MUSIKA
Testua: Musika Hamabostaldia/Quincena Musical

CICLO MÚSICA CONTEMPORÁNEA - MUSIKA GARAIKIDEAREN ZIKLOA
MUSIKA HAMABOSTALDIA
Musika Hamabostaldiaren Musika Garaikideko Zikloak proposamen berritzaileenak eskainiko ditu
2018-08-18
Bost kontzertuk osatuko dute zikloa. Lehenengo lau kontzertuak Kursaaleko Areto Balioaniztunetan izango dira, eta azkena, berriz, Musikeneko Auditorioan.

Abuztuaren 19az geroztik, igandea, sorkuntza berriko musika izango da protagonista Musika Hamabostaldiaren Musika Garaikideko Zikloan, horixe baita jaialdiak ikus-entzule kezkatsuenei eta joera berritzaileenetan diharduten musikagile eta interpreteei eskaintzen dien topalekua. Bost proposamen izango ditu guztira zikloak, iaz baino bat gehiago, eta abuztuaren 19an, 21ean, 25ean, 28an eta 30ean izango dira, hurrenez hurren. Lehenengo lauak zikloaren ohiko agertokian izango dira, hau da, Kursaaleko Areto Balioaniztunetan, eta azkena, berriz, Musikeneko Auditorioan izango da; iaz eskaini zen bertan lehenengo aldiz ziklo honetako kontzertu bat.

 

Musika Hamabostaldiaren aurtengo programazioa egituratzen duen "Mitoa eta Tradizioa" gaiari lotuta, Musika Garaikideko Zikloak zubiak zabalduko ditu iraganaren eta etorkizunaren artean, hau da, XX. mendeko modernismo musikalaren eta hotsaren bitartez beste adierazpide batzuk bilatzen dituzten egileen sorkuntza-lanen artean. Musika berria hainbat erabateko estreinaldirekin sendotuko da: Mario Ruiz, Mikel Urquiza eta Raquel García Tomás musikagileek izenpetutako hiru partitura berrirekin, hain zuzen ere.

 

Mario Ruizen “Aus del Dämmerung” abuztuaren 19ko Gerhard Kuartetoaren kontzertuaren barruan entzungo da lehen aldiz; horixe izan da, hain justu, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Pablo Sorozábal Konposizio Lehiaketaren azken edizioan irabazi duen partitura. Abuztuaren 21ean, Cosmos Quartet eta Noelia Rodilesek emango duten kontzertuan, beste bi lan estreinatuko dira: “Così mostraste a lei i vivi ardori miei”, Raquel García-Tomás sortzaile katalanarena; eta “Cinco sólidos perfectos y una mariposa”, pianorako kintetoa, Musika Hamabostaldiak  Mikel Urquiza bilbotar musikagile gazteari agindua.

 

Estreinaldi horiez gainera, zikloak hainbat aukera eskainiko ditu originaltasun handiko konbinazio instrumentaletara hurbiltzeko, hala nola Ensemble C Barré taldearena, hari pultsatuko eta elektronikako tresnez osatua; europar konposizioaren azken joerak ezagutzeko, United Instruments of Lucilin-en eskutik; eta Atlantikoaren bi itsasertzen arteko harreman musikalei behatzeko (Estatu Batuak eta Espainia), Música Práctica talderen emanaldian.

 

Sarrerak. Kontzertu hauetarako sarrerak www.quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.

 

CUARTETO GERHARD –abuztuak 19, 20:00etan– Kursaaleko Areto Balioaniztunak

 

Gerhard Kuartetoak Vienako Bigarren Eskolari lotutako bi maisulan proposatzen ditu: Alban Berg-en “Suite lirikoa”, egitura dodekafonikokoa baina forma eta harmonia tradizionalak berregiten dituena, eta Arnold Schönbergen ikasle katalan aipagarriena den Roberto Gerharden “2. kuartetoa”. Horiekin batera Zuriñe F. Gerenabarrenaren “Erantzungor” kuartetoa, ziklo honetan bertan 2010. urtean estreinatua, eta Mario Ruizen “Aus del Dämmerung”, Pablo Sorozábal Konposizioko Nazioarteko azken Lehiaketaren irabazlea.

 

Orain dela zazpi urte sortua, besteak beste Rainer Schmidt-en (Cuarteto Hagen, Basilea), Eberhard Feltz-en (Berlin) eta Oliver Wille-n (Hannover) babesarekin, Cuarteto Gerhard-ek arrakasta handia lortu du nazioartean. Espainiako lehiaketa garrantzitsuenak irabazi ditu ("El Primer Palau" Bartzelonan, Catalunya Músicako 25 urte eta Gaztedi Musikalen Lehiaketa Iraunkorra), Irene Steel Stiftung Competition-en saritu dute Berlinen, eta finalista izan da ICMC Hamburg lehiaketan 2012an. Bere programetan nahastu egiten dira kuartetoaren errepertorioko maisulanak eta sorkuntza berriko musika, funtsezko lekua hartzen duena bere ibilbide artistikoan.

  COSMOS QUARTET/NOELIA RODILES - abuztuak 21, 20:00 – Kursaaleko Areto Balioaniztunak

Kuartetoak pianodun boskoteari utziko dio protagonismoa, Noelia Rodiles eta Cosmos Quarteten eskutik. Beren programa XX. mendeko ganbera-musikaren gorenetzat hartzen den batek egituratzen du: Dmitri Shostakovitxen “Kintetoa op. 57" (1940), keinu intelektualez eta bizi-erreferentziez betea. Errusiar musikaren maisulan horrekin batera, bi musikagile gazteren erabateko estreinaldiak aurkeztuko dira: Raquel García-Tomásen “Così mostraste a lei i vivi ardori miei”, RNEren Ojo Crítico sariaren irabazlea; eta “Cinco sólidos perfectos y una mariposa”,  Mikel Urquizarena, Musika Hamabostaldiaren enkarguz idatzia.

Cosmos Quartet 2014an sortu zen, lau musikarien arteko adiskidetasunetik eta konplizitatetik. Musikari gazteak badira ere, izen handia lortu dute, eta duela gutxi lehen saria jaso dute Irene Steels-Wilsing Foundation Lehiaketan, Heidelbergen. Etorkizunerako proiektuen artean, Londresko Wigmore Hall-en debuta da aipagrria. Noelia Rodiles, bestalde, Espainiako pianismo berriaren izen sendoenetakotzat hartzen da. Víctor Pablo Pérez, Michael Thomas eta Marzio Contiren mailako zuzendariekin jardun du bakarlari gisa, eta bere lehenengo diskoak, Ligeti eta Schuberti eskainiak, oso harrera ona eduki du, besteak beste "Hileko Bikainena" Scherzo aldizkarian. 

UNITED INSTRUMENTS OF LUCILIN – abuztuak 25, 20:00etan – Kursaaleko Areto Balioaniztunak

United Instruments of Lucilin taldeak Mikel Urquizaren musikari ekingo dio berriro  “Cinq pieges brefs” (2012) lanarekin, eta frantsesak izan gabe Frantziako musikaren eragina jaso duten beste bi egilerekin jartzen ditu harremanetan: bizilekua Parisen duen Hèctor Parra katalana eta Luxenburgoko Alexander Müllenbach; hain zuzen ere, azken horren  “Preludioa 1. partitari, biolin bakarrerako” lanak emango dio hasiera kontzertuari. Luxenburgoko taldeak, halaber, aurreko mendeko bi lan "klasiko" joko ditu: txirula bakarrerako “Syrinx” lana, Claude Debussyk 1913an idatzia; eta Klaus Huberren “Ein Hauch von Unzeit III”, XX. mendearen bigarren erdialdean itzal handien izan duen musikagileetako bat.  

1999an sortua, United Instruments of Lucilin "sorkuntza-plataforma bat da, interpreteak, musikagileak eta sorkuntza garaikidearen esparru guztiak hartuko dituen diziplina orotako artistak biltzen dituena". XX. eta XXI. mendeetako musika sustatzeaz eta zabaltzeaz arduratzen den Luxenburgoko lehenengo ganbera-taldea da. Hainbat musikagileri agindu dizkiote lanak, besteak beste Luca Francesconi, Toshio Hosokawa, Martin Matalon, Yan Maresz eta Markus Reuter. Dibertsitate estetikoa da taldearen proiektuen ezaugarri nagusia, ezohikoa batzuetan, eta publikoa musikarekin eta bere testuinguruarekin lotzera bultzatzen du.

ENSEMBLE C BARRÉ – abuztuak 28, 20:00etan – Kursaaleko Areto Balioaniztunak

Ensemble C Barré taldea osatzen duten instrumentuen bitartez -gitarra, zinbala, harpa eta kontrabaxua- Musika Hamabostaldiaren Musika Garaikideko Zikloaren aurtengo edizioko lan ausartenak ezagutuko ditugu, Francisco Alvarado eta Yan Maresz musikagileen lanen bitartez; baten zein bestearen kasuan,  garrantzizko zeregina betetzen du elektronikak.   “Sul Segno” izenburuko programak, halaber, Félix Ibarrondoren “Nireak” eta Tristan Murailen“Tellur”, eta Manuel de Fallak 1920an idatzitako “Pour le tombeau de Claude Debussy” elegiakoa bateratuko ditu.

 

Ensemble C Barré Sébastien Boinek sortu eta zuzentzen du. Oso talde grinatsua da, errepertorio garaikidearen sorreran eta zabalkundean konprometitua. Ensemble hau, gaur egun, Marseillako Musika Sorkuntzaren Zentro Nazionalarekin dago lotua, eta arreta berezia ematen die Mediterraneo aldeko konpositoreei. Taldea jarduna da Pariseko Philharmonie, Festival d’Île de France, Radio France, Festival de Marseille, Festival Les Musiques, Grand Théâtre de Provence-n…  ospe handiko koreografo eta dantza-konpainiekin: Nederlands Dans Theater, Michel Kelemenis eta New Yorkeko T. Jones/Arnie Zane Dance Company.

ENSEMBLE MÚSICA PRÁCTICA – abuztuak 30, 20:00etan – Musikeneko Auditorioa

Música Prácticak bidaia bat proposatzen du Estatu Batuak eta Espainia artean, belaunaldi berekoak ez diren bi musikagile amerikarren musikarekin: Martin Bresnick, Yaleko Unibertsitateko irakaslea, eta Christopher Cerrone, 2015ean Pulitzer sarirako finalista. Beren sorkuntza-lanekin batera, Musikenen ikasi eta gaur egun New Yorken bizi den Alba S. Torremocharen “Aker” entzungo da. Galiziar eta euskal musikak ordezkaritza izango dute Fernando Buide, Eduardo Soutullo eta Ramon Lazkanoren eskutik, hirurek izan baitute beren karreraren uneren batean harreman estua Ipar Amerikarekin.

   

Música Práctica Ensembleak 2012an eman zuen lehenengo kontzertua, Konpostelako Santiagoko Xornadas de Música Contemporánea-n. Jorge Montes, Fernando Buide eta Alejandro Sanzen zuzendaritza artistikoarekin, taldeak "musikaren kalitatean eta errespetuan" oinarritzen du bere lana, eta horren ondorioz, "errepertorioari, estiloari edo taldeari dagokionez mugarik gabeko" lanak interpretatzeaz gainera, jarduera didaktikoa ere egiten du, hainbat alderdi artistikoren topagunea erakusteko helburuarekin.

Info +


Segur aski asko interesatuko zaizu...
Hamaika ziklotan banatutako 93 emanaldi aurkeztuko ditu jaialdiak, horien artean 'L'italiana in Algeri' (Rossini) koprodukzio... (gehiago irakurri)
QUINCENA MUSICAL + TEATRO COLÓN DE BUENOS AIRES + FESTIVAL SAN LORENZO DEL ESCORIAL.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (gehiago irakurri)
Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) Senpere bisitatuko du lehenengo aldiz, ganbera formatuan, Donostiako Musika Hamabostaldiko ... (gehiago irakurri)
LA FURA DELS BAUS
Soilik La Fura del Baus-ek birsor zezakeen 'Kreazioa', ohiz kanpoko ikuskizun bihurtzeko. Konpainia katalan historikoa Joseph... (gehiago irakurri)
QUINCENA MUSICAL + TEATRO COLÓN DE BUENOS AIRES + FESTIVAL SAN LORENZO DEL ESCORIAL.
Donostiako Musika Hamabostaldiak, Buenos Aireseko Colon Antzokiak eta San Lorenzo del Escorialeko jaialdiak elkarlanean ekoit... (gehiago irakurri)
NEREA AIZPURUA-ARRATE MONASTERIO-MAIDER LÓPEZ
Nerea Aizpuruak (biolontxeloa), Arrate Monasteriok (pianoa) eta Maider Lopezek (biola) kontzertu-errezitaldia eskainiko dute,... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago