MUSIKA
Testua: Kmon

GETXO JAZZ 2026
Getxo Kultura
GETXO JAZZ
Getxo Jazzek mende erdiko mugari begira ekingo dio 49. edizioari, Charles Lloyd kartelburu duela
2026-06-03
Uztailaren 1etik 5era egingo da Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 49. edizioa. Charles Lloyd, Camille Thurman, Immanuel Wilkins, Moisés P. Sánchez eta Sketches of Latin Miles izango dira programazioaren izen nagusiak. Mende erdiko ibilbidea ospatzear den jaialdiak, gainera, aro berri bati ekingo dio Mario Benso zuzendari artistiko berriarekin.

Getxok berriro irekiko du uda honetan Euskadiko jazz denboraldia, nazioarteko jazzaren izen handiak eta belaunaldi berrien proposamenak uztartzen dituen egitarauarekin. Uztailaren 1etik 5era egingo den Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 49. edizioak Charles Lloyd, Camille Thurman, Immanuel Wilkins eta Moisés P. Sánchez bezalako artistak bilduko ditu, baita gorantz doazen proposamenak, doako kontzertuak eta Talde Lehiaketa ere, Europako jazz gaztearen erakusleiho nagusietako bat dena.

Aurtengo aurkezpenak jaialdiaren etapa berri bati ere eman dio hasiera. Mario Bensok hartu du zuzendaritza artistikoaren ardura, eta ilusioz azaldu zen erronka berriaren aurrean. “Ondare hori jasotzen dut, eta lanean jarraituko dut jaialdiak bere nortasun bereizgarria mantendu dezan eta erreferente izaten jarrai dezan”, adierazi zuen.

Amaia Agirre Getxoko alkateak nabarmendu zuenez, “kalitatea eta aniztasuna izango dira Getxo Jazzen aurtengo edizioaren ardatz nagusiak”. Haren hitzetan, jaialdia “mende erdira iristear dagoen 49. edizioan” sartzen da aurten, eta urteotan “generoaren erreferente nagusietako bat” bihurtu da. Agirrek gogorarazi zuen, gainera, Getxo Jazz “talentu berriak ezagutzeko ezinbesteko erreferentea” dela oraindik ere.

Kontzertu nagusiak Muxikebarrin egingo dira. Uztailaren 1ean hasiko da egitaraua Moisés P. Sánchez piano-jotzaile eta konpositore madrildarrarekin. Grammy Latinoetarako izendatua eta Musika Independentearen MIN sariaren bi aldiz irabazlea, Espainiako jazz garaikideko sortzailerik esanguratsuenetako bat da. Getxon Dedication II laneko piezak aurkeztuko ditu, duela hamabost urte New Yorken grabatutako lehen Dedication diskoaren jarraipen gisa sortutako proiektuan.

 

Camille Thurman

Bigarren egunean Camille Thurman izango da protagonista. Saxofoi-jotzaile, abeslari eta konpositore estatubatuarra azken urteetako jazz eszenako ahots indartsuenetako bat da, eta historia egin zuen Jazz at Lincoln Center Orchestra ospetsuko lehen emakume kide bihurtu zenean. Tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen proposamenarekin iritsiko da Getxora.

Edizio honetako hitzordu nagusietako bat uztailaren 3an izango da. Charles Lloyd saxofoi-jotzaile eta konpositore mitikoak 86 urte ditu gaur egun, baina jazz garaikideko erreferente bizienetako bat izaten jarraitzen du. Sei hamarkadatik gorako ibilbidean John Coltrane, Keith Jarrett, Ornette Coleman edo Charles Mingus bezalako musikariekin partekatu ditu agertokiak, eta Getxora lehen mailako talde batekin iritsiko da.

Larunbatean, berriz, Sketches of Latin Miles proiektuak Miles Davisen ondarea latin jazzaren ikuspegitik berrirakurriko du. Pepe Rivero piano-jotzaile kubatarrak gidatutako taldeak tronpetista handiaren jaiotzaren mendeurrena baliatuko du bere ibilbideko etapa nagusiei omenaldia egiteko. Jaialdiari amaiera Immanuel Wilkins saxofoi-jotzaile gazteak emango dio. Jazzaren belaunaldi berriko ordezkari nabarmenetako bat da, eta nazioarteko kritikaren aitortza jaso du Omega eta Blues Blood lanekin.

 

Talde Lehiaketa

Ohikoa den bezala, kontzertu nagusien aurretik Talde Lehiaketako finalistak ariko dira: Saúl Andreu Quartet, Cristopher Pérez Quartet, Frame eta Lurium. Horrela, jaialdiak bere nortasun ezaugarri nagusietako bati eutsiko dio, hau da, Europako jazz gazteari ikusgarritasuna emateari. Ezaugarri hori azpimarratu zuen Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak ere. Haren esanetan, Getxo Jazz “talentu gazteak eta jazzaren figura handiak elkarrekin bizi diren gunea da, eta hori da Aldundiak ere partekatzen duen apustua”.

Ordainpeko kontzertuez harago, kale programazio zabalak ere protagonismo handia izango du aurten. Hirugarren Milurtekoa atalak Daniel García Trio, Scannapieco-Geremia Quintet, Idle Moments, Iosu Izaguirre Sextet eta Borja Barruetaren proposamenak ekarriko ditu Algortako Geltokia plazara. Horrez gain, familientzako ikuskizunak, kalejirak, jam sessionak eta Ricardo Carrillo de Albornozen Instanteo argazki-erakusketa izango dira, jazza Getxoko hainbat gunetara zabalduz.

urteurrenaren atarian, Getxoko Nazioarteko Jazzaldiak bere nortasuna sendotu duen eredua berretsiko du beste behin ere: kalitate artistikoa, nazioarteko proiekzioa eta belaunaldi berriekiko konpromisoa uztartzea. Horri esker, bost hamarkadaren bueltan, Euskal Herriko eta estatuko jazz hitzordu garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen du.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
GETXO KULTURA
Getxo Jazz 2026 jaialdiak jazz garaikidearen tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen kartela osatu du. Uztailaren 1etik 5e... (gehiago irakurri)
GETXO KULTURA
Getxok lehen aldiz parte hartuko du ‘Circo a Escena’ estatu mailako zirkuituan, Red Escenak (titulartasun publikoko antzoki, ... (gehiago irakurri)
GETXO KULTURA
Getxo Kultura-k Getxoko Sortzaileak kultur sorkuntzarako deialdiaren seigarren edizioa jarri du martxan, sormen proiektu arti... (gehiago irakurri)
GETXO KULTURA
Jaialdiaren 40. edizioa irailaren 11tik 15era izango da eta 13 emanaldi hartuko ditu. Kontzertuak Muxikebarrin, Areetako Gelt... (gehiago irakurri)
GETXO KULTURA
Jaialdiaren 40. edizioa irailaren 11tik 15era izango da eta 13 emanaldi hartuko ditu. Kontzertuak Muxikebarrin, Areetako Gelt... (gehiago irakurri)
Confines
GETXO KULTURA
Ados Teatroaren ‘Las ciegas hormigas’ irakurketa antzeztua eta Pablo Viarren ‘Confines’ antzerki muntaia irailean eta urrian ... (gehiago irakurri)
GETXO KULTURA
Getxo Jazzak 18 emanaldi hartuko ditu ekainaren 28tik uztailaren 2ra. Doako saioak Algortako Geltokia plazan izango dira eta... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Edukien kudeatzailea Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago