ARTEA
Testua: Koldo Mitxelena Kulturunea

'Gipuzkoako Historiaren Pasarte Ezezagunak' zikloa
2017-01-25
Gure historiari buruz ezagutzen ez ditugun pasarteak gizarteratzeko hitzaldi zikloa antolatu dugu Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkarteak. Bederatzi hitzaldi izango dira guztira Gipuzkoako Historiaren Pasarte Ezezagunak izenburupean jasoko direnak. Urtero bezala hilean behin, astearte batean ospatuko dira, urtarriletik azarora, uztailean eta abuztuan izan ezik.

 

 

Urtarrilak 24, 19:30 (gaztelaniaz)

Alvaro Arrizabalaga Valbuena

Duela 36.500 urte: urte bat Gipuzkoaren Historiaurrean

 

Alvaro Arrizabalaga (Oñati, 1965) Historiaurreko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Duela hogeita hamabost urtetik hona landa lanean dihardu batik bat Paleolito garaikoak diren Kantauri kostaldeko hainbat aztarnategi arkeologikotan. Bereziki Labeko Kobako eta Lezetxikiko (Arrasate) edo Irakaitzeko (Zestoa) indusketei esker, berrikuntza ugari eskaini ahal izan ditu eta Paleolitoko ehiztari-biltzaile taldeak ezagutzeko zenbait ikerketa-ildo proposatu.

 

Ezohiko foro hau dela eta, ohiko aurkezpenen formatua aldatzen saiatuko gara,  formatu diakronikotik zeharkakora pasatuz. Ausaz edo hautatu dugu Gipuzkoaren Historiaurreko urte bat, eta lau urtaroetan lurraldea zeharkatu zuten ehiztari-biltzaile taldeen larruan jartzen saiatuko gara. Alderdi batzuetan dagoen erregistro gabeziak behartu egiten gaitu kontuz zedarritzera akademikoki ezagutzen duguna eta hurbileko (eta urrunagoko) lurraldeetako informazioaren arabera uste duguna.

 

 

Otsailak 28, 19:30 (euskaraz)

Andoni Llamazares Martín

Erromatar garaiko ekonomia euskal lurraldeetan

 

Andoni Llamazares Historiako Gradua eta Mundu Klasikoko Masterra burutu ondoren EHU-n, gaur egun EJ-k ordaindutako kontratu predoktoral batekin dabil, tesia egiten duen bitartean. Bere zuzendariak Elena Torregaray (EHU) eta Sylvie Pittia (Université Paris I Panthéon-Sorbonne) dira, eta gaia “Errepublika garaiko fiskalitatea Mediterraneo mendebaldeko probintzietan (201-27 K. a.)”.

 

Euskal Herriko antzinaroa are gaur egun gai nahiko iluna dela esan dezakegu. Hala ere, aurkikuntza arkeologikoek kultura eta ekonomia erromatarraren sarrera erakutsi dute azkeneko hamarkadetan. Tesi tradizionalean ager-saltus banaketa geografikoa inposatu egin da, eta oraindik ere nolabait erabilgarria izaten jarraitzen badu ere, argi dago kostaldeko eremuetan interes ekonomikoa zuten jarduerak bultzatu zituela Erromak, nekazaritza, arrantza edo meatzaritza bezalako aktibitateen bidez.

 

 

Martxoak 21, 19:30 (euskaraz)

Olatz Etxeberria Mendizabal

«Las mujeres simples no se entremetan en curar enfermedades de niños o de otras personas». Praktika terapeutiko magikoen inguruko kezka Martín de Castañegaren Tratado de las supersticiones y hechicerías (1529) liburuan

 

Olatz Etxeberria, Historian lizentziatua (2011, UPV/EHU), doktore tesia egiten dihardu Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia departamentuan (UPV/EHU)  Eusko Jaurlaritzaren ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko bekari esker. Historia kulturalaren alorrean koka daiteke bere ikerketa lana, antropologia historikoa deritzon adarrean. Bere lan ildo nagusia Elizak nahiz medikuntza akademikoak Erdi Aroaren amaieran  praktika magiko terapeutikoen aurrean zuten jarrera ikertzea da.

 

Fray Martín de Castañega teologoak, Logroñon Inkisizioko predikatzailea zela idatzi zuen Tratado de las supersticiones y hechicerías delakoa. Calahorrako gotzainak eskatu zion magia eta superstizioaren kontrako tratatu bat idatz zezan, diozesian azken hamarkadetan jarrera hauek izandako bilakaerak kezkatuta. XII.mendeaz geroztik Gipuzkoako mendebaldeko bailarak, konkretuki Deba ibarrekoak, Calahorrako diozesiaren jurisdikziopean zeudenenez Castañegaren liburuak Gipuzkoako historiaren  atal txiki bat ezagutzeko bidea ematen digu.

 

 

Apirilak 25, 19:30 (gaztelaniaz)

Imanol Vitores Casado

Gipuzkoako portuen proiekzioa eta defentsa: boterea, zerga-sistema eta jarduera ekonomikoa Erdi Aroaren amaieran

 

Imanol Vitores (Donostia, 1986) Historian lizentziatu zen 2008an  Euskal Herriko Unibertsitatean, eta unibertsitate horretako ikertzailea eta irakaslea da gaur egun. Ikerketa-ildo hauek jorratzen ditu, batik bat: Behe Erdi Aroan Kantauri itsasaldean eta Akitania frantsesean zeuzkaten zerga-sistema, instituzio publikoak eta harreman ekonomikoak.

 

Gipuzkoako kostaldean kokatutako herriguneek, sorreratik bertatik, portuetako jarduera ekonomikoa arautzeko zenbait mekanismo jarri zituzten martxan. Gipuzkoak eta bertako biztanleek paper garrantzitsua izan zuten mugako lehen lerro eta defentsa gisa; izan ere, lurraldearen aberastasuna indartzeko neurri multzo oso bat artikulatu zuten portuak babestuz eta sustatuz. Azken finean, komunitatearen lanak eta konpromisoak baldintzatu zuten agintariek bultzatu zituzten onura fiskal, obra publiko edo legedi protekzionisten eta gisako neurrien garrantzia. Ikusiko dugunez, komunitate hori ez zen beti ados egon edo ez zuen bat egin ordezkarien agindu eta interesekin.     

 

 

Maiatzak 23, 19:30 (gaztelaniaz)

David Martin Sanchez

Ijito herria Gipuzkoan, Aro Modernoan

 

David Martín Historian doktoratu zen 2016ko ekainean Euskal Herriko Unibertsitatean defendatutako «Ijito herria Euskadin eta Nafarroan (1435-1802)» tesiari esker. Hainbat artikulu idatzi izan ditu aldizkari akademikoetan, eta dibulgaziozko komunikabideetan ere argitaratu izan du. Ijito herria, mikrohistoria eta anarkismoa ditu ikerketa-ildo.

 

Ijito herria XV. mendetik bizi da Gipuzkoan, behin eta berriro debekatu izan bazaie ere lurralde horretan kokatzea. Ez Odol Garbiketaren Estatutuek, ez tokiko justiziaren errepresioak ez zuten ekidin ijitoak lurraldean errotzea. Nafarroa iparraldeko eta Lapurdiko beste familia batzuekin ahaidetutako zenbait familia kokatu ziren Gipuzkoan eta bertako gizartearen parte bihurtu ziren, beren berezitasun kulturalei eutsiz baina, aldi berean, pixkanaka haien herriko beste latitude geografiko batzuetako kideengandik bereiziz. Inguruko tradizioa – hizkuntza, musika edo bizimodua– beretzeak ijito herriaren azpitalde etniko bat sortu zuen: ijito herri euskalduna eta, horren baitan, gipuzkoarra.

 

 

Ekainak 6, 19:30 (euskaraz)

Juan Madariaga Orbea

1600 eta 1840 Gipuzkoa-ren egoera linguistikoa

 

Juan Madariaga Unibertsiatate Complutensean, Filosofia eta Letretan lizentziatua eta Euskal Herriko Unibertsitatean, Historian doktorea da. Gaur egun UPNA-NUP-eko irakasle titularra da, Bergarako UNED-en irakaskuntzan aritu ondoren. Historia kulturalean aditua, heriotzaren aurreko jarrerak eta euskararen historia soziala ikertu ditu beste gai batzuen artean.

 

Lehen Gerra Karlista bukatu arte gutxienez, Gipuzkoa izan da lurralde bakarra, non, ia populazio guztiak euskaraz hitz egiten zuen eta gehiengoak gainera beste hizkuntzarik ez zekien. Helburua izango da baserri-populazioen eta hiribilduen arteko elebitasun maila eta izan duen bilakaeraren desberdintasunak, Aro Modernoan zehar zehaztea.

 

 

Irailak 26, 19:30 (gaztelaniaz)

Jon Ander Ramos Martinez

El Doradoren bila: hurbilketa Gipuzkoatik Amerikarako emigraziora

 

Jon Ander Ramos Historian doktorea da eta Amerikaren Aro Berriko eta Aro Garaikideko Historia irakasten du EHUn. Haren ikerketa-ildoek migrazio garaikideetan jartzen dute arreta, batik bat, XIX. eta XX. mendeetako Amerikarako euskal emigrazioan eta kanpoan argitaratu zen aldizkako prentsan.

 

Konkistaren lehen urteetatik, nabigatzaile gipuzkoarrek presentzia nabarmena izan zuten aurkikuntzekin eta konkistarekin lotutako enpresetan. Indietarako lasterketak jarraitu egin zuen ondorengo mendeetan, eta oro har euskaldunen –eta bereziki gipuzkoarren– parte-hartzea handia izan zen. Komunikazio honetan Gipuzkoatik Amerikarako emigrazioaren ezaugarrietara hurbilduko gara, eta arreta jarriko diogu bai gipuzkoarrek harrera-gizarteetan izandako parte-hartzeari eta integrazioari, bai eta horiek jatorrizko komunitatearekin izandako loturei ere.

 

 

Urriak 24, 19:30 (euskaraz)

Unai Belaustegi Bedialauneta

Errepublikanismoa Gipuzkoan II. Errepublika aurretik

 

Unai Belaustegi (1983) Historia Garaikidean doktorea da. 2014an errepublikanismoari buruzko tesia defendatu zuen, Amerikar Estatu Batuetan eginiko egonaldiaren ostean. Tesiko lehendabiziko emaitzak 2015ean liburu baten bidez kaleratu zituen Belaustegik: Errepublikanismoa Gipuzkoan, 1868-1923 (UPV/EHU). Horretaz gain, beste hainbat publikazio ditu aldizkari zientifikoetan eta bigarren liburua kaleratu du Antton Olariaga ilustratzailearekin batera (2016). Egun, UPV/EHU-ko irakaslea da Historia Garaikidea Departamentuan.

 

Errepublikanismo antolatua 1868 amaieran plazaratu zen lehendabiziko aldiz eta demokraziaren aldarrikapena izan zen euren ezaugarri nagusienetariko bat. Demokraziaren aldarrikapenaz gain, monarkiaren aurkakotasunagatik, estatu laikoaren eta modernitatearen defentsagatik nabarmendu ziren errepublikanoak orokorrean. Euskaldunei eta gipuzkoarrei dagokienean, ezaugarri hauez gain, euskal probintzien autonomia ere sarri agertu zen euren mitin, hitzaldi eta kroniketan eta orokorrean, foruekin lotutako autonomia izan zen. II. Errepublika eta errepublikanismoa bera ongi ulertzeko, ezinbestekoa da 1931 aurreko kultura politiko hau eta bere ingurukoekin izan zituen harremanak ondo ulertzea. 

 

Azaroak 21, 19:30 (gaztelaniaz)

Aitor Puche Martinez

Gerraondoko 40ko hamarkada Gipuzkoan

 

Aitor Puche Geografia eta Historian lizentziatu zen –eta Espainiako eta Euskal Herriko Historian espezializatu– 1990ean, Deustuko Unibertsitatean (Donostia). Irungo Udalaren Serapio Mujika historiako ikerkuntza beka irabazi du bi aldiz politika garaikideari buruzko ikerlan banarekin. Badu liburu argitaratu bat ere, II. Errepublikan, gerra garaian eta Frankismoaren errepresiopean Hondarribian izandako ezkerreko indarrak aztertzen dituena.

 

Gerra Zibilean Gipuzkoan gertatuaren inguruko informazio dezente badaukagu ere, ez da horrelakorik gertatzen gerraondoko garaiekin. Izan ere, ikerketak errepresio politikoari begiratu dio batik bat, eta bigarren plano batean utzi ditu garaiko ekonomiari, gizarteari edo kulturari loturiko aztergaiak. Hemen ahalegina egingo dugu erdi ahaztuta geratu zaigun hurbileko historiaren alderdi horiek argitzen laguntzeko.

 

 

 

 


Segur aski asko interesatuko zaizu...
IDARTE
Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoak (IDarte) maiatzaren 1etik aurrera irekiko du 2024-2025 ikasturterako ... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek EAEko lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en esperientzia profesi... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Museoaren kultura- eta hezkuntza-programazioaren helburua artearen eta bere balioen bidez ikuspegi berriak inspiratzea eta za... (gehiago irakurri)
Aiur Gorriti Martin
PHOTOMUSEUM (ZARAUTZ)
'Essaouira - Haize Uria' erakusketa bikoitza dugu eta era analogikoan, digitalean eta mugikorraz ateratako formatu handiko ar... (gehiago irakurri)
Omako baso margotuak berriro zabaldu ditu ateak jendearentzat. Agustín Ibarrola euskal artistak Urdaibaiko eskualdearen bihot... (gehiago irakurri)
JA! BILBAO
Bizkaia Aretoa UPV/EHU guneak ‘El enigma Pertierra’ erakusketa izango du ikusgai urriaren 22ra arte. Joaquín Pertierra ilust... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago