BASCOLOMBIA proiektuan Oreka Tx eta Phonoclórica taldeek euskal eta kolonbiar musika uztartzen dituzte, hurrenez hurren, antzeko sustraietatik eta ikuspuntu garaikide batetik. 2024an Oreka TX-eko txalapartariek eta Leonel Merchán marinbista eta Phonoclóricako liderrak egonaldi artistiko bat egin zuten proiektuaren lehen urratsak emateko. Une honetan, bi taldeak zuzeneko honen sorkuntzan murgilduta daude.
Oreka TX Harkaitz Mtz. de San Vicentek eta Igor Otxoak sortu zuten 1997an, eta ordutik etengabe ari dira instrumentu honek eskaintzen dituen aukerak ikertu eta hedatzen, eta bere musikaltasunarekin eta bere eraikuntza-materialekin esperimentatzen (jatorrizko zurarekin, baita harri, teila, banbu… eta izotzarekin ere!) instrumentu zoragarri honekin gozatu eta gozarazteko.
Bost kontinenteetan zehar aurkeztu dituzte beren lanak, eta publikoa eta kritika espezializatua konkistatu dituzte, instrumentuaren ikusgarritasunari eta bandaren energiari esker. Oreka TX taldearentzat plazer handiena txalaparta eta euskal kulturarekiko grina munduarekin partekatzea da.
Phonoclórica Kolonbiako tradizioaren oihartzun futurista da, munduko tribu kosmopoliten ahotsak eta dantza biltzen dituena. Pazifikoko txontazko marinban eta Karibeko danborretan inspiratuta, eskualdeko jakintzak eta erritmoak eta kaleko beats elektronikoak uztartzen dituen soinua sortu dute. Musika afrokolonbiar eta afrolatinoen ikuspegi berezia islatzen du talde honen musikak.
17 urteko ibilbidearekin, Phonoclórica taldeak sari ugari jaso ditu, hainbat herrialde eta jaialditan aritu da.
Oreka TX:
Harkaitz Mtez. de San Vicente eta Mikel Ugarte: Zurezko, harrizko, banbuzko txalaparta, bidoia
Ángel Unzu: Gitarra
Iñigo Egia: Perkusioa
Mixel Ducau: Alboka, zurezko klarinetea, saxo sopranoa
Phonoclórica:
Leonel Merchán: Txontazko marinba, ahotsa
Leonardo Peña: Perkusioa
Isabel Reyes: Ahotsa, haziak
Segur aski asko interesatuko zaizu...