ZINEMA
Testua: Kmon

2030 BAI!
Bbk Live
BBK LIVE
2030 BAI!: zinema, giza eskubideak eta gogoeta soziala Bilbao BBK Liveren atarikoan
2026-01-30
Bilbao BBK Live jaialdiak bere alderdi kulturalena aktibatzen du berriro 2030 BAI! zinema-zikloarekin. Otsailean, Sala BBK aretoan, doako lau proiekziok zinema, giza eskubideak eta egungo erronka sozialak uztartuko dituzte, jaialdiaren balioekin bat eginez.

2030 BAI! zikloa Bilbao BBK Liveren aperitibotzat planteatzen da, jaialdiak hasiera-hasieratik defendatu duen konpromiso sozial eta kulturalaren isla gisa. BBK Banku Fundazioarekin, Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzarekin eta Donostia Zinemaldia-rekin elkarlanean antolatuta, programazioak giza eskubideak, jasangarritasuna eta gaur egungo gizarte-erronkak ditu ardatz, zinema kontzientziazio eta elkarrizketarako tresna gisa ulertuta.

Aukeratutako lau filmak —Maspalomas, La voz de Hind Rajab, Yo, Capitán eta Belén— Zinemaldiko Agenda 2030 Sarian izendatuak edo sarituak izan dira. Sari horrek bost urte daramatza Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datozen lan zinematografikoak bultzatzen, eta zikloak zuzenean lotzen ditu sorkuntza artistikoa, berrikuntza soziala eta pentsamendu kritikoa. Musika ere funtsezko elementu narratibo gisa txertatzen da, pantailan kontatzen diren istorioei tentsioa, argitasuna eta sakontasun emozionala emanez.

Zikloa otsailaren 5ean inauguratuko da, ekitaldi instituzional baten ondoren Maspalomas filmaren proiekzioarekin. Bederatzi Goya saritarako izendatua izan den lana jatorrizko bertsioan eskainiko da, euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin, eta emanaldiaren ostean solasaldia egingo da zuzendarietako batekin eta José Ramón Soroiz protagonistarekin. Ondoren etorriko dira La voz de Hind Rajab (otsailak 10), Nazioarteko Film Onenaren Oscar sarirako izendatua; Yo, Capitán (otsailak 19); eta Belén (otsailak 26), azken hau Iberoamerikar Film Onenaren Goya sarirako hautagai. Hiru emanaldi horiek ere solasaldiekin osatuko dira, zinemagile, aktibista eta espezialisten parte-hartzearekin.

 

Inklusioa eta berdintasuna

Zikloan zehar inklusioa, berdintasuna, haurrak, migrazioa, justizia eta autonomia bezalako gaiak jorratuko dira. Filmetako soinu-bandek —Arantzazu Callejaren sotiltasun emozionaletik, Marilina Bertoldiren elektronika trinko eta zehatzera, edo Andrea Farriren epika neurritsura— istorio bakoitzaren karga sinbolikoa indartzen dute.

Sarrera doakoa izango da, aldez aurretik erreserba eginda bilbaobbklive.com webgunean, edukiera bete arte. San Miguel etxeak babestutako 2030 BAI! zikloak hiriko kultur erradioa zabaltzen du, zinema, pentsamendua eta komunitatea elkartzen dituen topagune gisa.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
BBK LIVE
Sharon López
BBK LIVE
Aspaldi finkatu zen Europako zirkuituko musika-jaialdi garrantzitsuenetakotzat, eta Bilbao Bbk Livek edizio berri bat egin du... (gehiago irakurri)
Sharon López
BBK LIVE
Bilbao BBK Live Bereziak emanaldien sarrera libre izango da, publiko guztientzat, eta bertan arituko dira Los Niños Jesús -J... (gehiago irakurri)
BBK LIVE
The Hives, Mando Diao eta Rodrigo Cuevas arituko dira Bilbao Arenako kontzertu-zikloaren lehen txandako liderrak. Bilbao BBK... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Edukien kudeatzailea Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago