![]() |
G. Ezohiko formula aukeratu zenuen proiektuari aurre egiteko, mezenasgo eskari publikoa Sarearen bidez. Esperientziaren emaitzak ikusita, zelako balantzea egiten duzu?
E. Zorionekoa sentitu nintzen. Poza, harridura, sinesgaiztasuna eta ilusioa sentitu nituen. Zoragarria eta ustekabekoa izan zen. Jende askok esaten dizu maite zaituela eta zugan sinesten duela, itsumustuka. Beraz, nolabaiteko erantzukizun gehigarria sentitzen duzu. Erantzun horrek, diskoa honela egiteko esperientziak, luzarorako markatu nauela uste dut. Oso esker oneko nago.
G. Disko honek oso instrumentazio sinplea du eta horrek are ageriago uzten ditu testuak eta doinuak. Helburu hori zenuen grabatzea erabaki zenuenean?
E. Bai. Baina instrumentazioa baino gehiago, moldaketak direla uste dut. Hau da, zer egiten duen eta non egiten duen tresna bakoitzak. Abesti batzuek hiru gitarra elektriko, bi akustiko eta beste lau tresna dituzte jotzen aldi berean gauza desberdinak egiten, eta hori ez da batere sinplea; baina efektu hori sorrarazten da nire ustez aukeratuko moldaketen eraginez. Izan ere, guztiak pentsatuta daude doinua sendotzeko eta ez hari trabarik jartzeko. Gure burua jarri diogun baldintza da. Oso pentsatuta zegoen, oso landuta eta oso gogor egin dugu lan. Horren adibiderik garbiena dira baterien patroiak. Izugarri soilak dira, baina jo egin behar dira! Ez da hain erraza, benetan diotsut. Horrek guztiak ematen du ‘soiltasun’ sentsazio hori eta pozik nago gauza asko egon narren, gutxi balego bezala entzuten direlako. Izugarri gustatzen zait hori.
G. Ereduren bat izan zenuen gogoan moldaketak diseinatzeko garaian?
E. Diskoa entzun eta hau irakurtze duen edozeinek zoraturik nagoela pentsatuko du, eta ez nuke konparaziorik egin nahi noski, baina estudioan Motown aipatzen genuen etengabe erreferente gisa: konplikatuena jotzeko gai diren musikariak baina errazena jotzen dutenak abestiaren zerbitzura jartzen dutelako bere burua.
G. Elektrizitate gutxiago erabiltzeak ‘biluziago’ uzten zaitu eszenatokian abestiak defenditzeko orduan. Nola sentitzen zara disko honetako kantu batzuek duten formatu ia akustiko horrekin?
E. Kontzertuak jendea harrituko duelakoan nago, ni ere harritu naiz lokalean entseatu dugunean. Ez da eman dezakeen bezain akustikoa.
G. ‘Cabeza de Leon’-en eguneroko sentimenduei buruzko istorio txikiak irakur ditzakegu. Sortze-prozesuaren oinarrian ez dela aparteko gertakizunik behar baieztatzen du horrek?
E. Ez dakit. Nik uste dut guztiok gauza berberei buruz ari garela baina modu desberdinetan. Bizitza gehienak istorio txikiak eta eguneroko sentimenduak dira, ezta? Nik horrela egiten dut, ez dut askorik pentsatzen. Bakoitzak nahi duen bezala egin dezala. Gero jende gehiagok ulertzen banau edo identifikatuta sentitzen bada, askoz hobeto. Helburua bete dugu: nire ustez, besteak beste ulertuak sentitzeko idazten dugu.
G. Konta daitekeen heinean, zein da zure abestietan kontatzen edo iradokitzen dituzun istorioen jatorria?
E. Ia guztiak niri buruzkoak dira, baina hori ia ezer ez esatea da azken finean ‘ni eta nire zirkunstantziak’ naizelako. Baina ez ditut berdin egiten abesti eta testu guztiak. Esaldi edo hitz bat gustatzen bazait, zerbait asmatzen dut haren inguruan. Batzuetan guztia imajinatzen dut, baina beste batzutan guztia egiazkoa da, besteetan zutaz ari da baina egiatan nitaz ari da. Azken finean, literatura da, letra xeheaz idatzia.