ARTEA
Testua: Alava.net

FERMÍN JIMÉNEZ LANDA. TURNO DE NOCHE
DFA-AFA
Fermín Jiménez Landa. Gaueko txanda
2015-03-10
Artium Museoa. Ipar aretoa, 2015/01/30 - 2015/05/17 Fermín Jiménezek baliokidetasun-, iraultze- eta elkartruke-prozesuetan lan egiten du, eta absurduaren eta zentzudunaren, ezagunaren eta ikonoklastaren artean dagoen erdibideko puntu batetik begiratzen dio munduari, ekintzak, esku-hartze publikoak, bideoak, instalazioak eta marrazkiak eginez.

  Gaueko txanda erakusketan gidoi jakinik gabe prestatutako lan batzuk daude bilduta. Artiumeko aretoetarako propio aukeratutako hauek nahierara eginak edo berreginak izan dira, baina batasuna ematen dien arima komun bat aurkitu dute pixkaka, ia ustekabean aurkitu ere. Antropomorfikoaren presentzia immanenteak elkartzen ditu denak, osoaren eta partearen arteko erlazioak, mundu urrunen arteko tirabiren bilaketa etengabeak; sukarrak elkartzen ditu, gauekotasunak, ilegaltasun hala-holakoak, umorearen senak, badaezpadako bukaera duten prozesu batzuekiko interesak, ikusezina denak, saiaketa ezinezkoak, immateriala denak, kontsensu sozialeko moduei buruzko jakin-minak, ekonomiari buruzkoak (bere mutur txikieneraino eramana), enpiriko eta poetikoak, mikro eta makroak. Lan horiek loturak dituzte (urrutikoak edo hurbilekoak) narratiba tradizionalarekin, medikuntzarekin, botanikarekin, dantza klasikoarekin, indarkeria politikoarekin, euforiaren eta ordenaren artean iparra galtzeko zorian beti.

Gaueko txanda da, hain zuzen, ikusiko ez dugun obra. Aretoko sabai zuria izarrez estalia dago. Izarrok ere zuriak dira,  dizdiz egiten dute iluntasunean, eta egunez gainerako obrak ikusteko pizten diren argiekin kargatzen dira argiz. Gaueko txanda ekonomia kapitalista mekanizatuaren emaitza da orobat, makinek gizakien ordez lan egin behar zuten harako mundu haren oposatu metafisikoarena. Makinak gizakiaren loa (eta ez alderantziz) galaraztea dakarren zentzugabekeria hori. Gaua ?mundu globalizatu eta txandakako batean erlatiboa den egoera hori? beldurrarekin lotzen da, ezezagunarekin, sukar egoerekin ?zentzu literalean zein irudizkoan?, horditasunarekin eta pikareskarekin. 

Sukarra organismo arrotzen kontrako defentsa-mekanismo bat da eta hipotalamoak (hots, gure termostatoak) erregulatua dago. Izen hori du, hain zuzen, aretoa dentsitate handi edo txikiagoarekin zeharkatzen duen instalazio honek: barruan ur beroa dabilen (40 gradutan, zehazki) kobrezko hodi-zirkuitu honek. Esan beharra dago modu ausazko samarrean aukeratu dela tenperatura zehatz hori. Iza ere, sukarrak ez du neurri zehatzik: sexuaren, adinaren, pisuaren, neurtzen den orduaren eta neurtzeko erabiltzen den bitartekoaren araberakoa izan daiteke. Kontua, hemen, jendea sukarrean pentsatzera bultzatzea da, eta baita gorputzean ?gure munduaren eta gure arkitekturaren neurria den horretan? pentsaraztea ere, antropomorfotik oso gutxi duen egitura baten bidez. Gorputza da, azken finean, espazioa neurtzeko eta ingurunea ulertzeko daukagun modua. Hemengo hau gorputz gaixo samar edo guztiz sutsu bat litzateke. Imajinatu jendea hodiak ukitzen, arkitekturaren arteria moduko horiek haztatzen, sukarrez dagoen haur negartsu bat ukitzen den bezala, esku-ahurra haren kopetan jarrita.

Lurrean zortzi alfonbra daude, bilduta, zikinak, ilaran jarriak: Cul de Sac dute izena. Lurperatuta egon dira denbora batez, Espainiako zehaztu gabeko hainbat tokitan. Fermínek Patricia Highsmith-en Alegiazko krimenak irakurri zuen behinola udako irakurgai arin gisa. Polizia-eleberri horretako protagonista polizia-eleberrien idazle bat da bere aldetik, zeinak alfonbra bat biltzen baitu eta soro batean lurperatzen, hainbat arrazoik bultzatuta ?azterketa enpiriko bat egiteko gogoak, besteak beste. Horrek benetako arazo batzuk ekartzen dizkio, oinarrian alegiazko ekintza bat dutenak, baina sobera antropomorfikoa den objektu batek eraginak. Jakingura gaizto moduko horrek beste fikzio mota erreal bat asmatzera bultzatzen du Fermín, horrek sor lekizkiokeen arazoak arazo. Esperientzia hori lehen pertsonan biziz, gorabehera txiki batzuk konponduz (hala nola, beraren eta pala- eta alfonbra-saltzaileen arteko elkarreragina, edota ehorzketa-leku diskretuak aukeratzeko prozesua), Land Art-eko ekintzetan eta eskulturari buruzko kontuetan pentsatzen du sarri. Bada bederatzigarren alfonbra bat ere, baina hura lur azpian gelditu da betiko.  

Beltxargen aintzira ur zikin pila handi bat da. Ur horren eta beste edozeinen arteko diferentzia bakarra zera da: honek bidaia gogor eta garesti bat egin behar izan duela Novodevichy aintziratik, Errusiatik, honaino.  Zeregin zaila, inondik ere, bai logistikaren aldetik, bai ekonomiaren aldetik, bai burokraziaren aldetik, eta aduanetan zuribide zaila duena. Jendeak sinetsi egin behar du ur hori Tchaikovsky-ri Beltxargen aintzira inspiratu zion tokiaren parte bat dela, ur bedeinkatuarena bezalako fede-ekintza bat balitz bezala sinetsi ere. Horra elementu likido baten inguruan sortutako fetixismo bat, bere hartan bakarrik eta bakarturik zentzurik ez duena. Beltxargen aintzira paisaia bat da, begiralearen ikuspegiaren arabera aldatuz doan elementu-multzo bat. Aintzira bat ur metaketa bat da funtsean, baina ez ur jakin batena, ziklo baten barruan baitago ura. Baina fetixismo defendaezin horren guztiaren ondoren, egiaren poza geratuko zaigu. Beltxargen aintzirez beterik dago areto hori.

 

 


Segur aski asko interesatuko zaizu...
DFA-AFA
Arabako Lurralde Historikoak kultura ondare oparoa du, mendeetan zehar aztarna utzi duena bere herri eta hirietan. Horri eske... (gehiago irakurri)
DFA-AFA
Badakigu jada nortzuk diren . Fernando Molero eta Xabier Etxeberriaren lanak izan dira onenak Ignacio Aldecoa ipuin lehiaketa... (gehiago irakurri)
DFA-AFA
Artistek diseinaturiko jolas eta hezkuntza karta sorta batzuk aurkeztuko ditu Arabako Fournier Karta Museoak. noiztik: 2015... (gehiago irakurri)
DFA-AFA
Arkaiako herritxoan, Gasteizko ekialdean, Araban ondoen ezagutzen diren erromatarren garaiko termak daude. noiztik: 2015/01/... (gehiago irakurri)
DFA-AFA
Amarika Aretoa (Gasteiz) Apirilaren 12 arte Ia Beltza”k geldi ez dagoen irudi bat dakarkigu gogora, iluntzeko eta opaku bihu... (gehiago irakurri)
DFA-AFA
Albaitako (Trebiñu) zeramikari apartak lan zabala eta diziplina anitzekoa utzi du, zeinetan uztartu egiten diren sorkuntza et... (gehiago irakurri)
DFA-AFA
Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, urriaren 5tik abenduaren 20ra bitartean, antzerki ekitaldi asko eskaintzen du Araban zehar... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago