Euskarazko antzerkigintzak nazioarteko presentzia izango du uda honetan ere. Izan ere, Eight Plays. Drama of Smaller European Languages izeneko liburua aurkeztuko dute Avignongo Antzerki Jaialdian. Europako hizkuntza gutxituetan jatorriz idatzitako zortzi antzezlan biltzen dituen argitalpen horretan Eneko Sagardoyren Moto – Membra Jesu Nostri ere jaso dute. Arriaga Antzokiak 2022an ekoitzitako lanaren testua Justin Petersonek eta Tim Nicholsonek itzuli dute ingelesera.
Argitalpena DoSEL (Drama of Smaller European Languages) Europako proiektuaren emaitzetako bat da. Ekimen horren helburua Europako hizkuntza gutxituetan sortutako antzezlanak itzuli, zabaldu eta nazioarteko zirkuituetan txertatzea da, eta Arriaga Antzokia zortzi kultur erakundek osatutako partzuergo horretako kide da.
Liburua uztailaren 9an aurkeztuko dute Avignongo Antzerki Jaialdian, European Theatre Convention erakundeak antolatutako European Theatre Talks zikloaren barruan. Aurkezpenak DoSEL proiektua eta bilduma bera ezagutarazteko balioko du, Europako hizkuntza gutxituetan sortutako dramaturgiari nazioarteko oihartzun handiagoa emateko helburuarekin.
Bildumak zortzi hizkuntzatako lanak biltzen ditu, tartean euskaraz, katalanez, malteraz, kroazieraz, eslovenieraz, albanieraz, bulgarieraz eta estonieraz idatzitako antzezlanak. Moto – Membra Jesu Nostri lanak nazioarteko ibilbidea hasia du dagoeneko: DoSEL proiektuari esker, 2025ean euskaraz taularatu zuten Eslovenian. Horrek agerian uzten du ekimen honek hizkuntza gutxituetan sortutako antzerkiari nazioarteko bidea zabaltzeko duen ahalmena.

