MUSIKA
Testua: Jonan Hernández

NACHO VEGAS
“Bizirik egon behar duen zerbait da kantua”
2012-05-09
Nacho Vegasek (Xixon, 1974) aitortzen duenez, etxeko bakardadean abestiak sortzen dituen unean gozatzen du gehien. Horrela ikusi zuten argia ‘La zona sucia’ diskoko abestiek, bere buruarekin zein entzuleekin zintzo jokatzen duen autore baten bosgarren bakarkako lana. “Gure esku dagoen bakarra da”, dio berak. Hilabete hauetan zehar eszenatokira igoko da berriz abesti horiek aurkezteko.

Galdera. Nolakoak izan dira diskoa grabatu ondorengo hilabeteak?  Lan berria entzuteko astirik izan duzu?

Erantzuna. Sentsazio arraroa da, diskoa grabatzeko prozesua oso kaotikoa delako eta tarte horretan ezin duzu hura perspektibaz ikusi. Diskoa grabatzea kaos hori ordenatzeko era bat da. Diskoa kaleratzea ere talde-lana da eta oso ilusionagarria, erditzea bezalakoa. Biran, berriz, kantuak gaurkotu eta berrasmatu egiten dituzu. 

G. Abestiak berrasmatu egiten dira zuzenean?

E. Abesti batzuk era mekanikoan jotzen ari garela ikusten dugunean, jendeak eskatzen dizkizun horiek direla jakin arren, errepertoriotik kentzeko garaia dela izate da. Abestia bizirik dagoela sentitu behar duzu eta haren bizia musikarion gainetik dagoela. Interpretatzea  abestiei bizia ematea ere bada; interpretazio  hutsa ez izatea lortu behar duzu, ez dadila kantuaren exekuzio hutsa izan.

P. Eta zelan eragiten du entzuleen erreakzioak?

E. Ahalik eta eragin txikiena izan dezan saiatzen naiz, gauzak egiteko erarik zintzoena dela uste dut ea. Publikoa errespetatzen  baduzu, ezin diozu botere handirik eman egiten ari zarenaren gainean. Iggy Popek esaten duenez, abestiak idaztean,  kaletik bere buruarekin berbetan ibiltzen diren eskale horiek bezala jokatu behar duzu; hau da, barrutik ernetzen zaizun zerbait oso purua behar da, zentzu handirik ez badu ere.

G. Zintzotasuna ezinbestekoa da idazteko orduan?

E. Honetan dihardugunon guztion betebeharra  da, gure esku dagoen gauza bakarra da eta. Hortik aurrera, gauzak hobeto edo okerrago egitea norbere mugen araberakoa izaten da. Baina zintzo jokatzea nire esku dago.

G. Musikari batzuek zuzenean jotzea  dute gustukoen eta beste batzuk estudioan edo abestiak idatziz gozatzen dute. Zein multzotan kokatzen duzu zure burua?

E. Nire ustez, abestiak idatziz gozatzen  dut gehien; denbora geldiarazten duen prozesu luzea da eta bereziki gustatzen zait. Gero taldearekin jotzen duzunean ere oso polita da, abestiak hazarazten  dituzten  beste musikari batzuekin batera ari zarelako. Estudioa…polita da abestiak nola taxutzen diren ikustea, baina urduritu egiten nau. Egia da talde batzuentzat  diskoa bera dela helburua eta horretara bideratzen  dituztela  ahaleginak. Nire kasuan, berriz, diskoak baliabide bat besterik ez dira, kaos hori ordenatzeko  beharrezko urratsa besterik ez. Azkenik, zuzenekoak  abesti horiek etxean bakarka konposatu zenituenean  bezalaxe  jotzeko garaia  izaten da, eta beste dimentsio bat bereganatzen  dute. Une bakoitzak badu alde polit bat eta baita dudazko aldea ere; inoiz ez duzu jakiten norantz joko ote duten abestiek. 

G. ‘La zona sucia’ izena jarri diozu diskoari. Guztiok gure baitan dugun alde ilun edo zikin horretatik sortzen dira abestiak?

E. Bai. Nire kasuan behintzat  hor sortzen dira abestiak. Armoniazko uneak oso ondo daude, zure bizitza ordenatuta  dago eta ez duzu abestirik sortzeko premiarik sentitzen. Kantuak beste alde horretan sortzen dira, baina ez dute harekin pozik hartzen; argitara irten nahi dute, orokorrean bizitzak duen desordena borrokatzeko modua hori izaten baita. 

G. Disko honek aurrekoek baino testu argiagoak dituela ematen du. Aldez aurretik pentsatu zenuen horrela idaztea?

E. Inoiz ez da guztiz aldez aurretik pentsatzen. Abestietan  beti izaten da lehen une bat, melodia bat, bertso edo esaldi bat. Gero gorpuztuz doaz eta zure gainetik agintzen dute. Baina egia da, oharkabean hizkuntza kriptiko horri ihes egin diodala; abestien esentzia bilatu dut. Disko bat grabatzen duzunean, errazena  gauzak gehitzen joatea da, baina zailena gauzak kentzea  da. Herri-musikan, rock edo pop-ean, abestiak oso sinpleak izaten dira eta oso tentagarria da moldaketa politak gehitzea, baina batzutan  gauza politak gorrotagarri gerta daitezke abeste batean. Begirada kritikoa izan behar duzu ez gauza politak idazteko, baizik eta benetakoak. 

G. Amodioa eta desamodioa izan da diskoaren motoreetako bat?

E. Abesti guztiek muturreko zerbait behar dute, oso erradikala den zerbait. Arlo sentimentalari  dagokionez egonkor zaudenean  sortzen da abesti gutxien. Maitasuna oso boteretsua da, baina gorabeheratsua; musika bezalakoa da, oso beharrezkoa baina aldi berean alferrikakoa. Abestiak mundua ezbaian jartzeko  modu bat izaten dira.

G. Azken urteotan  Asturiaseko musikara hurbildu zara. Nolakoa izan da prozesu hori?

E. Jaio eta hazi zinen lekuak zurekin estu loturik dago. Rocka jotzen hasi nintzenean, talde estatubatuarrek  egiten zutena kopiatzen genuen. Asturiasen rock eszena eta folk eszena zeuden, baina elkarrengandik urrunduta bizi ziren. Zorionez,  azken urteotan elkarrengana  hurbildu gara. Asturiaseko kantutegi tradizionalean  murgiltzen zarenean,  zure bizitzarekin zerikusia duten gauzekin  egiten duzu topo. Antzinatik  jendeak ez du abestu izar bilakatu nahi zuelako, baina  eta  gizakion berezko zerbait delako abestea. Hori oso garrantzitsua eta oso purua da eta horregatik honetan ari garenok  zaindu egin behar dugu tradizio hori. Hurbil dugunari erreparatu  behar diogu, harantzago  heltzeko  modu bakarra  nondik zatozen  jakitea delako.

 

Segur aski asko interesatuko zaizu...
ORO, SALITRE Y CARBÓN
Nacho Vegas menderakaitza The Doorsen whisky tabernan bizi dela dirudi, rockaren klixeetatik at, Manta Ray utzi zuenetik. Azk... (gehiago irakurri)
ORO, SALITRE Y CARBÓN
Nacho Vegas menderakaitza The Doorsen whisky tabernan bizi dela dirudi, rockaren klixeetatik at, Manta Ray utzi zuenetik. Azk... (gehiago irakurri)
ORO, SALITRE Y CARBÓN
Nacho Vegas menderakaitza The Doorsen whisky tabernan bizi dela dirudi, rockaren klixeetatik at, Manta Ray utzi zuenetik. Azk... (gehiago irakurri)
ORO, SALITRE Y CARBÓN
Nacho Vegas menderakaitza The Doorsen whisky tabernan bizi dela dirudi, rockaren klixeetatik at, Manta Ray utzi zuenetik. Azk... (gehiago irakurri)
RESITUACIÓN
'Resituación' du izenburu Nacho Vegasen disko berriak, azken urteotan eraginik handiena izan duen kantautoreetako bat. Abesti... (gehiago irakurri)
Introspekzioa, itxurazko inprobisazioa eta nolabaiteko osagai onirikoa iradokitzen duten soinu-paisaia kezkagarriak ardatz, E... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Otsailetik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoko Atrioa zuzeneko musikaz blai izango da Kutxabank babesle duen Art & Music progr... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago