeko aukera emango dit, ikertu eta bide berriak zabaltzeko.


G. Hogei urte joan dira ‘All around blues’ diskoarekin bakarkako ibilbideari ekin zenionetik. Nolako bilakaera izan duzu ordutik hona?

E. Asko aldatu naiz. Orain askoz esperientzia handiagoa dut. Gauza zoragarriak gertatu zaizkit, eta gauza ez hain onak ere bai. Hasi nintzenean adin ertaineko gizona nintzen, baina heldutasunik gabea eta oldartsuegia. Orain lasaigoa naiz gauzei aurre egiteko orduan, baina gitarra hartzen dudanean eraldatzen nauen eta bizitzan ateratzen ez ditudan gauzak ernarazten dizkidan sua dut oraindik nire barruan. Musika pertsonaren proiekzioa da eta eszenatokian gozatzen jarraitzen dut. Urteen poderioz Javier Vargas onena atera dudalakoan nago, bai bizitzari eta bai musikari dagokionez. Nire ustez hori da zentzua, hemendik alde egiten dugun egunean ahalik eta onena uztea atzean. 


G. Eta nola lortzen da ilusioari eustea?

E. Kontzertu-lekura heldu, jendea sentitu eta babesa ematen dizuten musikariak dituzula ikusten duzuneanÖizugarrizko gozamena da. Hori lortzen duzunean, onena eman behar duzu, bestela ez du pena merezi hor egotea, heltzeko hainbeste lan egin ondoren.





Segur aski asko interesatuko zaizu...
VARGAS BLUES BAND & COMPANY
Agian historiako espainiar blues gitarristarik onena, Javier Vargas talde indartsu ho... (gehiago irakurri)
LOGROÑO
Introspekzioa, itxurazko inprobisazioa eta nolabaiteko osagai onirikoa iradokitzen duten soinu-paisaia kezkagarriak ardatz, E... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Otsailetik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoko Atrioa zuzeneko musikaz blai izango da Kutxabank babesle duen Art & Music progr... (gehiago irakurri)
GEREDIAGA ELKARTEA
● Gazteek erantzun ona eman diote deialdiari. Aurrerantzean ere, euskal kulturaren transmisioan ekarpena egiten jarrait... (gehiago irakurri)
SALA BBK
BBK ON STAGE zikloaren laugarren denboraldia Bilboko BBK Salara itzuliko da 2024ko martxoaren 23tik aurrera. Zikloaren laugar... (gehiago irakurri)
EGO
Udako topaketa eta Musika Hamabostaldiko kontzertu historikoa eskaini ondoren, udazkeneko konpromisoei egingo die aurre gazte... (gehiago irakurri)
Maika Makovski (Palma de Mallorca, 1983) 'MKMK' bere zazpigarren diskoa aurkezten ari da zuzenean. Bere ibilbidean metatutak... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago