Émile Parisien (saxofoi sopranoa), Vincent Peirani (akordeoia)
Émile Parisienek saxofoian eta Vincent Peiranik akordeoian osatutako bikotea Europako Jazz garaikidearen kolaborazio nabarmenetakoa da. 2010ean lehen aldiz elkartu zirenetik, beren konexio musikalak bilakaera handia izan du, Jazzaren panoraman elkar hartze emankor eta miretsienetakoa bihurtzeraino. 1.000 kontzertu baino gehiago eman dituzte elkarrekin, eta horietatik 600 baino gehiago bikote formatuan izan dira; horrela irmotu da darien kimika berezia agertokietan.
Beren lehen albuma, Belle Époque (2014), Sidney Bechet saxofonistari egindako omenaldia izan zen, munduko agertoki ospetsuenetan aritzera eraman zituena. Lan horrek sari ugari jaso zituen, besteak beste, Echo Jazz eta Les Victoires du Jazz.
Sei urteko prestaketa aldiaren ondoren, Abrazo (2020) bigarren diskoa iritsi zen, tangoaren dotorezian, malenkonian eta indarrean oinarritutako proiektua. Abrazon, bikoteak maisuen konposizioak berrasmatzen ditu, tartean Astor Piazzolla, Tomás Gubitsch eta Xavier Cugatenak. Gainera, albumak Kate Bush bezalako artisten moldaketa harrigarriak biltzen ditu, baita bikotearen konposizioak ere. Diskoaren hasierako piezak, Jelly Roll Mortonen ?The Crave?-k, zubi sotil bat ezartzen du Belle Époquerekin (2014), bi albumak esperientzia musikal osatu batean elkarren segidan entzuten den suite bilakatuta.
Émile Parisien, Cahorsen jaioa 1982an, Jazz frantziarrak duen figura berritzaileenetako bat da. Toulouseko Kontserbatorioan eta Marciaceko Jazz Collegen trebatua, Daniel Humair, Joachim Kühn eta Michel Portal bezalako artistekin kolaboratu du, eta buru izan da, besteak beste, DaDaDa laukotearen eta Louise seikotearen proiektuetan, Roberto Negro eta Manu Codjiarekin batera. Bere estiloak tradizioa eta abangoardia uztartzen ditu, sonoritate eta adierazpide berriak arakatzeko.
Vincent Peirani, Nizan jaioa 1980an, nazioartean ezaguna da akordeoian erakusten duen birtuosismo eta sormenagatik. Parisko Kontserbatorioan ikasketak amaitu ondoren, Daniel Humair, Michel Portal eta Youn Sun Nah bezalako musikariekin lan egin du, eta buru izan da, besteak beste, Tandem eta Living Being proiektuetan. Bere ikuspegi berritzaileak akordeoiaren lengoaia eguneratu du Jazzaren arloan, estiloak eta generoak sentsibilitate paregabearekin uztartuta.
Elkarrekin, Peiranik eta Parisienek muga estilistikoak eta kulturalak gainditzen dituen proposamen musikala sortu dute, tangoaren tradizioa eta Europako Jazzaren modernitatea uztartzen dituen soinu-esperientzia eskaintzeko. Abrazoren magia instrumentuen arteko interakzio sotilean eta bi musikarien jakin-min aseezinean datza, Jazza, abangoardia, musika klasikoa, folklorea eta erritmo garaikideak fusionatzeko duten gaitasunean, emozioa eta dotorezia inoiz galdu gabe. Interpretazio bakoitza elkarrizketa intimoa, sofistikatua eta zirraragarria da aldi berean, non adierazpen artistiko puruenaren zerbitzura jartzen diren teknika eta sormena.

