MARCO MEZQUIDA + GREGORY PORTER
Marco Mezquida + Gregory Porter
Marco Mezquida: Tornado

Marco Mezquida (pianoa), Masa Kamaguchi (kontrabaxua), Ramon Prats (bateria)

Marco Mezquida pianista eta konpositore menorcarrak, 36 urterekin, lan eta errekonozimendu ugari ditu dagoeneko, artista askorentzat bizitza osoko lana izango litzatekeena. Mezquida kultuzko musikaria da nazioartean, inprobisatzaile eta moldatzaile aldabera, pianista birtuosoa eta kamaleonikoa, eta konpositore inspiratua eta bikaina.

Mezquidak hogei disko baino gehiago grabatu ditu lider gisa, eta berrogei baino gehiago proiektu askoren sideman edo kolaboratzaile gisa. Ezin konta ahala kontzertu eman ditu mundu osoan zehar izen handiko auditoriumetan eta jazzaldietan, besteak beste Tokio, Londres, Bartzelona, Buenos Aires, Hong Kong Arts Festival eta, nola ez, Jazzaldian.

Musikari moldakorra da Mezquida, herri-musika eta musika kultua naturaltasunez bateratzeko gaitasuna duena. Hala, estilo askotako musiken uztartze berezi bat da berea: Jazza, inprobisazio askea, musika erromantikoa, inpresionista, barrokoa, garaikidea, popa, folklorea, flamenkoa...

Bere ibilbide labur bezain jorian abeslari gailenekin elkarlanean aritu da, haien artean Sílvia Pérez Cruz, Salvador Sobral, Andrea Motis, Noa, Carme Canela eta Celeste Alíasekin, baita Jazzaren figura handiekin ere, tartean Lee Konitz, Dave Liebman, Bill McHenry, Elliot Zigmund, Jorge Rossy, Billy Hart, Perico Sambeat, Giulia Valle, Gorka Benítez, Giulia Valle Group, Gonzalo del Val Trio, Michael Olivera Group, Guillermo McGill, Julián Sánchez...

Aipagarriak dira, baita ere, bere piano solo kontzertu goraipatuak. Kontzertu horietan gorenera eramaten du inprobisatzaile eta konpositore gisa duen askatasun sortzailea, eta agerian uzten ditu musikarekiko duen grina eta pianoarekin duen harreman berezia, piano soloan zuzenekoetan eta estudioan grabatutako bere bost diskoek erakusten duten bezala.

Jazzaldiaren edizio honetan Marco Mezquidak bere azken lana aurkeztuko digu: Tornado (2023). Lan autoeditatu bat da, bi lagun zahar eta maiterekin egina eta haientzat pentsatua: Masa Kamaguchi kontrabaxuan eta Ramon Prats baterian. Musika, konexio eta bizipen istorio luzea partekatzen du haiekin eta hori ondo islatuta geratzen da lan honetan: erregistro ugariko musika, kontrastez betea, hiru nortasun musikal oso adierazkor eta sendoek sortua. Momentu biziak intentsitate introspektibo eta intimoagoko uneekin txandakatzen dituen musika.

Gregory Porter

Gregory Porter (ahotsa), Chip Crawford (pianoa), Emanuel Harrold (bateria), Tivon Pennicott (saxoa), Jahmal Nichols (baxua), Ondrej Pivec (Hammond)

Gregory Porter abeslari dotorea eta sofistikatua da, ahots paregabe, boteretsu, sentsual eta erakargarri baten jabe. Porterren maisutasun bokala, bere intentsitate emozionala, generoak gainditu eta publikoarekin konektatzeko duen trebetasuna, bere figura itzela, bere estilo denboragabea... dira Gregory Porter egungo Jazzean diren abeslari onenentzat hartzeko arrazoietako batzuk.

Baritonoak, jatorriz Sacramentokoak, beka bat jaso zuen San Diego State University-n football amerikarrean jokatzeko. Aurreneko urtean, ordea, sorbaldako lesio bat izan zuen, eta horrek behartu zuen kirola uztera. Hala, harrezkero dihardu Porterrek kantuan. Bluesaren, gospelaren eta soularen eraginak jaso ditu, eta miresten dituen abeslarien artean daude Nat King Cole, Joe Williams, Donny Hathaway, Ella Fitzgerald, Marvin Gaye eta Stevie Wonder. 38 urterekin egin zuen debuta, Water (2010) diskoarekin, eta ordutik beste lau bakarkako lan argitaratu ditu, 7 izendapen eta bi sari jaso ditu Grammy sarietan, milioika disko saldu ditu eta 1.600 milioi stream baino gehiago ditu.

Gregory Porter 2013an etorri zen lehen aldiz Jazzaldira, oraindik nahiko abeslari ezezaguna zenean. Kursaaleko terrazetan emandako lehen kontzertuaz geroztik, abeslari handi honen bilakaera jarraitu ahal izan dugu, urteen poderioz gaur egun dena bihurtu arte, izar bat, XXI. mendeko Jazzaren ahotsik onenetakoa.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
Ikuskizunaren datak
Uztaila
Ostirala
Trinitate Plaza
21:00 H
Donostia-San Sebastián
Mapa erakutsi
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago