Charles Tolliver (tronpeta, zuzendaritza), Camille Thurman (saxo tenorra, ahotsa), Darrell Green (bateria), Antonio Faraò (pianoa), Chris Dahlgren (kontrabaxua), Musikene Big Band
Autodidakta, birtuosoa eta jazz afro-amerikarraren funtsarekin sakonean konprometitua, Charles Tolliver gure aroko tronpeta-jotzaile, konpositore eta moldatzailerik handienetako bat da, sei hamarkadatik gorako ibilbidean John Coltraneren herentziari eta haren Africa/Brass (1961) diskoaren soinuari eusten jakin duen musikaria.
60ko hamarkadan, Tolliverrek musikari gogoangarriekin lan egin zuen, hala nola Jackie McLean, Art Blakey eta Sonny Rollinsekin. Halaber, Gerald Wilsonen orkestran jo zuen Roy Ayersekin batera, eta Max Roachen boskoteko kidea izan zen. Harekin, Members Don?t Get Weary (1968) diskoa grabatu zuen. Ondoren, Music Inc. laukotea sortu zuen Stanley Cowellekin batera, eta harekin, halaber, Strata-East Records sortu zuen, jazzaren historian eraginik handiena izan duten konpainia independenteetako bat, post-bop izenekoaren eta 70eko hamarkadako abangoardiaren bereizgarria.
Sortzeko duen independentzia-espirituari jarraikiz, Tolliverrek ibilbide luzea egin du talde handien buru gisa, energia, sofistikazioa eta arriskua uztartuz. Jazzeko big band onenaren Grammy saria jasotzeko izendatu zuten With Love (2007) diskoa eta Emperor March: Live at the Blue Note (2009) izenekoa Tolliverrek orkestra-lengoaian duen erabateko nagusitasuna berresten duten bi lan dira.
2026. urtean, John Coltranek 100 urte beteko zituzkeen, eta horren oroitzapena egiteko, Tolliverrek Africa/Brass (1961) birformulatu eta berrinterpretatu du. Disko hori jazzaren historiako musikaririk onenetako baten maisulanetako bat da. Tolliverrekin batera, 4 musikari bikain eta big band bat arituko dira: Camille Thurman saxofoi-jotzaile eta kantari bikaina, Darrell Green bateria-jotzailea, indar handikoa, Antonio Faraó piano-jotzailea eta haren birtuosismoa eta gainezka egiten duen sormena, Chris Dahlgren kontrabaxu-jotzailearen sakontasuna eta adierazkortasuna, eta Musikene Big Band izenekoa osatzen duten etorkizun handiko ikasleen energia eta egiten jakitea.
Jazz garaikideko etorkizun-senik handienekoen artean dagoen eta John Coltraneri omenaldia egingo dion musikari batez gozatzeko aukera paregabea. Kontzertu aparta eta errepikaezina.
Marcus Miller: We Want Miles!Marcus Miller (baxua, klarinete baxua), Mike Stern (gitarra), Bill Evans (saxoa), Mino Cinelu (perkusioa), Russell Gunn (tronpeta), Brett Williams (teklatuak), Anwar Marshall (bateria)
We Want Miles! proiektuak 1981ean Japonian grabatutako We Want Miles! zuzeneko album enblematikoaren piezetako batzuk bilduko ditu, Milesen katalogo famatuaren hainbat konposiziorekin batera, 50 eta 60ko hamarkadetatik 80ko hamarkadaren amaierara artekoak.
Marcus Miller gure garaiko artista garrantzitsuenetako bat da. Bere ibilbide luze eta arrakastatsuan sari ugari irabazi ditu: bi Grammy; Edison saria, Jazzari eskainitako bizitza osoari, eta Victoire du Jazz saria. Gainera, 2013an, UNESCOren Bakearen aldeko Artista izendatu zuten. Bere baxu-soinu berezia Bill Witherren «Just The Two Of Us» eta Luther Vandrossen «Never Too Much» abestietan entzun daiteke. Bere ibilbidean zehar artista handiekin kolaboratu izan du, tartean Chaka Khan, David Sanborn, Herbie Hancock, Eric Clapton, Aretha Franklin, George Benson, Elton John, Bryan Ferry, baita kontzertu honetan omenaldia egiten zaion Miles Davis berarekin ere.
Millerrek, Miles Davisen bandarekin urtetan biran aritu ondoren, harreman profesional eta pertsonal estua izan zuen harekin. Hala, adiskidetasun horrek eraman zuen kritikak goraipatutako hainbat diskotan Miles Davisekin kolaboratzera, baxuan izan ezik, haren azken bi diskoetako ekoizle eta konpositore gisa ere: Tutu (1985) eta Amandla (1989).
Trinitate plazan publikoa gozatzeko irrikan dagoen bidaia musikalari buruz, Millerrek hau dio: «Noski, Milesen ibilbideko garai garrantzitsu guztietako musika joko dugu, baina musikari bikain hauek Miles etorkizunera eramateko eta Milesek jotzea estimatuko zukeen beste gauza batzuk esploratzeko baliatuko ditut». Azken finean, adierazi du Millerrek, «Miles ez zen inoiz izan atzera begiratzen zuenetakoa; aurretik zeukanari erreparatzen zion beti».
Bandako beste hiru kide ere Miles Davisen taldeko kide izan ziren: Mike Stern, Bill Evans eta Mino Cinelu. Hirurek lagundu zuten Milesen ia 6 urteko geldialdi musikalari azkena ematen eta hura animatzen Jazza berriz ere jotzera eta konposatzera, funk, pop eta sintetizadoreen eragin nabariagoa zuen estiloarekin. Izan ere, hirurek, Marcus Millerrekin batera, parte hartu zuten 61. Jazzaldian ikusiko dugun kontzertuari izenburua ematen dion zuzeneko diskoan: We Want Miles (1982)
Jazzaren eta musikaren beraren historiako figura gailenetako bati egingo zaion omenaldi zirraragarria izango da We Want Miles! Miles Davisek utzitako ondareari eta itzal handiari eskainia.

