ARTE ESZENIKOAK
Testua: Kmon

JA! BILBAO FESTIVAL
Ja! Bilbao 2020
Umorea erresistentziarako tresna gisa aldarrikatuko du Ja! Bilbao zikloak
2020-09-30
Gonbidatuak izango dira Raul Cimas, Edu Galan, Marta Sanz, Sergio del Molino, Pantomima Full, Carlos García Gual, Martín Caparrós, Elvira Roca Barea eta Alba Carballal, besteak beste. Aurtengo edizioan, inoiz baino umorista gehiago daude, pandemiak eragindako egoerak ezinbesteko egin baitu errefortzua Filarmonika Aretoan egingo da Ja! jaialdiaren hamaikagarren edizioa,urriaren 2tik 11ra. Bilboko Elkarte Filarmonikoaren entzunaretoaren edukia % 60 murriztuko da, Covid-19aren prebentzio-neurrietara egokitzeko eta bertaratu guztiek espazio segurua izateko

Ja! jaialdiaren hamaikagarren edizioko protagonistek argi utziko dute irribarre eta barre-algara ere egiteko arrazoi ugari daudela, 2020 pandemiko honetan. Juan Basek zuzentzen du Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdia, eta aurten, urriaren 2tik 11ra izango da. Hainbat hitzaldi, elkarrizketa eta proiekzio antolatu dira, topaketaren jatorrizko helburua betetzeko asmoz: aldarrikatzea adimena, zibilizazioa, kultura, askatasuna eta bizipoza adierazteko modua dela umorea.

Lehenbizikoz eta egoera bereziak eraginda, Ja! jaialdiaren egitaraua Filarmonika Aretoan garatuko da, Bilboko Elkarte Filarmonikoaren egoitzan, alegia. Filarmonikoaren ganbera-aretoa Europako zaharrenetako bat da. 1904an eraiki zuen Fidel Iturriak, eta duela gutxi eraberritu dute. 910 ikusle har ditzake, baina % 60 murriztuko du edukiera, Covid-19aren prebentzio-neurriak betetzeko eta bertaratuentzako espazio erabat segurua lortzeko.

Halaber, helburu horrekin ere, beste hainbat neurri ezarriko dira: eserlekuak hiruzuloka antolatu dira; sarrera-ate guztiak irekita egongo dira beti, kontaktua ahalik eta txikiena izan dadin; megafonia bidez azalduko da aretotik ateratzeko modua, ahalik eta modurik ordenatu eta seguruenean egin dadin; eta saio bikoitza dagoen egunetan, atsedenaldia ohikoa baino luzeagoa izango da (45 minutu), desinfektatzeko denbora nahikoa egon dadin. Era berean, behin aretora sartuta, bertaratuek ezingo dute musukoa kendu, eta liburuak areto handian sinatuko dira, dagokion segurtasun-tartea mantenduta.

EGITARAUA

Inaugurazioa urriaren 2an izango da, Euskal Museoan, eta arratsalde horretan bertan emango zaio hasiera jaialdiari, Filarmonika Aretoan. Dario Adanti komikigile argentinarra eta Alba Carballal idazlea, umorearen bi profesional, epidemien aurrean atera ohi zaigun irri urduri horren gainean mintzatuko dira.

Preseski, elkarrizketaren izenburua ‘El humor en la pandemia’ da. Hurrengo egunean, Carlos García Gual eta Berta Vias Mahou literatoek hartuko dute parte, eta mitologiaz mintzatuko dira, umorez, ironiaz edo sarkasmoz betetako arlo bat, hain justu. Entzuleei ikusaraziko diete jainkojainkosek eta pertsonaia mitologikoek txantxak eta, oro har, olgeta gustuko dituztela. Haien ondoren, larunbatean bertan, Martín Caparrós eta Aixa de la Cruz konfinamendu luzean zehar umoreak izandako rolaz arituko dira; izan ere, produktu kulturalen (liburu, film zein musika) kontsumoa izugarri igo zen itxialdian.

Igandean, magiaz beteko da Filarmonikoaren eszenatokia, Imanol Ituñoren trukoekin. Haren ikuskizuna, ‘Magia parrastan’, familiei zuzentzen zaie, euskaraz garatzen da guztiz eta karta, bola eta soken jokoak, agerpenak eta desagerpenak biltzen ditu. Igandeko saio bikoitzari amaiera emateko, Carolina Ontiverok, Ja! jaialdiko zuzendari-laguntzaileak, elkarrizketa egingo dio Marta Sanz idazleari. Haren ibilbidea berrikusiko dute, egunkari-artikuluz, entseguz, poema-bildumez eta eleberriz osatutakoa eta umorez jositakoa. Egin-eginean ere, idazleak ironia, satira eta parodia erabiltzen ditu, “amorrua sorrarazten” dion hori salatzeko, eta haren azken liburua, ‘Pequeñas mujeres rojas’, horren erakusgarri da.

Urriaren 8an (osteguna) jarraituko du Ja! jaialdiak, eta aurrekoetan bezala, irratsaio bat grabatuko da. Azken bi urteetan, Javier del Pinok ‘A vivir’ (Ser katea) aurkeztu zuen BBK Salaren eszenatokian; aurten, berriz, ‘La Cultureta’ (Onda Cero) irratsaioko protagonistak bertaratuko dira Filarmonika Aretora,

gaurkotasun kulturala jorratzeko haien ohiko umorearekin. Ruben Amon, Guillermo Altares, Rosa Belmonte, Sergio del Molino eta Isabel Vazquez kazetari eta idazleek ere parte hartuko dute, programaren “erreserba handiko” edizio honetan.

Ostiralean, saio bikoitza izango dugu berriz ere. Elvira Roca Barea idazleak eta Rosa Belmonte kazetariak Benito Perez Galdos idazle fin, ironiko, burlari eta, zenbaitetan, garratzaren obren umoreari buruz hitz egingo dute. Jardunaldia amaitzeko, ‘Tirad sobre el humorista’ izenburupean, eztabaidan arituko dira Raul Cimas eta Edu Galán, eta “Woody Allenen sindromea” izango dute hizpide, besteak beste. Hala deitzen dio Galanek bere azken liburuari (‘El síndrome Woody Allen’), eta baita sare sozialen eta Interneten bidez sustatutako lintxamendu publikoei ere, sare sozialak zein Internet gure esku baitaude guztiak egundoko hedapena izan dezan. Pantomima Full duoak umorea nola ulertzen duen azalduko du (hau da, zuriaeta kostunbrista), Borja Crespo zinemagilearen galderei erantzunez. Alberto Casado eta Rober Bodegas urbanita arruntaz mintzatuko dira: 20 eta 40 urte bitarteko belaunaldia, batez ere Internet bidez komunikatzen dena. Hura eta haren higuinak, apetak eta hil eta biziko kezkak parodiatuko dituzte.

Eta Ja! jaialdiaren hamaikagarren edizioari amaiera emateko, Ines París zinemagile eta gidoilariak (‘A mi madre le gustan las mujeres’; ‘Semen, una historia de amor’; ‘La noche que mi madre mató a mi padre’) haren gustuko filmak aurkeztuko dizkigu, eta gogokoen dituen umorezko hamar sekuentziez hitz egingo du Juan Basekin. Aurreko zazpi edizioetan, Fernando Trueba, Isabel Coixet, Pedro Olea, Imanol Uribe, Borja Cobeaga, Pablo Berger eta David Trueba zuzendariek haien sekuentziarik gustukoenak azaldu zizkiguten jada.

ERAKUSKETA ETA AURREKARIAK

2020 arraro honetan, umorea eta erresistentzia izango dira jaialdiaren gai orokorra. Hala, Asier Sanzek marraztutako kartel ofizialean, Noeren ontzia ikus dezakegu, erresistentziaren irudi, alegia, eta Ja! jaialdiak bertan nabigatzen du, bidea argituz eta traba guztiei aurre eginez. Sanz da, hain zuzen ere, aurtengo arte-erakusketaren protagonista. Gaurtik urriaren 15era arte, haren karikatura originalak Bilboko Metroaren hiru geltokitan ikusgai izango ditugu: Moyua, Abando eta Alde Zaharra.

2010an sortu zen Ja! Bilbao, La Risa de Bilbao izenaren pean, eta harrezkeroztik urtero antolatzen da, udazken hasieran. Aurreko hamar edizioetan, hainbat egilek hartu dute parte; esaterako: Tom Sharpe, Francisco Ibáñez, Ismail Kadaré, Robert Crumb, Julian Barnes, Fernando Trueba, John Cleese, Joyce Carol Oates, Álex de la Iglesia, Jeanette Winterson, Elvira Lindo, Mircea Cartarescu, Tricicle, David Foenkinos, Joaquín Reyes, Javier Cansado,

Miguel Zugaza, Ernesto Sevilla, Ignatius Farray, Max, Javier Cercas, James Rhodes, Mercedes Cebrián, Marta Sanz, Kepa Junkera, Imanol Uribe, Rosa María Calaf, David Trueba, Eduardo Mendicutti, El Gran Wyoming, Jon Sistiaga, Pilar Adón, Pedro Olea, Olmo, Forges, Gallego y Rey, Isabel Coixet, Joan Manuel Serrat, Lionel Shriver, Luis Goytisolo, Martin Caparrós, Paco

Roca, Diego Manrique, Javier Mariscal, José Luis Cuerda, Nick Hornby, Ouka Lele, Santiago Segura, Bernardo Atxaga, Fernando Savater, Pepe Viyuela, Albert Boadella, David de Jorge, David Lodge, Frédéric Beigbeder...

 


Segur aski asko interesatuko zaizu...
JA! BILBAO
Caitlin Moran, Jonathan Coe, José María Merino, Rodrigo Cortés, Carlos García Gual, Itziar Lazkano, Javier Cansado , Txani R... (gehiago irakurri)
JA! BILBAO
Gonbidatuen artean daude, besteak beste, Hervé Le Tellier, Mathias Enard eta 2015ean Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako at... (gehiago irakurri)
JA! BILBAO
Ja! Bilbao Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiak barrea eragiteko artearen izar handiak bilduko ditu Bilb... (gehiago irakurri)
Ja! Bilbao Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaildia irailaren 27tik urriaren 7ra egingo da Bizkaiko hiriburuan... (gehiago irakurri)
Literatura eta umorean espezializatutako Europako jaialdi bakarraren 8. edizioak berritasun ugari dakar: Bilborock gaineratu ... (gehiago irakurri)
DANTZERTI
Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Eskolak (Dantzerti) apirilaren 17tik maiatzaren 17ra irekita du 2024/2025 ikasturte... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago