Datorren abenduaren 20an, Donostian, Marcat Dance konpainiaren Averno ikuskizuna iritsiko da. Ikuskizun horrek sari ugari jaso ditu Espainian, besteak beste, “Koreografia Onena”, “Dantza Ikuskizun Onena” eta “Gizonezko Interpreterik Onena” 2025 Lorca Sarietan, baita Talía Sarietan eta Sevillako Agertokietan ere. Mario Bermúdez koreografo eta interpretearen zuzendaritzapean, Avernok publikoa bidaia sentsorial batera gonbidatzen du, non norbanakoaren eta kolektiboaren arteko dualtasuna esploratzen den, eta non interprete bakoitzak bere barne itzalak, bere beldurrak eta ahuleziak aurrez aurre jartzen dituen, barne askatasunaren errekonkista prozesu batean.
Danteren Infernua eta iniziazio-bidaien sinbologia ditu inspirazio-iturri Avernok, eta zazpi interprete aurkeztuko dizkigu. Lengoaia fisiko bizi eta emozionalki sakonaren bidez, beren ni intuitiboena eta animaliena bilatzen dute. Zazpi gorputz horiek ispilu eta paisaia bihurtzen dira, batasun eta kontzientzia partekatuaren indarra islatuz, eta askatasuna lekurik ilunenetan ere aurki daitekeela erakutsiz. Mamen B. Gilen argiztapenak, Moises Nietoren jantziak, Jose Pablo Poloren musikak eta Isabel Vazquezen dramaturgiak osatzen dute proposamena, esperientzia eszeniko paregabea sendotuz.
2016an Vilchesen (Jaen) sortu zenetik, Marcat Dance-k bere dantza garaikidea nazioarteko eszenatokietara eraman du eta tailerrak eta egonaldiak eskaini ditu Ekialde Ertainean, Europan, Asian eta Amerikan. Gorputzaren fisikotasuna etengabe ikertzen du, eta hainbat kultura, erritu eta paisaia arakatzen ditu. Horrek izaera unibertsala eta guztiz emozionala ematen die bere lanei.
Intentsitatea eta sentsibilitatea
Bermudez koreografo sarituak bere denbora partekatzen du ikuskizunen sorkuntzaren, irakaskuntzaren eta nazioarteko konpainientzako enkarguen artean, sormen arriskua, intentsitatea eta sentsibilitatea uztartzen dituen lengoaia propioa sendotuz. Catherine Coury zuzendarikide artistikoarekin batera, Averno ikerketa koreografikoko urteen gailurra da, eta Marcat Dance Espainiako dantza garaikideko konpainia nabarmenetako bat dela erakusten du, edozein publiko hunkitzeko, kezkatzeko eta liluratzeko gai dena.
Averno-rekin, Marcat Dance-k ez du soilik ikuskizun bat eskaintzen: bidaia eraldatzaile bat proposatzen du, giza emozioetan murgiltzea eta askatasunari, komunitatearen indarrari eta norbere buruarekiko konfrontazioari buruzko hausnarketa bat. Donostia esperientzia honen lekuko izango da Victoria Eugenia Antzokian, non dantza ispilu, paisaia eta izakiaren esentziaranzko bidaia bilakatzen den.

