Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Arriaga Antzokiko zuzendari artistiko Calixto Bieitok prentsaurrekoa eman duteArriagak 2023-2024 denboraldian eskainiko dituen ikuskizunen programazioaren berri emateko. Programazioa 2023ko abuztutik 2024ko ekainera bitartera doan arren, gaur iragarritako berritasunak irailaren erdialdetik aurrera etorriko denari buruzkoak dira, jada ezaguna baita zein izango den udako programazioko eta Aste Nagusiko ikuskizun izarra: Los chicos del coro, el musical (abuztuaren 17tik irailaren 10era), mundu guztia liluratu zuen frantziar film ahaztezinean oinarrituta dagoena.
Egitarauak bertako eszenari bultzada bat ematen jarraitzen du, Espainiako Estatuan egiten den antzerkirik onena ikusgai jartzeaz gain, eta Arriaga Antzokiak nazioarteko esparruan duen posizionamendu onari eusteaz gain. Arriagatik artista handiak igaroko dira, sormenez betetako eta askotariko ia 90 proposamen hunkigarrien baitan.
Ekoizpen propioaren aldeko apustua
Datorren denboraldian, ekoizpen propio berriak oholtzaratzeak Arriaga Antzokiaren oinarrietako bat izaten jarraituko du.
Antzerkiko ekoizpen propio handia Festen izango da, duela gutxi MAX Saria jaso zuen María Goiricelayak zuzendutakoa. Goiricelayak berak eta Lucía Astigarragak moldatutako lana Thomas Vinterberg-en izen bereko filmean oinarritzen da (`Ospakizuna´ euskarazko itzulpenean). Filmak Cannesen Epaimahaiaren Saria jaso zuen eta Urrezko Palma irabazteko izendatu zuten; horrez gain, Bafta, Cesar eta Urrezko Globoetan ere izendapenak jaso zituen, eta baita beste zenbait sari ere. 1998ko film horrekin, Vinterberg-ek txundituta utzi zituen ikusleak, bai Dogma 95 izeneko mugimendu berri harekin, bai, batez ere, hipokrisiaz, intzestuz eta sexu-abusuz jositako familia-istorio kezkagarri, basati eta bortitzarekin.
Festen-ek goi-mailako klaseko harreman sozialetan eta familietan nagusi den faltsukerian jartzen du arreta, gure kontzientziari kolpe gogor bat emanez. Obraren estreinaldi bikoitza egingo da. Lehenik eta behin, euskarazko ekoizpenaren estreinaldia izango da, urriaren 6tik 8ra, Kepa Errastiren bertsioarekin eta honako aktore hauekin: Egoitz Sánchez, Mikel Martínez, Lander Otaola, Ane Pikaza, Ione Irazábal, Nagore González, Olatz Ganboa, Aitor Borobia, Kepa Errasti eta Loli Astoreka. Ia hilabete geroago, azaroaren 2tik 5era, ikusleek gaztelaniaz ikusi ahalko dute Festen, beste antzezle talde batekin, batzuek errepikatuko badute ere: Aitor Borobia, Alfonso Torregrosa, Lander Otaola, Sandra Ferrús, Ione Irazábal, Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Egoitz Sánchez, Mikel Martínez eta Loli Astoreka.
Festen-en “estreinaldi bikoitzaren” erdian eskainiko diren ikuskizunen artean, beste proiektu garrantzitsu bat dago: kasu honetan, elkarrekin ekoitzi dute Arriaga Antzokiak, Kursaal Eszenak eta Granadako Nazioarteko Musika eta Dantza Jaialdiak. Lost Letters dantza ikuskizunaz ari gara, Lucía Lacarra eta Matthew Golding-en sorkuntza berriaz. Gainera, urriaren 20tik 22ra Arriaga Antzokian egingo den erabateko estreinaldia mugarri bat izango da, Lucia Lacarra Ballet konpainiaren ibilbidearen abiapuntua izango baita. Argumentuari dagokionez, obra Lehen Mundu Gerrako artillari zen Frank Bracey-k bere emazte Win-i idatzitako benetako gutun batean oinarritzen da. Lost Letters-ek emakume horren patua nola alda zatekeen irudikatzen du, baldin eta bere senar maiteak bidalitako gutuna inoiz jaso izan ez balu.
Lost Letters-ek benetako istorio bat ballet batentzako jatorrizko gidoi eta argumentu bihurtzen du.
Behin 2024an sartuta, Arriaga Antzokiak Guridi: magical bidaia ikuskizuna ekoitziko du, antzerki musikal gisa pentsatutakoa, eta martxoaren 9an eta 10ean antzeztuko da. Ikuskizun horrek Pako Revueltas eta Ángel Mirouren dramaturgia du, eta Revueltasek berak zuzendu du; izan eta egin nahi dugun horretara garamatzan road
movie emozional bat izateko nahia du, eta bidean hainbat pertsonaia magiko agertuko zaizkigu, oraindik osatzen ari den aktore talde baten eskutik, Jesús Guridiren musika gidari dugula —Bilboko Koral Elkarteko Haur Abesbatzak interpretatuta, José Luis Ormazabalen gidaritzapean, eta Alberto Sáez Puentek pianoan laguntzen diela—.
Apirilean, hilaren 24an eta 25ean, Arriaga Antzokiak Lucha y metamorfosis de una mujer antzezlanaren bi emanaldi eskainiko ditu, Tanttakaren eta Arriaga Antzokiaren artean egindako koprodukzioarenak. Fernando Bernuések zuzentzen du Edouard Louis egilearen obran oinarritutako muntaia hau. Ikuskizuna ikusle talde txiki baten aurrean antzezteko diseinatuta dago, ikusleen eta artisten arteko hurbiltasunarekin jokatzeko. Protagonistak Eneko Sagardoy, Lucia Quintana eta Vito Rogado dira, eta ama baten eta haren semearen arteko ezinbesteko elkarrizketa konfesional eta suspergarria erakutsiko diete lekuko pribilegiatuak izango diren ikusleei.
Ekoizpen propioko operak garrantzi handia hartuko du datorren denboraldian, programazioan egongo diren bi ekoizpen handien bidez. Lehenengoa, ordena kronologikoan, apirilaren 18an eta 20an izango da, eta Estatu mailako estreinaldi bat izango da. Die ersten Menschen (Lehen gizakiak - Los primeros hombres) opera izango da, Arriaga Antzokiaren ekoizpen bat, Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean egindakoa. Proiektua Holandako Opera Nazionalaren jatorrizko ekoizpen batetik abiatzen da. Calixto Bieitoren zuzendaritza eszenikoa eta Robert Treviñoren zuzendaritza musikala dituen muntaia honetan, Euskadiko Orkestrak Rudi Stephanek konposatutako opera interpretatuko du, lehen mailako abeslariak diren nazioarteko lau bakarlariekin batera: Anette Dasch, Daniel Schmutzhard, Simon Neal eta John Daszak.
Die ersten Menschenek gizadiaren historia biblikoko lehen familiaren istorioa kontatzen du: Adam, Eva, Kain eta Abelena. Die ersten Menschen operan, historia biblikoari ikuspegi oso desberdin batetik heltzen zaio. Otto Borngräber (1874-1916) egile alemaniarrak 'Erotisches Mysterium' (Misterio Erotiko bat) azpititulua jarri zion bere libretoari, bere obra propio batean oinarrituta. Istorio biblikoaz egin zuen interpretazio sinbolikoan, bere garaian goren aldia izan zuen psikoanalisia du inspirazio-iturri: urrunean Freud entzuten da. Borngräber-ek agerian jartzen du familia primitiboa urratuta dagoela, tentsio bat baitu, bulkada sexualaren eta bizimodu gutiziatsuaren, eta espiritualtasunari eskainitako bizimoduaren artean.
Denboraldia amaitu aurretik, 2024ko ekainaren 20an eta 22an, denboraldiko bigarren proiektu liriko handia iritsiko da: Saturraran.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Arriaga Antzokiaren koprodukzio hau opera berri bat da, Juan Carlos Pérezek konposatutakoa eta Kirmen Uribek euskaraz egindako libretoa duena. Zuzendaritza musikalaz Jon Malaxetxebarria arduratuko da eta zuzendaritza eszenikoaren ardura Lucía Astigarragak izango du. Elezahar batek dioenez, Saturrarango hondartzako bi haitz handiak bi maitale dira. Gizarteak ez zien elkar maitatzen utzi eta maitaleak uretan ito ziren. Ondoren, bi haitz handi sortu ziren itsasotik, haien oroimenez. Hori gogoan edukita, Kirmen Uribek honako hau planteatzen du libretoan: Saturraran elkar maitatzerik ezin duten bi emakumeren istorioa da. 80ko hamarkadan, Ane, itsas zabaleko arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean iritsi zen neska andaluziarra, bata bestearekin maitemindu ziren.
Heroinaren zurrunbiloak harrapatuta, eta bizilagunen gaitzespena sentitzen zutela, Saturrarango espetxeko gerakinak babeslekutzat hartzea erabaki zuten. José, Aneren aita alarguna, laguntzen saiatu zen. Ezberdina den hori onartzeko zailtasuna, heroinaren eta hiesaren erasoa, arrantza munduaren gainbehera... horiek dira Saturraranen agertzen diren gaietako batzuk, aske izaten irakatsi zigun belaunaldi galduari omenaldia eginez. Eta proiektu berezi hau interpretatzeko, ahots bakarlari zoragarriak izango ditugu: Andrea Jiménez, Marifé Nogales, Uwe Schenker-Primus, José Manuel Díaz, Botond Ódor, Aitor Garitano eta Itxaro Mentxaka, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) eta Bilboko Koral Elkartearekin batera.
Arriaga Antzokiak hainbat euskal sortzaile edo talderen beste zazpi ikuskizunetan ere dihardu elkarlanean, eta horien estreinaldiak eskainiko ditu. Zehazki, sei antzezlan eta dantza obra bat dira. Lehena, kronologikoki, Ricardo Padillaren Nancy Grace Roman da, NASAko lehen emakumezko zuzendaria izan zena gogora ekartzen duen lana. Urriaren 24an eta 25ean antzeztuko du Justi Larrinagak. Arriagan estreinatuko da ere, azaroaren 9an, Felipe Lozaren Machos en flor. Pabellón 6en ekoizpen bat da, eraldaketa kultural feminista eta berdinzale baten alde lan egiten duen gizon talde bati buruzkoa.
Estreinaldia egin bezain laster, hurrengo astean (azaroaren 15ean eta 16an), Patxo Telleriaren Kortxoaren dilema estreinatuko du Tartean Teatroak. Etika, koherentzia, traizioa eta mendekua ardatz dituen antzerki joko dibertigarri bat da, eta Telleria bera eta Mikel Martínez ditu protagonista, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean. Azaroan ere, hilaren 23an, Eva Guerrero konpainiaren dantza proposamen berria estreinatuko da.
Eva Guerrerok berak idatzi, zuzendu eta interpretatzen du, Garazi López de Armentiarekin batera, Tierra de nadie izeneko obra. Ikuskizunean dantza, ahotsa eta zuzeneko musika baliatzen dira —Yolanda Bustilloren eta Carla Sevillaren eskutik—, eta baita atmosfera poetikoak, natura, animalia-emakumeak, gorputz arraroak eta soinu iradokitzaileak ere, gorputzaz hitz egiteko, lurralde gisa, eta mugez eta norberaren mugez hitz egiteko. Arriagaren lankidetzarekin egindako beste estreinaldi bat honako antzezlan hau da: Esnearen kolorekoa (abenduaren 3an, euskaraz) / Del color de la leche (abenduaren 5ean eta 6an, gaztelaniaz). Fernando Bernuések zuzentzen du duela hamarkada bat irakurleak liluratu zituen Nell Leyshonen liburuaren antzerkirako egokitzapen hau. Izan ere, 2014ko Urteko Liburua Saria jaso zuen Madrilgo Liburu Saltzaileen Gremioaren eskutik, eta Femina sarirako izendatu zuten, Frantzian. Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares eta Jose Ramón Soroiz dira antzezleak.
2024an beste bi euskal proiektu egongo dira, Arriagaren lankidetzarekin, zeinak hemen ekingo baitiote beren ibilbideari. Bat La sed del minotauro da, Khea Ziater konpainiarena. Alex Gerediaga antiheroiez, izaki atsekabetuez eta apur bat etsita daudenez hitz egiten duen obra baten dramaturgiaz eta zuzendaritzaz arduratzen da. Izaki horiek beren zoriona konkistatzeko borrokan galtzaile izateko duten beldurrari aurre egiten diote. Otsailaren 2tik 4ra ikusi ahal izango dugu. Azkenik, otsailean ere (28an eta 29an) David Caiñaren Bihar arte soilik / Sólo hasta mañana iritsiko da, harreman irekiei eta sexualitatea ulertzeko modu berriei buruzko proiektu bat, zeinak ikuspegi komiko batetik jorratzen baititu gai horiek, baina sakontasunez eta emozioen ikuspegia ahaztu gabe. Gorka Mínguez da zuzendaria.
Arriagaren zigilua duten zikloak
Musikaren alorrean, Arriaga Antzokiak, Rubén Fdez. Aguirre maisuaren lankidetza bereziarekin, Lied Arriagan zikloarekin jarraituko du. Ziklo horrek ahots eta pianoko bost errezital eskainiko ditu antzokiko foyerrean: Exilios y destierros, Naroa Intxausti eta Aurelio Viribayk interpretatuta (urtarrilaren 24an); A los pájaros desde el abismo, Javier Povedano eta Rubén Fdez. Aguirreren eskutik (otsailaren 14an); Los hermanos Halffter entre el exilio y la mordaza Carmen Artaza eta Rubén Fdez. Aguirrerekin (apirilaren 10ean); Los talentos perdidos de la República, Adriana Viñuela eta Elisa Rapadorekin (maiatzaren 8an); eta Todos los adioses, Jone Martínez eta Rubén Fdez. Aguirrerekin (ekainaren 12an).
Foyerrean ere, beste denboraldi batez, Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako Literatura eta Musika Euskaraz zikloa izango dugu. 23/24an bost proposamen artistiko egingo dira foyerreko giro atseginean. Azaroaren 28an Markos Untzetak eta bere bandak emanaldia eskainiko dute; urtarrilaren 31n Txori kantazale kontzertua iritsiko da Joana Otxoa de Alaiza, Alex Gurrutxaga eta JoxanGoikoetxearekin; otsailaren 7an Hedoi Etxarte, Xabier Erkizia eta Broken Brothers Brass Bandek Sortaldekoak proposamena eskainiko dute; apirilaren 17an Harkaitz Cano, Maite Larburu eta Beñat Barandiaran melodia eta abestiekin jolastuko dira 20neto bat irakurtzeko 20 modu emanaldian; eta maiatzaren 15ean Eider Rodríguezek eta Anarik zikloaren azken errezitala eskainiko dute.
Agertoki nagusira itzuliz, gogora dezagun Arriaga Antzokiak eta ABAOk ABAO Txiki Arriagan programa eskaintzen dutela eta lau ikuskizun izango dira: Hamelingo txirularia (urriaren 14an eta 15ean), Katu botaduna (urtarrilaren 3tik 5era), Andersen, ahatetxo itsusia (martxoaren 2an eta 3an) eta Hirira (maiatzaren 11n eta 12an).
Halaber, Bilbaina Jazz Clubek eta Arriaga Antzokiak bultzatutako BJC Arriagan zikloan kontzertuak eskaintzen jarraituko du, baina aurrerago emango da horien berri.
Eusko labelarekin
Aurten ere, Arriaga Antzokia euskal kulturaren epizentroan kokatzen da. Aipatutako ekoizpen propioez eta Arriagaren elkarlanez gain, agertoki honetan Euskadin egindako beste proiektu batzuen emanaldiak ere egongo dira. Azaroaren 21ean Sobras completas antzezlana eskainiko da, José Luis Estebanek eta Naiel Ibarrolak bultzatutako proiektua. Abenduaren 13an, Olatz Gorrotxategiren Mierda de ciudad ikusi ahalko dugu: Euskal Rock Erradikalaren historia jorratzen du, porrotaz, bazterrez eta belaunaldi baten amaieraz hitz egiteko. Urtarrilaren 23an, Aitor Fernandinoren testuarekin eta Pako Revueltasen zuzendaritzarekin, Obsoletus iritsiko da, ustezko terrorista batzuei eta lozorroan dauden Gandhiei buruzko komedia originala. Otsailaren 8an, Pabellón 6eko Gazte Konpainiak Tomás Afán Muñozen Komedia madarikatua antzeztuko du; Saioa Iribarrenek zuzendutako euskarazko antzezlana, zentzugabea den horren inguruko joko bat planteatzen duena, gerren aurreko kritika gisa. Maiatzaren 7an, Leire Orbek zuzenduta, David Caiñaren Siempre juntos obra iritsiko da, heldutasunak eta bakardadeak konexioen garaian duten esanahiari buruzkoa, Diego Pérezek eta Josu Angulo Anthonisenek antzeztuko dutena.
Horrez gain, gogoratu behar da 2024ko martxoan Loraldia jaialdia egingo dela, eta Arriaga Antzokian ere izango dugula. Aurrerago emango da programazio horren berri.
Kalitate handiko antzezlan ugari
Aipatutako euskal antzerki-ikuskizunez gain, Arriaga Antzokiak Estatu mailan gertatzen ari den onena eskaintzen dio Bilbori, lehen mailako eskaintza bat osatuz. Udari agur esateko, irailaren 14tik 17ra, Plátanos, cacahuetes y lo que el viento se llevó iritsiko da, José Troncosok zuzendutakoa eta, aktoreen artean, Gonzalo de Castro eta Carmen Barrantes dituena. Handik gutxira, irailaren 28tik 30era, Anabel Alonsok La celestinarena egingo du, Eduargo Galánek egindako Fernando de Rojasen klasikoaren moldaketan. Urriaren 11n eta 12an, Pepe Viyuela eta Pepa Zaragoza izango dira Uz: el pueblo antzezlanaren protagonistak, Natalia Menéndezek Gabriel Calderónen testuan oinarrituta egindako moldaketarekin eta zuzendaritzarekin.
Urriaren 27tik 29ra, Nuria Espert handia iritsiko da Alejandro Palomasen La isla del aire antzezlanaren hiru emanaldi antzezteko. Antzezlana Mario Gasek zuzendu du, eta Vicky Peña ere ikusi ahalko dugu agertokian. Nuria Espertek berak berriki iragarri du antzezlan horrekin itxi nahi duela oholtzetan egindako ibilbide profesionala… Arriaga Antzokian antzezten ikusteko azken aukera izango da hau, beraz (ziurrenik).
Azaroaren 19an Tom Lanoyeren Mefisto for ever antzezlanaren txanda izango da, zeina Klaus Mannen Mefistoren egokitzapen libre bat baita. Álvaro Lavínek zuzentzen du eta Sonia Almarcha eta Elisabet Gelabert daude antzezleen artean. Hurrengo astean, hilaren 24an eta 25ean, Javier Gutiérrez eta Luis Bermejo Arriagako agertokira igoko dira, Juan Cavestanyren El traje antzezteko. Ustelkeriapolitikoa eta arimarena jorratzen dituen obra da, tentsioz, suspensez eta eldarniozko umorez beterikoa. Azaroaren 29an Xavier Bobés eta Alberto Conejeroren El mar, visión de unos niños que no lo han visto nunca ikusiko dugu, bete ezin izan zen promesa baten istorio bat. Eta ia jarraian, abenduaren 1ean eta 2an, Roberto Álvarez eta Alex Villazán izango ditugu, Peter Shaffterren Equus obrarekin, zeina Natalio Gruesok moldatu eta Carolina Áfricak zuzendu baitute.
2023 amaitu aurretik, abenduaren 15ean eta 16an, Arriagan La vida es sueño muntaia handia izango dugu, Calderón de la Barcaren maisulanaren edertasun poetikoa, gatazka dramatikoa eta sakontasun filosofikoa biltzen dituena. Cheek by Jowl Espainiako Urrezko Mendera itzuli da (1989an Londresko National Theatren Fuente Ovejuna errealizatu zuten) gaztelaniaz egiten duen lehen ekoizpen honekin, Declan Donnellanen zuzendaritzarekin eta Nick Ormeroden diseinuarekin. Biek beren zigilua jarri diote, eta aktoreari, testuari eta espazioari eman diete lehentasuna. Antzezleen artean Goizalde Nuñez eta Ernesto Arias egongo dira.
2024rako jauziarekin batera, antzerkiaren arloan, José Maria Pou handia iritsiko da berriro ere Arriagara. Bere izena duela gutxi oso lotuta egon zen antzoki honekin, Falstaffena egin baitzuen Erresuma/Kingdom/Reino antzezlanean, Calixto Bieitok zuzendutako Arriagaren ekoizpen propioan. Urtarrilaren 11tik 14ra bitartean, Pouk Florian Zellerren El padre estreinatuko du gaztelaniaz, orain arte katalanez antzeztu ondoren. Antzezlan horretan adineko gizon bat hezurmamituko du, oroimena galdu ahala dena zalantzan jartzen hasi dena, baita bere burua ere. Jarraian, hilaren 16an eta 17an, Pepe Zapatak El enterrador hezurmamituko du, Gerra Zibileko eta gerraosteko basakeriaren artean duintasunaren testigantza utzi zuten heroi anonimoei egindako omenaldian. Aipatzekoa den beste lan bat Wajdi Mouawad Incendios-en egile ospetsuaren Cielos da. Sergio Peris-Menchetak Cielos gaztelaniara hurbildu du eta urtarrilaren 26an eta 27an Arriagan izango dugun muntaia berri bat zuzendu du.
Otsailean, 9tik 11ra, Candela Peña eta Pilar Castro antzezle izango ditugu Mike Bartletten Contracciones obran —Jorge Kentek egindako bertsioan— eta, hilaren 17an eta 18an, Lolita Flores izango dugu Ponciarena egiten, Luis Luquek Lorcaren Bernarda Albaren Etxea obran oinarrituz egindako testuarekin. Handik gutxira, otsailaren 22tik 25era, besteak beste Belén Rueda, Luisa Martín eta Pablo Puyol aktoreek osatutako antzezle talde bikainak Magüi Mirak idatzi eta zuzendutako Salomé antzeztuko du. Martxoaren erdialdera, 15etik 17ra, Ana Belén eta Jesús Nogueroren txanda izango da, eta Romeo y Julieta despiertan… muntaia oholtzaratuko dute, non maitasun debekatu horren benetako istorioa kontatuko baitute.
Apirilean izen ospetsuez jositako hiru antzerki-proposamen. 2tik 7ra Andrés Limak zuzendutako La comedia de los errores iritsiko da, Pepón Nieto, Antonio Pagudo eta Fernando Soto aktoreekin. 26tik 28ra Carmen Machi izango da Lautaro Perottiren Nuestros actos ocultos antzezlaneko aktore nagusia. Azkenik, Vicky Luengo Prima facieren protagonista izango da, Suzie Millerren lan sarituaren gaztelaniazko bertsioan. Emanaldiak apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean izango dira.
Esther F. Carrodeguasek beste testu bat idatzi du, Iribarne, aurretik idatzi zuen Supernormales obrak arrakasta handia izan ondoren; bertan, Manuel Fraga pertsonaia historikoaren eskutik, zalantzan jartzen da nola iritsi garen honaino. Laster Iribarne antzerkirako muntaia bihurtuko da eta maiatzaren 9an iritsiko da Arriagara. Beste proposamen interesgarri batek Israel Elejalde ekarriko digu maiatzaren 17tik19ra, baina oraingoan Jean-Luc Lagarderen Tan solo el fin del mundo obraren zuzendari gisa izango da.
Aktoreen artean Eneko Sagardoy dago, María Pujalte, Irene Arcos eta Raúl Prietorekin batera, beste batzuren artean. Obrak familia du hizpide, familiak egituratu egiten baikaitu, dela baiespenez, dela gaitzespenez.
Israel Elejalde bera berriz etorriko da hiru aste geroago, maiatzaren 28tik 30era, baina oraingoan aktore gisa, Vania (x2) antzezlaneko aktore talde ikusgarriko kide gisa, besteak beste, Javier Cámara, Marina Salas, Marta Nieto eta Juan Codina aktoreekin batera. Proposamen hau, egia esanda, bi proposamen biltzen dituen proposamen bakar bat da, bi hurbilketa egiten baitizkio Txekhoven testu klasikoetako bati, eta bi bider berridatzi eta interpretatzen baita, Pablo Remónen zuzendaritzapean. Areto handian muntaia bat egongo da, Tío Vania, eta bi emanaldi eskainiko ditugu (hilaren 29an eta 30ean).
Muntaia honek garaiko eszenografia eta jantziak ditu, eta Txekhoven obraren egokitzapen "klasikoa" da. Beste muntaiari dagokionez, funtzio bakarra eskainiko da (hilaren 28an), eta aktore talde berak antzeztuko du, Agertoki Espazio formatuan, hau da, ikusle talde txiki baten aurrean eta mugatutako agertokian. Obra bera da, Tío Vania, baina egokitzapen askoz ere libreagoan, eta testu desberdina du, zeinak Txekhoven obrarekin solas egiten baitu. Ia eszenografiarik gabe irudikatzen da, jantziak, argiak... oso soilak dira. Obra berera egindako bi hurbilketa dira, baina bi muntaiak independenteak dira. Hau da, ez dago bata ikusi beharrik bestea ulertzeko. Eta, aldi berean, oso interesgarria izan daiteke bi muntaiak ikustearen esperientzia.
Ekainerako beste bi antzerki proposamen geratzen dira. Lehenak, ekainaren 6koak, antzerkia eta musika uztartzen ditu. Izenburuak —Federico García— Lorcari egiten dio erreferentzia, eta poetarekiko bestelako hurbilketa bat proposatzen du, lengoaia desberdinak uztartuz. Pep Tosarren obra honek ikusleari begirada teatral bat eskaintzen dio, baina ahalik eta poliedrikoena, bost ahots harmoniko baliatuz: gitarra flamenkoa, cantea, dantza, errezitatua eta bideo dokumentala. Azkenik, ekainaren 7an eta 8an, Asesinato y adolescencia antzezlanaren bi emanaldi izango ditugu. Testua Alberto San Juanek idatzitakoa da, gazteen indarkeriari buruz gogoetatzen du, eta Andrés Limak zuzendutako muntaia batean igoko da oholtzara.
Dantza programa zoragarria
Aurten ere, Arriaga Antzokiak dantza programa interesgarria prestatu du, elkarren artean oso desberdinak diren ikuskizunekin, eta dantzaren eta gorputz-adierazpenaren mundura oso ikuspuntu ezberdinetatik hurbiltzen diren artistekin. Aurrez aipatu ditugu Lucia Lacarra Balleten Lost Letters eta Eva Guerreroren Tierra de nadie ikuskizunen estreinaldiak, baina badira beste proposamen batzuk ere, 2024rako direnak.
Urtarrilaren 19an eta 20an, Malandain Ballet Biarritzek Las estaciones ikuskizuna eskainiko du: programa bikoitza da, non Thierry Malandain koreografoak fusionatu egiten baititu Vivaldiren Lau urtaroak —historiako lan ezagunenetako bat eta gehien interpretatu denetako bat— eta Giovanni Antonio Guido herrikide eta garaikidearen Lau urtaroak konposizio ia ezezaguna. Las Estaciones obrarekin, Malandainek, zeina 80 koreografia baino gehiagoren egilea baita, nazioartean prestigio handia eman dion estilo atenporal eta soil baten aldeko apustua egiten jarraitzen du.
Otsailaren 16an ikusleek Kukai Dantzaren Txalaparta ikuskizunaren emanaldi bat ikusi ahal izango dute, Jesús Rubio koreografoarekin elkarlanean egindakoa. Obra horrek tresna hori gorputzarekin harreman jarriz ulertzeko modu bat proposatzen du.
Martxoaren 22an eta 23an dantza programazioko proposamen handienetako bat iritsiko da: Gauthier Dance, Theaterhaus Stuttgart-eko dantza konpainia prestigiotsuak Swan Lakes interpretatuko du, proiektu oso berezia. Eric Gauthierrek munduko koreografo garrantzitsuenetako lauri Dance Company Theaterhaus Stuttgart konpainiarentzat Zisneen aintzira-ren bere bertsio propioa egin zezaten eskatu zien. Lan horiek ez dute iraupen luzeko pieza bakar gisa batzeko asmorik, baizik eta Zisneen aintzirak izatekoa, pluralean. Zisneen aintziraren banakako lau egokitzapen dira, bakoitza 20 minutu ingurukoa, eta koreografoak bezain askotarikoak diraestilistikoki ere. Nazioartean ezagunak diren koreografoei buruz ari gara: Cayetano Soto, Marie Chouinard, Marco Goecke eta Hofesh Shechter. Zalantzarik gabe, Arriagako ikusleek aukera zoragarria izango dute, izenburu hain ezagun batetik abiatuta, gauza guztiz berri bat ezagutzeko.
Egun bat geroago, martxoaren 24an, dantzak karteldegian jarraituko du, kasu honetan Olaeta Balletekin. M eme M (Mari emakume Mitologikoa) aurkeztuko dute, Balleteko ekoizpen berria. Emanaldi horretan, Lau urtaroak sorkuntza ere dantzatuko dute, Bittor Olaetak José Luis Francoren musikatik abiatuta egindako koreografiarekin.
Datorren denboraldian Arriagak ekarriko duen nazioarteko beste konpainia handietako bat Les Grands Ballets Canadiens da. Maiatzaren 3an eta 4an, Ivan Cavallariren zuzendaritza artistikopean, balleteko klasizismoa eta puntako sorkuntza garaikide bat alderatzen dituen programa bikoitz bikaina eskainiko dute. Sinfonía nº 7 piezarekin (Uwe Scholz koreografo zenduaren originala da, Cavallarik moldatutakoa), dantzariak harreman sinbiotiko batean sartzen dira Beethovenen musika itzelarekin. Lana leitmotiv bihurtzen da, bere trebetasun atletikoarekin eta aldi berean egindako dantzaren geometriarekin. Bigarren piezak, Mauro Bigonzettiren Cantatak, bere keinu bizi eta grinatsuekin, Mediterraneoaren edertasun basatia iradokitzen du eta Hegoaldeko koloreak erabiltzen ditu. Dantza instintiboa da, bizitzaz beterikoa, eta gizonen eta emakumeen arteko harremanaren hainbat alderdi aztertzen ditu: sedukzioa, grina, borrokak, jeloskortasuna... Cantata Italiako XVIII. eta XIX. mendeetako musikaren tradizioan oinarritzen da.
Azkenik, maiatzaren 23tik 26ra bitartean, Arriaga Antzokian flamenko dantzari handienetako bat izango dugu: Sara Baras. Bere ikuskizun berria emango du ezagutzera, oraindik eraikuntza fasean dagoena eta bere konpainiaren 25. urteurrenarekin bat etorriz sortzen ari dena.
Lirika eta kontzertuak
Musikak beti du lehentasunezko lekua Arriaga Antzokiaren egitarauan. Lehen kontzertua Victor Manuelek eskainiko du urriaren 26an eta lehen proposamen lirikoa azaroaren 11 eta 12an iritsiko da, Albert Boadellaren eskutik: Malos tiempos para la lírica antzeztutako kontzertua zuzenduko du, eta María Rey-Joly sopranoaren eta Antonio Comas tenorraren interpretazioak izango ditu.
Azaroaren 26an Arriagara itzuliko da Pasión Vega, oraingoan Victor Clavijo aktorearekin batera, bere Lorca sonoro ikuskizuna eskaintzeko. Bertan, abesti eta poema batzuk nahastuz, zera gogoraraziko digute, Federico hil eta bere ahotsa isilarazi bazuten ere, beti oroimenaren oihartzunetan entzungo den “Lorca sonoro” bat dagoela, hau da, bere oihartzunaren ahotsa duen Lorca bat dagoela.
Antzerti itxurako oholtzaratzea da azaroaren 30ean izango dugun La commedia è (in)finita ikuskizunarena: Carlos Chausson eta Ramon Generrekin batera, kamerino baten intimitatetik casting batera bidaiatuko dugu, elur-ekaitz baten artetik ere igaroz.
Gabonak iristear, gospelaren, bluesaren eta soularen zaleek bi hitzordu gorde beharko dituzte: abenduaren 11n, Chicago Mass Choir abesbatzak BB King spirituals errezitala eskainiko du, bluesaren erregearen omenez; eta hilaren 18an, The New Orleans Gospel Stars taldearen txanda izango da, zeina Bilbora iritsiko baita The Streets Of New Orleans aurkeztera, zalantzarik gabe, nazioarteko musikaren hiri ikonikoenetakoa denaren historia musikalean barrena ibilbidea egiteko.
Bertako taldeentzat ere badago lekua, adibidez, Bilboko Udal Bandak (abenduaren 20an, Olaeta Balletek lagunduta) eta Leioa Kantika Koralak, abenduaren 22an interpretatuko duten Gabonetako programarekin.
Urtarrilaren 7an, Joaquín Achúcarro maisuak askotariko errepertorioa duen kontzertua eskainiko du eta, beste behin ere, bere birtuosismoa eta maila handia erakutsiko ditu. Urtarrilaren 25ean, Concerto Italiano prestigiotsua iritsiko da Bilbora. Ahots- eta instrumentu-talde horrek ia lau hamarkada daramatza antzinako musika modu bikainean interpretatzen, eta, oraingoan, Monteverdiri eskainitako proiektu zirraragarria dakar, Rinaldo Alessandrini sortzaile eta zuzendariaren gidaritzapean.
Martxoaren 6an, Arriagako foyerrean 1886 La canción en el País Vasco errezitala izango dugu, emakume egileei eskainitako omenaldi bat dena. Maite Arruabarrenak, Aitzol Iturriagagoitiak eta Susana García de Salazarrek azpimarratu egiten dute Aita Donostia, Jesús Guridi, Emma Chacón eta Anita Idiartbord programa bakarrean egotea, emakumeei beren lekua itzultzeko, testu horien emakumezko egileak gizonek konposatutako musikarekin estalita geratzen baitziren.
Maiatzean, hilaren 5ean, Arriaga inoiz baino bilbotarragoa izango da, Masa Coral del Ensanchek, Bilboko Udal Bandak eta Los Chimberosek elkarrekin eta honako izenburu benetan esanguratsuarekin eskainiko duten kontzertuari esker: Bilbainismo centenario en el Teatro Arriaga. Hilaren 16an, Arriagan Euskal Barrokensemble izango dugu, Enrike Solinís buru duela, zer eta El amor brujo eskaintzeko, María José Pérez flamenko-kantariarekin batera. Beraz, Fallarekiko hurbilketa musikal bat izango da, ensemble barroko baten ikuspegitik egindakoa.
Ekaina indartsu hasiko da.
Hilaren 1ean, Arriagan King Arthur operaren emanaldia egingo da, kontzertu dramatizatuaren bertsioan. Muntaia hau arrakasta handiz estreinatu zen Londresen, eta aurreko denboraldian Madrilgo Teatro Real eta Bartzelonako Palau de la Musica-tik igaro zen, txalo zaparrada handiak jasoz. Orain, Bilbora iritsiko da, Isaline Claeysen bertsio dramaturgikoarekin, Simon Robsonekin lankidetzarekin eta Lionel Meunierren musika zuzendaritzarekin. Azken horrek Vox Luminis belgikar talde zoragarriaren buru gisa jardun du, Henry Purcell egile ingeles bikainaren erdi-opera honetako interpretazioaren maila oso goian kokatuz. King Arthur ikuskizunean, halaber, Miren Gaztañaga aktoreak narratzaile gisa parte hartuko du.
Hurrengo egunean, ekainaren 2an, Lisette Oropesa sopranoak eta Ismael Jordi tenorrak, gaur egun sasoi bikainean dauden bi abeslari lirikok, Todo Zarzuela izeneko emanaldia eskainiko dute, Rubén Fdez. Aguirrek pianoan laguntzen diela. Emanaldian, erromantzak eta zarzuelako duoak —genero liriko horren maisu garrantzitsuenen altxorrak— errepasatuko dituzte.
Azkenik, ekainaren 4an bestelako esperientzia musikala biziko dugu, Lorcaren irudiari zentzumenen bidez egindako omenaldi bat. Espacio liminales kontzertuaz ari gara: Iñaki Marcos Buenok bultzatutako antzerki musikal esperimentaleko ikuskizun bat da, Ensemble Opus 22rekin, hiru aktorerekin eta off-eko ahotsean diharduten bi narratzailerekin egindakoa, Poeta New Yorken obrako bertsoak hari gisa hartuz. Ikuskizun honetan, musika, antzerkia, eszenografia, performancea, literatura, argiztapena eta elektronika konbinatzen dira kontraesanez beteriko giro bat sortzeko.
Musikalak eta beste bitxi batzuk
Jada iragarritako Los chicos del coro musikalaz gain, beste bi musikal handi izango ditugu hurrengo denboraldian. Horietako bat datozen Gabonetarako plan ezin hobea dela esan genezake. Charlie y la fábrica de chocolate, el musical musikalaz ari gara. Mundu osoan ospetsua den Willy Wonkak bere lantegi misteriotsuaren ateak
irekiko ditu Arriaga Antzokian abenduaren 28tik 30era bitartean, Madrilen arrakasta izan duen eta Roald Dahlen istorioan oinarritzen den musikal honen sei emanaldi eskaintzeko (egun bakoitzean bi). Madrilen ez ezik, arrakasta handia izan du West End-ean, Broadway-n eta baita beste herrialde askotan ere.
Gure ikuskizunen sailean izango dugun hirugarren musikala hitzordu bakarrean eskainiko da, urtarrilaren 21ean. Egun horretan banda handi bati buruzko ikuskizun bat antzeztuko da... eta bandaren beraren parte hartzearekin! A tu lado, un musical con Los Secretos ikuskizunak badu ohiz kanpokoa den osagai erakargarri bat, izan ere, taldea bera musikalaren parte baita. Los Secretos bertan egongo dira. Ikuskizun musikal hori antzerti forma emandako kontzertu baten gisara eginda dago, eta taldearen beraren emanaldia izango du.
Magiak ere badu lekua 2023-2024 denboraldian, hasiera-hasieran gainera. Hain zuzen, irailaren 21etik 24ra bitartean ikusleak txundituta geratuko dira Hangar 52 ikuskizunarekin. El Mago Yunke magiaren munduko txapeldunak dakar ikuskizun itzel hori, zeinak hiru denboraldi baitaramatza IFEMA Madrid-en ikusleak erakartzen. Show horrek modu harrigarrian uztartzen ditu magia-saio onenak sekulako argi, su, musika eta soinu efektuekin, edertasunez eta sormenez jositako ikuskizun bat sortuz.
Hori gutxi balitz, beste genero bat ere badago programazioan: zirkua. Abenduaren 8tik 10era bitartean, Txinako Zirku Akrobatiko Handiak proposatzen dituen oreka, trebetasuna, birtuosismoa, xarma eta dibertsioa miretsiko ditugu. Bertan, 30 artista baino gehiago izango dira agertokian, dominadun olinpiko batzuk eta Cirque du Soleiletik datozen artista batzuk barne.