MUSIKA

JOSEBA IRAZOKI Y AMIGOS
JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK + AMORANTE
Joseba Irazoki, niretzat, urtetan eta urtetan ezagutu ditudan musikari guztien artean, harrigarrienetako bat da. Nire iritzia azaltzeko, zenbait arrazoi aipa nitzake. Gitarra-jotzaile aparta da, baina, halako batean, Xabier Montoiak animaturik, desikasten ere ikasi zuen. Absurdua dirudi, baina batek zerbait egitea lortzen duenean, ez da erraza izaten lorpen hori nonahi eta noiznahi erakusteko gogoari uko egitea. Josebak hamaika gauza egin dezake bere gitarrarekin, baina konposizioaren zerbitzuan jartzen da, jakinik ere konposatzeak beharbada ez diola aukerarik emanen bere birtuosismoa erakusteko. Joseba Irazoki musikari urduria ere bada. Ipurtarina esan behar nuen, baina adjektibo horrek ez du bere izaera ongi adierazten. Joseba musikari urduria dela diot, beti zerbaiten bila dabilela dirudielako. Esanen didazue hori musikari anitzen ezaugarria dela, baina berak oso modu partikularrean sentiarazten du ideia hori. Ikusiko duzu nola doan toki batetik bestera, seguru izanik aurkituko duela leku interesgarri bat bertan denboraldi batez gelditzeko. Ez nuke esanen horrek zerikusirik duenik inon pozik egon ezinarekin. Iruditzen zait Josebak disfrutatu egiten duela bide berriak ikertuz. Izan ere, Joseba Irazoki musikari lasaia ere bada. Ematen du ez dela sekula erabat konforme bere lanaren emaitzarekin, baina, aldi berean, ez du perfekzionismoa bilatzen. Uneren batean pentsaraziko dizu zalantzatan dagoela, ez dagoela ziur, baina segituan aitortuko dizu kontent dagoela. Eszenatokiaren gainean ikusten duzunean, erraza da ikustea zein urduria eta zein lasaia den. Zoragarria da aldi berean bi izaera horien jabe izatea eta bi ezaugarriak hain ongi batzea bere ekimenaren emaitza lortzeko. Esan dut hasieran Joseba Irazoki musikari harrigarria dela. Joseba Irazoki musikari arrunt eskuzabala ere bada, beti bere baitan duen hoberena ematen baitu, hala Atom Rhumba-rekin jotzean nola Duncan Dhu-rekin edo Nacho Vegas-ekin ari denean. Kolaborazio horietako bakoitzean, ikusten duzu Joseba bat, denetan berbera, eta aldi berean beste Joseba bat oso bestelakoa, berezia. Apustu eginen nuke Irazoki honek ezintasun nabaria duela automatismoan erortzeko, nahiz eta jardun hau bere lanbidea izan. Ez dut uste burutik pasatu ere egiten zaionik zerbait errepikatu egin dezakeela. Ez dago misteriorik: ez daki pilotu automatikoa jartzen. Joseba Irazoki eta lagunak ekimena orain dela urte eta erdi sortu zen, Lugaritzeko Kultur Etxeak egindako proposamen batetik. Iradoki zioten ea kontzertu bat eginen ote zuen beste musikari batzuekin batera. Garai hartan bakarka ari zen, one man band formatuan. Kontzertua hagitz ongi atera zen, eta aprobetxatu zuen kanta berri batzuk bertan probatzeko. Pentsatu zuen musikari haiekin egindako disko batek harrera ona izan zezakeela; eta lanean hasi zen. Album honetako kantak, berez, gehienbat riff gisara jaio ziren. Josebak talde-soinua izanen zuen zerbait egin nahi zuen, Euskal Herrian beste talde batzuk (Gora Japon, Jupiter Jon edo Borrokan, adibidez) egiten ari zirenaren antzekoa .

Segur aski asko interesatuko zaizu...
Nekaezina. Bizkaiko boskotea benetako instituzio eta erreferentzia bihurtu da musikar... (gehiago irakurri)
BILBAO
Sorginkeriari buruzko erreferentziak testuetan, panderoa eta dantza. Hori da Neomak t... (gehiago irakurri)
BILBAO
EGOk (Euskal Herriko Gazte Orkestra) Txaikovskiren 5. Sinfonia eta C. Saint Saënsen D... (gehiago irakurri)
TOLOSA
Zahara (María Zahara Gordillo, Jaen, 1983) berri ona izan zen espainierazko pop-rocka... (gehiago irakurri)
DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN
Olaia Inziartek 2025ari agur esango dio Victoria Eugenia Antzokian eskainiko duen kon... (gehiago irakurri)
DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago