MUSIKA
Testua: Kmon

ATLANTIKALDIA
ATLANTIKALDIA
Musika jaialdiarekin hasiko da inoiz Atlantikaldia luzeena
2020-09-17
Asteburuko musika jaialdia, abendua bitartean luzatuko den jarduera egitaraua, eta kultura eta jatorri ezberdinetako artisten elkartruke programa izango dira Atlantikaldia egokituaren hiru ardatzak

Aurtengo Atlantikaldia berezia izango da . “Bizi dugun osasun larrialdi egoera dela eta, egungo segurtasun neurriekin bat datorren jaialdia formulatu behar izan dugu, jaialdia birsortu behar izan dugu”; hala adierazi dute Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Iker Tolosa Atlantikaldiako zuzendariak eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendariak prentsa aurrean.

 
Hiru zutaberen gainean ardaztuko da aurtengo kultur topagune eta musika jaialdia. Hasteko, irailaren 24tik 26ra Fanderiako tenis pista hartuko du Atlantik aldiaren musika jaialdiak eta bertan kokatuko duten oholtza gainean ikuskizun bakarrak eskainiko dituzte nazioartetik et orritako taldeek euskal artisten kolaborazioekin. Osasun publikoa babesteko neurri guztiak kontu handiz zainduko dira emanaldietan eta bertaratzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena eskuratzea.

Jaialdiaren arima, baina, ez da 3 egun hauetara mugatuko: herriko eragileek proposatutako proiektu eta ikuskizunak abendura bitarteko kultur egutegian kokatu dituztela jakinarazi du alkateak: “Eskerrak eman nahi dizkiegu eragileei. Jakin badakigu esfortzu berezia egin dutela proposamenak prestatzeko eta jaialdiaren izaera partehartzaileari eutsiz, ahal den neurrian proposamen horiek aintzat hartuko ditugu datozen hilabeteotan”.

Halaber, aurrera pausu bat gehiago ere eman nahi izan du Udalak eta nazioarteko artista eta tokiko artista zein eragileen gurutzaketak ahalbidetuko dituzte Atlantikaldia zigilupean. “Jaialdiaren bereizgarri nagusienetakoa kulturen arteko mestizajea eta elkarren arteko eragitea da. Hortik
abiatuta, harreman berriak sortu nahi ditugu, artista eta eragileen lanari bide berriak zabaldu nahi dizkiogu eta urtean zehar herriko bizitza kulturala aberastuko duten proiektu berriak aktibatu”, esan duOtaegik. Hala, aurtengo jaialdiaren hirugarren ardatza, asteburuko programazioaz haratago hedatuko diren diziplina ezberdinetako artisten elkarlan prozesuak izango dira.


7. edizio honen leloaz ere mintzatu da alkatea. Otsailean, Covid19ak sortutako pandemia iritsi aurretik erabaki zuten jaialdia ‘Ortzimugak’ goiburupean erakitzea eta egungo errealitateak berak lelo hau edukiz bete duela azaldu du: “Zeruak eta itsasoak bat egiten duten puntu hori, lehenaldi eta etorkizunaren arteko metafora bilakatuta, garaien arteko inflexio puntu bihurtu da. Bizi dugun errealitateak metáfora gainditu duela esan daiteke”.


Alkateak, azkenik, kulturak Errenterian duen garrantzia nabarmendu nahi izan du eta egungo egoeran ere, formatu, diziplina eta eduki ezberdineko kultur eskaintzaren beharra azpimarratu du. Zentzu honetan eskerrak eman nahi izan dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari jaialdia babesteagatik.
Musika kartela, kultur aniztasunaren isla

Jaialdiaren aurtengo eredu aldaketarekin bat dator musika kartela ere. “Kartel orekatua prestatu dugu, luxuzko kolaboratzaileekin datozen sei kartelburu ditugu, hango eta hemengo kulturen arteko elkarlanaren isla”. Kultura eta jatorri ezberdinetako artistak elkarlanean jarriko ditu aurtengo edizioak ere. Antolatzaileen hitzetan, “Itsas Elkarrizketek jaialdi berezi bilakatzen dute Atlantikaldia ikuskizun
bakar eta errepikaezinak sortuz”. Hala azaldu du Tolosak.


Jaialdiaren lehen egunean, hilaren 24an, La Yegros artista argentinarrak Ines Osinaga (Gose) igoko du oholtzara. Ostiraleko lehen kontzertuan, Guillem Roma katalana Afrika Bibang algortarrarekin  batera ikusi ahal izango dugu eta eguneko bigarren ekitaldian, Arat Kilo & Mamani Keita
(Frantzia/Mali) Mad Muasel bilbotarrarekin.


Larunbatean, berriz, hiru kontzertu berezi eskainiko dira: eguerdian Pedro Pastor kantautoreak Izaro gonbidatuko du eszenara; iluntzean, Oum (Maroko/Frantzia) Alos Quartet laukotearekin arituko da; eta eguneko azkenak, Che Sudaka taldea izango da (Kolonbia/Argentina/Katalunia), Huntza taldeko Josune Arakistain, Uxue Amonarriz eta Aitor Huizi igoko dituena eszenatokira.


Ikuskizunetarako gonbidapenak
Covid-19 birusak eragindako salbuespen egoera dela eta, datorren irailaren 24 eta 26 bitarteeskainiko diren kontzertuetan segurtasun neurriak bermatzeko osasun neurri berezi eta zorrotzak aintzat hartzen dituen protokoloa diseinatu behar izan du antolakuntza taldeak. “Ikuskizun guztiak
gune bakar batean gertatuko dira, Fanderiako tenis pistan. Emanaldietarako sarrera eta irteera ezbedinak izango dira, segurtasun tarteak zainduko ditugu, gel hidroalkoholikoa egongo da eta aforoa kontrolatu ahal izateko gonbidapenarekin sartzea ezinbestekoa izango da”, adierazi du jaialdiaren
zuzendariak.


Gonbidapenak irailaren 14ko 10:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira: modu presentzialean Niessen Kulturguneko txarteldegian (10:00-13:00 eta 17:00-20:00) eta internet bidez, atlantikaldia.errenteria.eus jaialdiaren webgunean, guztiak ere doan.

Halaber, gonbidapenen erabilera arduratsua egitearen garrantzia nabarmendu nahi izan du Tolosak “Aforoa mugatua den heinean, garrantzitsua da aulki hutsik ez geratzea, erabili gabeko gonbidapenik ez geratzea. Izan ere, sarrera doakoa den arren, jaialdia bera ez baita doan”. Zentzu honetan,
kontzertu bakoitza hasi baino 10 minutu lehenago gonbidapenak baliogabetuta geldituko direla jakinarazi du.


Jaialdiaren irudia


Azken urteetako bideari jarraiki, jaialdiaren irudia elkarlan baten emaitza da. Aurtengoan, ozeano Atlantikoko bi ertzak batu ditu sorkuntzak: Malmo ilustrazio estudioko J. Angel Perotxena elizondotarra eta Argentinako Studio Josefako Josefa Coimbra dira, hain zuzen, kartelaren egileak.
‘Ortzimugak’ leloa oinarri hartuta aritu dira lanean biak: Atlantikoa ikusteko eta bizitzeko modu desberdinak islatzen ditu emaitzak, eta, aldi berean, gaur egun Errenterian dagoen kulturaniztasunaren isla da.


Kontzertuetarako osasun eta segurtasun neurriak


● Aforoak mugatuak izango dira eta sarrera soilik gonbidapen bitartez izango da.
● Sarrera ordutegiak errespetatu beharko dira jende pilaketak ekiditeko.
● Sarreran, eskuak gel hidroalkoholikoz garbitzea nahitaezkoa izango da.
● Musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da ekitaldiak irauten duen tarte osoan.
● Pertsonen arteko distantzia 1,5 metrokoa izango da.
● Kontzertu guztian zehar aulkian eserita egon beharko da.
● Aulkiak kontzertu bakoitzaren ostean desinfekzio likidoarekin garbituko dira.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
ATLANTIKALDIA
Errenterian irailaren 14tik 17ra Atlantikaldia jaialdiaren hamargarren edizioa egingo da, 'Bitakora' lelopean. Kultura anitze... (gehiago irakurri)
ATLANTIKALDIA
Rodrigo Cuevas, Fémina, Aywa, Nidia Gongora, Bia Ferreira, EDE, Rebeca Lane eta Olaia Inziarte izango dira, besteak beste, au... (gehiago irakurri)
ATLANTIKALDIA
Atlantikaldiak inoizko ediziorik unibertsalena eskainiko du 2022an, 'Itsas Kodeak' lelopean. Kultur Topagune eta Musika Jaia... (gehiago irakurri)
ATLANTIKALDIA
Atlantikaldiak inoizko ediziorik unibertsalena eskainiko du 2022an, 'Itsas Kodeak' lelopean. Kultur Topagune eta Musika Jaial... (gehiago irakurri)
ATLANTIKALDIA
Jaialdia irailaren 15etik 18ra bitartean egingo da, eta ohiko gune eta agertokiak berreskuratuko ditu. Tanxugueiras, Kolinga,... (gehiago irakurri)
ATLANTIKALDIA
Kultur Topagune eta Musika Jaialdia Errenterian egingo da irailaren 15etik 18ra, 'Itsas-kodeak' leloarekin. (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago