David Murray (saxo tenorra, klarinetea), Marta Sanchez (pianoa), Luke Stewart (kontrabaxua), Russell Carter (bateria)
David Murray berrogeita hamar urte luzez aritu da Jazz modernoaren soinuari forma ematen: ausarta, sortzailea, tradizioan errotua, eta betiere mugak gainditzen.
1975ean New Yorkera iritsi zenetik, Jazz saxofonista eta lider handietako bat bilakatu zen David Murray. Bere izenpean 200 album baino gehiago argitaratu ditu, hainbat artistarekin elkarlanean, tartean Max Roach, Randy Weston, Pharoah Sanders, McCoy Tyner, Taj Mahal, Mal Waldron, Amiri Baraka, Jerry Garcia, Doudou N?daye Rose, Cassandra Wilson, Jason Moran, Macy Gray, Omara Portuondo, Saul Williams, Vijay Iyer, Quest Love, Black Thought eta Gregory Porter. World Saxophone Quartet berritzailearen sortzaileetako bat da gainera; taldea 40 urtez aritu da birak eta grabazioak egiten.
Orain, 70 urterekin, beste urratsa bat eman du birtuosismoa eta sormena uztartzen dituen bere oraingo laukotearekin: Marta Sanchez pianoan, Luke Stewart kontrabaxuan eta Russell Carter baterian, kritikak goraipatutako talentu gazteen goraldian laguntzen.
Laukote honen lehen diskoak, Francescak (2024), erakutsi zuenez, Murray ez da bertan gozo gelditzen denetakoa. Kritikaren goraipamenak jaso zituen, urteko Jazz diskorik onenen artean kokatuta (The New York Times, Downbeat, Jazzwise, Slate eta beste asko) eta saxofonista mitikoaren sormenak bizi-bizi jarraitzen duela nabarmenduta.
Orain, taldea lan berri batekin bueltatu da: Birdly Serenade (2025). Van Gelder Studio mitikoan grabatua, Coltraneren urratsei segituz, albumak txoriak eta mundu naturala ditu inspirazio-iturri.
Kritikariak, aho batez, bat datoz David Murray bere ibilbidearen gailurrean dagoela esatean:
- "David Murray legenda bueltan da jenioez osatutako hurrengo belaunaldiarekin". (Washington Post)
- "Murray beraren muina nabaritzen da emaitzan". (The New York Times)
- "David Murray magiaren jabe dela erakusten du Francescak". (Slate)
- "Bakarlari zorrotz eta erreprimiezina, bere egunik onenetan bezain sortzaile eta inspiratua, baina oraingoan heldutasunez inguratuta". (El País)
- "David Murrayren estatusa berresten duen album bikoitza, egungo figura nabarmenetakoa, denbora luzez mundu eta belaunaldi desberdinen arteko zubi izan dena". (Libération)
- "Konposiziorako duen trebetasuna bere gailurrean". (Jazzwisemagazine)
- "Ideien eta espirituaren arteko lankidetza zoragarria". (NPR)
- "Heroiaren itzulera". (Musicajazz)
Joe Lovano ? Julian Lage: Paramount QuartetJoe Lovano (saxo-jotzailea), Julian Lage (gitarra-jotzailea), Santi Debriano (kontrabaxu-jotzailea), Will Calhoun (bateria-jotzailea)
Paramount Quartet taldea jazzaren esparruko lau superizarrez osatuta dago. Hutsik egin ezin duen konbinazioa da: Lovano maisua eta haren saxo aparta, soinu berokoa eta fraseatze jariakorrekoa; Julian Lage eta haren gitarra dotorea eta argitasun harrigarrikoa; Santi Debriano eta haren kontrabaxu erritmiko eta sakona, eragin afrolatindarrekoa; eta Will Calhoun eta haren bateria, indar handikoa eta ñabarduretan aberatsa.
Joe LovanoJoe Lovano saxofoi-jotzailea funtsezko figura da jazz garaikidean, eta haren ibilbidearen ezaugarri bereizgarria sonoritate berrien etengabeko bilaketa da. Joe Lovano 1952an jaio zen Clevelanden. Tony "Big T" Lovano aitarekin ikasi zuen saxoa jotzen, eta Bostongo Berklee College izenekoan osatu zituen ikasketak. Bertan, honoris causa doktoregoa jaso zuen. Lovano, halaber, irakaslea izan da ospe handiko zenbait erakundetan, hala nola New Yorkeko Unibertsitatean, Juilliard eskolan eta Manhattan School of Music izenekoan.
1973an hasi zuen bere ibilbidea Las Vegasen, Tom Jonesekin batera. Geroago, Lonnie Smithen taldean sartu zen eta, azkenik, New Yorkera joan zen. Bertan, lehenik eta behin estudioko musikari-lanetan aritu zen, George Bensonen disko baterako. Horrelaxe hasi zen azken hamarkadetako saxofoi-jotzailerik onenetako bat den Lovanoren ibilbidea. Oso artista emankorra da, eta musikaririk handienek harekin lan egin nahi izan dute. Haien artean, honako hauek aipa daitezke: Woody Herman, Dr. Lonnie Smith, Mel Lewis, Bob Brookmeyer, Paul Motian, Carla Bley, Bill Frisell, Ernico Rava, Jacob Bro, Tony Bennett, Abbey Lincoln, Charlie Haden, John Scofield, Gunther Schuller, Elvin Jones, McCoy Tyner, Ed Blackwell, Herbie Hancock, Dave Holland, Hank Jones, Dave Liebman, Michael Brecker, Dave Douglas, Judi Silvano, Ravi Coltrane, Chucho Valdés, Ornette Coleman, Diana Krall eta beste asko.
Julian LageJulian Lage bere belaunaldiko gitarra-jotzailerik bikainenetakotzat hartu da, teknika miresgarria eta Estatu Batuetako musika-tradizio osora irekitako irudimena uztartzen dituena. New Yorken bizi den artista kaliforniarrak karrera aldakorra eta pertsonala eraiki du. Figura handiekin lan egin du (hala nola Gary Burton eta John Zorn-ekin), eta bikoteak osatu ditu Nels Cline, Chris Eldridge eta Fred Hersch-ekin, besteak beste. Haren obraren ezaugarri nagusiak dotoretasuna, argitasun melodikoa eta esplorazio-espiritua dira. Haiei esker, Lage egungo inprobisatzailerik miretsienetako bat da.
Santi DebrianoSanti Debriano moldakortasun sakoneko baxu-jotzailea eta konpositorea da. Panaman jaio zen, eta New Yorken garatu du bere ibilbidea. Bertan, jazzaren funtsezko figura bihurtu da. Bere proiektu propioak zuzentzen ditu, oso kolaboratzaile estimatua da, eta nazioarteko jaialdi nagusietan aritu da. Haren taldeak, Arkestra Bembé izenekoak, haren musika definitzen duten eraginen nahasketa islatzen du: jazz-harmoniak, Panamako erritmoak eta Afrikako tradizioarekiko konexioa. Debrianoren erreferentzien artean, Duke Ellington, Charles Mingus, Ornette Coleman, Cachao eta Dave Holland aipa daitezke.
Will CalhounWill Calhounek, bi Grammy® sariren irabazleak eta mundu osoan Living Colour taldeko bateria-jotzaile gisa ezagunak, generoak gainditzen dituen ibilbidea egin du. Pharoah Sanders, Wayne Shorter, McCoy Tyner, Lauryn Hill eta Public Enemy-rekin lan egin du, eta, aldi berean, perkusioaren Afrikako sustraiak ikertu ditu sakon-sakonean. Klima-aldaketaren inguruko ekimen komunitarioetan eta diziplina anitzeko proiektuetan ere aktibo jardun du, eta bere sormen-esparrua elektronikara, munduko musikara eta, berrikiago, ikusmen-arteetara zabaltzen ari da.

