ARTE ESZENIKOAK

KINGDOM
KINGDOM
Agrupación Señor Serrano taldeak kapitalismoaren eta platanoen historia xehatzen du, antzerkia, zinea, musika eta performancea zuzenean nahasten dituen Kingdom lan lotsabakoan

- Egungo eszenako originaletakoa den eta Veneziako Bienaleko Zilarrezko Lehoia lortu duen Kataluniako konpainiak, bi sinbolo erabiltzen ditu sistemaren satira dibertigarri honetan: bananak eta King Kong.
- Arriaga Antzokiak antzezlanaren emanaldi bat eskainiko du ostegun honetan, abenduaren 5ean, 19:30etik aurrera.
Bilbon, 2019ko abenduren 3an.- Bananak, kontsumoa, gizonentzako koreografiak, publizitatea, punk rocka, King Kong, supermerkatuak, hazkundea, deskontrola, hedapena, multinazionalak, baliabide eskasia, estatu kolpeak, zoofilia, trap-a eta oso gizon diren gizonak amaierarik gabeko festa batean. Elementu horiek guztiak eta askoz gehiago erakusten ditu Agrupación Señor Serrano taldeak Kingdom antzezlanean, kapitalismoa modu satiriko eta dibertigarrian islatzen duen sorkuntza artistiko lotsagabean. Arriaga Antzokian ikusi ahal izango dugu ostegun honetan, abenduaren 5ean, 19:30ean.
"Mundua pikutara doa, ospa dezagun", horixe da ikuskizun honen bitartez Kataluniako konpainia sailkaezinak esan gura duena. Horretarako, osagai sinboliko handia duten bi elementu indartsu baliatzen ditu: bananak eta King Kong. Sistemaren bi totem dira, mugarik gabe hazi behar duten bi piztia aseezin, baliabide irensle handiak, masa ikonoak, baina, batez ere, horrek desagertzera bultzatzen bagaitu ere hazteari utzi ezin dion sistemarako kondena saihestezina. Eta hori bada gizateriaren patua, zer egingo dugu, negar? Ez, gure bananak besarkatu eta festa bat antolatu. Izan ere, bananak hor daude, denen eskura, xaloak, gozoak, gizon-izaerakoak, merkeak. 1890ean Mendebaldeko inork ez zuen bananarik ikusita, eta are gutxiago janda. 1920an supermerkatuko erregea zen jadanik. Bananak, banana industria eta bere aitzindariak sistema kapitalista garaikidearen funtzionamenduaren adibide ezin hobea dira. Kingdom lanak kapitalismoaren eta bananen historia xehatzen du, aurretik inoiz kontatu ez dizuten bezala. Aliatu perfektua eta ezustekoa duen istorioa: King Kong. Beraren eta irudikatzen duenaren (gizontasuna, indar handia, instintua) bitartez erakusten dira Mendebaldeko sistema ekonomiko eta sozialaren barruan jarduten duten mekanismoak.
Antzerkia baino askoz gehiago
Agrupación Señor Serrano taldearen aurreko lanetan bezala, Kingdomek zinea-denbora-errealean ideia aztertzen jarraitzen du. Dramaturgia hainbat trama gainjarriz hedatzen da, bideo-kamerak, maketak eta proiekzioak erabiliz, batez ere. Baina oraingo honetan zuzeneko elementuen aldeko apustua egiten du konpainiak: musikak, performanceak eta mugimenduak hartzen dute eszena, objektuekin eta bideo-proiekzioekin modu harmonikoan bat egiteko. Kingdom lanean, objektuz beterik dauden eta istorioa kontatzeko balio duten mahai handi batzuek betetzen dute espazio eszenikoa.

Agrupación Señor Serranori buruz
Àlex Serranok sortu zuen Bartzelonan 2006. urtean, eta gaur egun Alex Serranok berak (zuzendaritza), Pau Palaciosek (edukiak) eta Barbara Bloinek (ekoizpena) osatzen dute. Gaur egungo eszenako konpainia bizigarri eta originalenetakoa da Agrupación Señor Serrano. Hala erakusten dute Veneziako Bienaleko Zilarrezko Lehoia (2015) edo Bartzelona Hiria Saria (2016) sariek eta The New York Times, Folha de Sao Paulo, Tiempo Argentino eta La Vanguardia egunkarietan, besteak beste, jaso dituen kritika bikainek. Euren lengoaia eszenikoan bideoa, performancea, maketak eta zuzeneko musika uztartzen dituzte, eta elementu horiekin mikro-unibertsoak sortzen dituzte ikuskizun berri bakoitzean, betiere mezu inkonformista sartzeko baliatuz. Kingdom lana, konpainiaren ezaugarri den lengoaiaren bertsio zuzendu eta areagotua da.
ARRIAGA ANTZOKIRAKO SARRERAK
- 7,50 eta 21 euro artean (beherapenekin)
- Salgai www.teatroarriaga.eus helbidean, 946 850 850 telefonoaren bidez eta antzokiko leihatilan, aldez aurreko salmenta ordutegian.
Kingdom
Sorkuntza: Àlex Serrano, Pau Palacios eta Ferran Dordal
Performancea: Diego Anido, Pablo Rosal, Wang Ping-Hsiang, David Muñiz eta Nico Roig.
Musika: Nico Roig
Bideoprogramazioa: David Muñiz
Bideosorkuntza: Vicenç Viaplana
Espazio eszenikoa eta maketak: Àlex Serrano eta Silvia Delagneau
Jantziak: Silvia Delagneau
Argien diseinua: Cube.bz
Koreografia: Diego Anido
Soinu espazioa: Roger Costa Vendrell
Ekoizpen burua: Barbara Bloin
Ekoizpen exekutiboa: Paula Sáenz de Viteri
Euskarri teknikoa: Sergio Roca
Zuzendaritza laguntzailea: Martín García Guirado
Management-a: Art Republic
Ekoizleak: GREC 2018 Festival de Barcelona, FOG Triennale Milano Performing Arts, CSS Teatro Stabile di Innovazione del Friuli – Venezia Giulia, Teatro Stabile del Veneto – Teatro Nazionale, Manchester Home Theatre, Teatros del Canal, Teatre Lliure, Théâtre National Wallonie-Bruxelles, Groningen Grand Theatre, Romaeuropa Festival.
Hauen laguntzarekin: Departament de Cultura de la Generalitat de Catalunya, CCCB Kosmopolis, Sala Beckett, Teatre Auditori de Granollers, Xarxa Transversal, Graner - Mercat de les Flors.
Esker bereziak: Festival TNT – Terrassa Noves Tendències, Arts Escèniques OlotCultura, Monty Kultuurfaktorij, La Fabrique de Théâtre – Province de Hainaut.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
80ko hamarkada bueltan da muntaia honetan, pop espainiarraren 35 abestirekin. 'La mov... (gehiago irakurri)
PAMPLONA/IRUÑA DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN BI...
Hiru umorista bikain jakintzaren edo ez jakintasunaren atal guztiei buruzko eztabaida... (gehiago irakurri)
BARCELONA VALENCIA MADRID SEVILLA BILBAO
Judith Argomaniz koreografo donostiarrak Lasala dantza garaikideko konpainia interesg... (gehiago irakurri)
BILBAO
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago